Sunsundeguik eta Volvok elkarrekin lan eginen dute

Guaixe 2023ko mai. 4a, 12:04

Sunsudeguiren lantegiaren ikuspegia. UTZITAKOA

Suediarren autobus txasiak Altsasun karrozatuko dira. 400 langile gehiago beharko dira.

Sunsundeguik Volvoren autobusak karrozatuko ditu heldu den urtetik aurrera. Hedabideek zabaldu dutenez, azken belaunaldiko ehunka autobus fabrikatuko dituzte. Horretarako, Altsasuko lantegiak bere ekoizpen ahalmena bikoiztu beharko du. Horrek langilerian ere eragina izanen du, 400 pertsona baino gehiago kontratatzea aurreikusten baita. Urte akaberarako aurreikusitako 281 enpleguetatik 2027an 700etik gora izatera eta 2028an 737ra iritsiko litzateke Sunsundegui.

Erreakzioak 
Nafarroako presidenteak
Volvo eta Sunsundeguik sinatutako konpromisoa goratu du, "akordioak Altsasuko lantegiaren etorkizuna bermatzen du". Maria Chivite Navascues eta Mikel Irujo Ametzaga Ekonomia Garapenerako kontseilariak bi enpresetako zuzendaritzekin bilera izan dute aste honetan. Bilkuran izan ziren Anna Westerberg, Volvo Buseseko presidentea, Kitty Muffolini, erosketetako presidenteorde seniorra eta Dan Pettersson, enpresako txasiseko negozio-unitateko presidenteordea. Sunsundeguiren aldetik, Jose Ignacio Murillo zuzendari kudeatzailea egon zen. Bilkuran foru agintariek industria egitasmoari Nafarroako Gobernuaren babesa azaldu zioten, bai inbertsioak bermatzeko baita enplegu beharrak errazteko. 


Ezkerretik eskuinera: Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria; Kitty Muffolini Volvo Buses-eko erosketetarako senior presidenteordea; Maria Chivite Nafarroako presidentea; Anna Westerberg Volvo Buses-eko presidentea; Dan Pettersson enpresako txasiserako negozio unitateko lehendakariordea eta Jose Ignacio Murillo Sunsundeguiko zuzendari kudeatzailea.

Bileran, Chivitek eta Irujok nabarmendu zuten Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak laguntza eman diotela Sunsundeguiri haren bideragarritasuna bermatzeko, Sakanan duen izaera estrategikoagatik. Gogoratu behar da Nafarroako Gobernuak, Sodenaren bitartez, 39 milioi euroko mailegu eta abalen laguntza ekonomikoa eman diola Sunsundegui enpresari. Testuinguru horretan, gogoratu behar da 2022ko maiatzean COFIDES Estatuko enpresa publikoak 8,9 milioi euroko finantzaketa eman ziola Sunsundeguiri.

Geroa Baitik nabarmendu dutenez, “akordioak Sakanaren industria etorkizuna bermatzen du, ekoizpen maila egonkorra eta ehunka langileren kontratazio aurreikuspena ziurtatzen baita”. Koalizioaren aburuz, “Sodena enpresa publikoaren babes osoa duen akordio honekin Sunsundeguiren eta eskualdeko enpresa laguntzaileen etorkizuna finkatzen da, hori Altsasurendako zein Sakana osoarendako aparteko berria da”.

LAB sindikatuak adierazi duenez, “poztu besterik ez da egin berri horrengatik, eta espero du plantaren modernizazioa ekarri eta Altsasuko enpresaren ohiko antolaketa arazoak bukatzea”. Azken horren harira sindikatu abertzaleak zehaztu duenez, “Sunsundeguiren antolamendu egoera tamalgarria izan da tradizioz plantaren etorkizuna arriskuan jarri duena, eta behin eta berriz lan baldintzak murrizteko ahalegina egitera behartu ditu langileak. Gainera, egoera horren ondorioz, Sodena finantza tresna publikoak behin eta berriz lagundu behar izan dio enpresari”.

Era berean, LABetik gaineratu dutenez, “Volvorekiko akordioak hobekuntzak ekarri behar ditu lan-baldintzetan, eta ez atzerakada”. Gogoratu dute Enpresa Batzorde osoak (UGT, LAB, CCOO eta ELA) Sunsundeguiko zuzendaritzak akordioa lortu zutela. “Horrek langileen lan baldintzak hobetzea ekarri zuen. Hitzarmenak Nafarroako Metalaren hitzarmenaren indarraldi bera du”. Horregatik, sindikatu abertzaleak “kezkaz” hartu du hedabideetan irakurritakoa, “bertan adierazi baitute badela ageriko behar bat —enpresa batzordeak ez du horren berririk—, beste akordio bat lortzeko, une honetan indarrean dagoen akordioa dela-eta negoziatu ziren kontu batzuk berriz ere lantzeko”. Horren aurrean, LABek ohartarazi duenez, “enpresaren baldintzak hobetzeak ezin duela langileen lan baldintzak okertu, eta edozein atzerapausori aurre eginen diogu”.