Saretzen

"Praktikak egin eta ondoren denda zabaldu nuen"

Guaixe 2023ko api. 5a, 08:35

Moaeed Muhammad Next Movil dendan.

Next Movil dendako jabea da Moaeed Muhammad.

Altsasuarrak 29 urte ditu eta Pakistango Punjab probintzian jaio zen, Gujrat hirian; Kaxmir eta Indiako mugan. 

Nolaz bukatu zenuen Altsasun? 
Aita etorkizun hobe baten bila atera zen. Garai haietan Europara iristen ziren moduan sartu zen. Hemen bere egoera erregularizatu zuen. Ondoren familia berriz elkartzeko prozesua egin zuen eta familia guztia etorri ginen. 

Altsasura?
Logroñora iritsi ginen. Aitak Lakuntzan lan egiten zuen eta Logroñotik etortzen zen. Hemen pisua opatu eta Altsasura bizitzera etorri ginen. Logroñon urte edo urte eta erdi egon ginen. 13 urterekin iritsi nintzen, beraz, bizi erdia baino gehiago hemen daramat. 

Familia berriz elkartzeko tramiteek luze jotzen dute. 
Aita hemen eta gu Pakistanen. Beti aitaren hutsunea sentitzen genuen, zeren bere oporretako 15 edo 20 egun besterik ez zen joaten gu bisitatzera. Luzea izan zen, tramite ugari daudelako, paper asko... Familia berriro elkartzerako bizpahiru urte pasa ziren. Eman zizkiguten paperak eta bidaiatu eta etortzeko aukera izan genuen. Dena berria izan zen guretako, ez genekien hizkuntza, ez genuen inor ezagutzen. Nahiz eta Logroñon gure nazionalitateko jendea zegoen eta haiekin gure hizkuntzan hitz egin genezakeen. Dena aldaketa izan zen. 

Ikasketak, zer?
Urte eta erdian gaztelania ikasi nuen, defendatzeko moduan, baina ezin nuen inorekin elkarrizketa bat izan. Iritsi nintzenean ez nekien gaztelaniarik eta ez nuen hemen kuadrillarik; Altsasura iritsi ginen aurreneko pakistandarrak ginen. Edozeinekin hitz egin beharra nuen, eta gaztelania ikastea beste erremediorik ez nuen. Institutuan egon nintzen, baina hizkuntza falta nuenez, ezin nuen ikasturtea gainditu. Lanbide Heziketa edo zerbait egiteko esan zidaten. Goierrira joan eta bi urtez mekanika ikasi nuen eta elektromekanikako erdi mailako gradua egin nuen ere. Elektrizitatea gehiago gustatzen zitzaidan. Nahikoa gaztelania ikasi nuen eta jende aurrean lan egitean are gehiago ikasi dut. 

Zuk zabaldu zenuen denda hau? 
Lehenik Agricola Sakanan praktikak egin nituen eta, ondoren, kontratatuta ia hamar hilabetez lanean egon nintzen. Aitak Foru plazako kebab-a muntatu zuen eta hura hartzea eskaini zidan. Ez nekien autonomo izatea zer zen. “Aukera hori duzu”, esan zidan aitak. Azkenean, ausartu, autonomo egin eta kebab-a zabaltzea erabaki nuen. Pitteka-pitteka, ongi joan zen. Asteburuak ziren, lan desberdina zen. Ikasitakoarekin lotura zuen zerbait behar nuen, eta han lanean nengoen bitartean informatika ikasi nuen. Ikasi nuen, baina praktika falta nuen. Praktikak egin eta ondoren denda zabaldu nuen. 

Noiz zabaldu zenuen Next Movil?
2016an. Duela zazpi urte. 

Kebab-a eta denda zabaltzeko laguntza edo aholkularitzarik jaso zenuen? 
Inork ez zidan aholkurik eman. Hartutako kolpeen bidez ikasi nuen. Ez nekien zer ziren BEZak, Gizarte Segurantza, zer da? Baimenak eta beste... Ez nekien autonomo izatea zer zen ere. Ezer ezen ideiarik ez nuen hasi nintzenean. Dena pitteka-pitteka ikasi behar izan nuen. Kudeatzaileei galdetuz ikasi nuen. Haiek guztia egiten zuten, baina nik ez nuen ezer ulertzen. Niri giltza eman eta esan zidaten: honek funtzionatu beharra du. Banekien aurrera egin beharra nuela. 

Dendan zer eskaintzen duzu?
Mugikorrak, ordenagailu eramangarriak eta tabletak konpontzeko zerbitzua eta denetarik saltzen dut. Giltza baten botoia hautsiarekin etortzen bazaizkit soldatzeko eskatuz, uzteko eskatzen diot... saldu baino laguntzen, zerbitzua eskaintzen saiatzen naiz. Herri batean gaude eta tontakeria horregatik jendea ez dadila Iruñera edo beste nonbaitera joan. Ahal bada, konpontzen edo zerbitzua eskaintzen saiatzen gara, bezeroa pozik uzteko. 

Dendan bakarrik zaude?
Anaiak eta Jenik nirekin lan egiten dute. Nik konponketa lanak egiten ditut eta jendea hartzen dut. Jeni ere jendearekin aritzen da. Nire anaia gor-mutua da eta berak konponketak egiten ditu, teknikoa da, uneoro konponketak egiten ari dena. 

Lana eta familia bizitza kontziliatzeko, zer moduz? 
Orain ia herriko gainontzekoen antzeko ordutegia dut. Logikoki, ateak zabalik lanean ordu asko egiten badituzu, atsedena hartu beharra duzu ondoren ongi lan egin ahal izateko. Zeren etenaldirik egiten ez baduzu, lehertuta bukatzen duzu edo zerbitzu txarra emanen duzu gehiago ezin duzulako. Larunbat goizetan zabaldu baina gainontzeko asteburua jai hartzen dugu. Agian ezin dut oporretan hilabete osoa joan, edo hamabost egun segidan, ados, baina familiari denbora eskaini diezaioket. 

Zer moduz bezeroekin?
Ongi. Orokorrean, jendearekin oso pozik. Erlazioa, adiskidetasuna da gehiago. Guztiak ezagutzen dituzu, atetik sartzean badakizu zer nahi duten.