Josefina Arregi klinikako ospitaleak 31 ohe izanen ditu

Guaixe 2023ko api. 17a, 09:32

Ezkerretik eskuinera Angel Gardachal, Vicente Madoz, Joseba Arregi, Santos Indurain, Carlos Artundo eta Gregorio Atxutegi. UTZITAKOA

Josefina Arregi klinikako ospitalea handitu eginen da eta gaur egun baino 10 ohe gehiago izanen ditu, guztiak kontzertatuta. Klinikako arduradunek Nafarroako Gobernurekin hitzarmena legegintzaldi hasieran sinatzeko konpromisoa itxi dute.

Joseba Arregi Pabollet Josefina Arregi klinika kudeatzen duen  Felipe Lezea fundazioko presidentearendako ospitale gunea handitzea "klinikarendako inflexio puntua" izanen da, "ez bakarrik klinikarendako, Sakana osorako, profesionalendako, kulturarako, lan arlorako... Klinikak dagoeneko duen erreferentzialtasuna indartuko du ospitalea handitzeak". Fundazioko ordezkariak Osasunbidearekin hitzarmen berria negoziatzen luze daramate. Haien asmoa zen hitzarmen berezia legegintzaldi honetan sinatzea, baina ez dute lortu. Hala ere, Osasun Departamentuko ordezkariekin atzo egindako bileran hitzarmena hurrengo legegintzaldi hasieran sinatzea adostu zuten. Horretarako konpromisoa hartu zuen Santos Indurain Orduña kontseilariak, "lotuta gelditu da". Horrekin ados daude egungo Nafarroako Gobernuari eusten dioten alderdi eta koalizio guztiak. Bai haiek bai klinikak "gizartean beharra ikusten dugulako, gizartea gero eta zaharragoa da". 

Klinikako kudeatzaile Angel Gardachal Ausejok azaldu duenez, "departamentuaren eskaera eta konpromisoa izatea albiste ona da. Handitzeak zerbitzuaren kalitatea hobetu eta gaixo psikogeriatrikoen itxaron zerrenda murrizten lagunduko du. 30 urtetan egin dugun lanerako pizgarria eta errefortzua da departamentuaren babes hori". 

Arregik azaldu duenez, "hitzarmena sinatu ondoren hasiko dira lanak. Gu irabazi asmorik gabeko fundazioa gara eta bestela ezin dugulako. Orain finantziazioa lotzen ari gara". Presidenteak azaldu duenez, ospitalea beilatokiaren atzean, ekialderantz handiko dute. Eraikin berriak 900 edo 1000 m2-ko azalera izanen du eta hura jasotzera 1,5 milioi euro baino gehiago bideratuko dira. Langileekin elkarlanean ari dira ospitale berria izanen dena lantzen. Hitzarmenaren sinadura dataren arabera hasiko dira obrak, baina klinikak guztia prest du urte akaberan izan dadin. Lanek urte pasa iraunen dute, baina ospitalea ez da itxiko. 

Eguneko zentroa
Klinikak ospitaleaz aparte, kanpo kontsultak, etxez etxeko zerbitzuak eta eguneko zentroa ditu besteak beste. Azken horren espazioa 115 m2-tan handitzeko lanak hilaren akaberan hasiko direla jakinarazi du Arregik. "Lanak irauten duten bitartean erabiltzaileak Otadiako Kristo Deuna aterpetxean egonen dira", jakinarazi du presidenteak. Lan horien bitartez eguneko zentroa handitzeaz aparte, hura guztiz eraberrituko dute. "Eraikina beste modu batera antolatuko da, erakargarriagoa eta erosoagoa izanen da bai langileendako bai erabiltzaileendako. Eguneko zentroa polita eta modernoa izanen da", esan du Arregik, eta jakinarazi du lanak azarorako despedituko dituztela. 

Zentroa egiteko lanek 350.000 euroko aurrekontua dute. Gizarte Eskubideen Departamentuak 120.000 euroko dirulaguntza eman du. Aurrekontua osatzeko klinikak 75.000 euro biltzeko kanpaina abiatu zuen abenduan. Presidenteak esan duenez, "Sakanako eta Nafarroako gizarteek erantzun polita eman dute. Bilketa martxa onean doa. Ez dugu nahi genuena lortu, baina guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, proiektuak aurrera eginen duelako". Crowdfunding edo Internet bidezko diru bilketan ekarpenak egiteko azken eguna gaur da. Horretarako, https://labur.eus/rOLPu webgunean sartu besterik ez dago. Bestela, osasun zentroaren aldeko diru ekarpenak web orriaren bidez edo klinikako lagunen elkartearen bidez egiteko aukera dago. Horretaz aparte, Altsasuko Dendari Elkarteak klinikaren egitasmoarekin bat egin eta kide diren establezimenduetan klinikaren alde dirua biltzeko ontziak jarri dituzte.