Burunda frontoiaren eta Iortia kultur gunearen artean itxura hartu du Altsasuko Udala eraikitzen ari den estalpea. Egur laminatuzko piezak lotzen, garabiaz jasotzen eta behar zen tokian jartzen aurreko hiru asteak eman dituzte langileek. Ostiralean egurrari inprimazioa ematen hasi ziren, txuriz margotuko baitute ondoren. Teiladura eta argiteria jartzea faltako litzateke ondoren. Lanak abenduaren 20an hasi zituen Construcciones Lacunza SM enpresak, 473.195,1 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute, Nafarroako Gobernuak 300.000 euroko dirulaguntza eman du. Udalak jakinarazi duenez, lanak maiatza akaberan bukatuko dira.