EITBk eta Guaixe fundazioa kide den TOKIKOMek, euskarazko tokiko hedabideen bateraguneak, Saretzen proiektua jarri dugu abian, elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko. Egitasmoaren helburua da datu kazetaritza elkarrekin eta elkarlanean lantzea, BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren Local News Partnership ereduari jarraituz.
Elkarlan horren lehen emaitza EITBren eta TOKIKOMen medioetan bihar, asteartea, kaleratuko da. Hego Euskal Herriko demografia aztertuko dugu, eta gai zehatz hori landuko dugu bai EITBko eta bai TOKIKOMeko medioek, nork bere esparruari, ezaugarriei eta eremuari egokituta. Zehazki, 2001-2021 urte bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landuko ditugu, Eustat eta Nastat iturri hartuta. Azken 20 urteotako populazioaren bilakaera aztertzeaz aparte, gizartearen erradiografia egingo dugu, biztanle kopuruari, zaharkitzen doan gizarteari eta jaiotza tasari erreparatuta. Eskualdez eskualde emandako fenomenoetan jarriko dute arreta, eta udalerriak ere aztergai izango ditugu, datuak eskualde, hiri zein herrietako errealitateetatik aztertuta. Hain juxtu ere, hori izango da Saretzen proiektuaren ezaugarri nagusia: datuak modu bateratuan bildu ondoren, horien lanketa zehatza hedabide bakoitzaren esparrura egokituko da.
Bi hedabide taldeetako kazetariak Astigarragako alkatea elkarrizketatzen.
Eredua
2021eko azaroan Komunitatea Josten jardunaldiak antolatu zituen TOKIKOMek, TOKIKOM sari banaketari lotuta, eta hainbat kasu praktiko aurkeztu zituzten bertan, tartean orain oinarri bezala hartutako Local News Partnership proiektua. BBCren eta Erresuma Batuko dozenaka tokiko hedabideren artean osatutako proiektua da Local News Partnership, Matthew Barraclough egitasmoaren zuzendariak jardunaldiotan azaldu zuenez.
Lankidetza-hitzarmena
EITBk eta TOKIKOMek sinatutako lankidetza akordioaren emaitza da Saretzen, eta aliantza horri jarraituz, asmoa da aurrerantzean beste hainbat tematika ere elkarlanean lantzea. Hain zuzen ere, euskal komunikazio esparrua garatzea eta trinkotzea da sinatutako hitzarmenaren xedea, biztanleriaren informazio beharrizanak asetzeko eta, bide horretan, tokiko eta nazio esparruko hedabideen arteko elkarlan eredu bat lantzeko.
Euskaraz sortutako kalitatezko eduki lehiakorrekin Euskal Herriko agendan eragitea ere helburutzat jo du akordioak eta, horri lotuta, eraginkorrak izateko aldaketa teknologikoak eskaintzen dituen aukerak aztertzea eta baliatzea, besteak beste, honako alorretan: prestakuntza, Internet bidezko telebista, datu kazetaritzaren lanketa eta dataren ustiapen egokia eta bateratua… Etorkizuneko ikus-entzunezko ereduaren inguruko hausnarketaren erronka ere jasotzen du EITBren eta TOKIKOM sarearen arteko hitzarmen berriak.
Protagonistak
EITB hedabideak dituen ikus-entzunezko talde publikoa da Euskadin. Zerbitzu publiko honen helburua da euskal gizartearen eskaerei erantzutea, informazio, dibulgazio eta entretenimenduko ikus-entzunezko eskaintza anitz, erakargarri eta kalitatezkoarekin, euskal kultura eta hizkuntza sustatuz eta egungo ikus-entzunezko ekosisteman euskara normalizatzen, erabiltzen eta hedatzen lagunduz.
TOKIKOM euskarazko 76 toki hedabidek osatutako sarea da. 2012an sortu zen eta ondoko zereginak ditu: toki komunikabideen solaskidetza bateratua beste eragile publiko zein pribatuen aurrean; jarduera esparru komunen kudeaketa: publizitatea, presentzia digitala, kudeaketa, erosketak...; eta sektorearen garapena eta hedapena errazteko konbergentzia estrategiak diseinatzea. Gaur egun, 28 bazkide ditu, orotara 76 komunikabide kudeatzen dituztenak, euskarri guztietan: papera, irratia, telebista eta digitala.