Maiatzaren 5etik 7ra arte Alde Zaharreko Euskal Festak ospatuko dituzte Altsasuko Alde Zaharrean eta egitarauaren barruan seigarren eLe festa dago. Altsasuko Foru plaza, 12:00etatik aurrera, mintzodromo bat bihurtuko da, hau da, jende euskalduna ezagutzeko eta euskara hitz egiteko espazio segurua. Parte hartzaileak taldeka jarriko dira eta denbora tarte batez gai baten ingurua hitz egiten ariko dira. Bertsolariek eginen dute gai jartzaile papera. Amaieran, parte hartzaileendako auzatea eta Pantxika Lamurren emanaldia izanen dira. Ekimena Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, AEKak eta Guaixe Fundazioak antolatu dute. Eguraldi txarrarekin eLe festa Iortia kultur gunean eginen dute.