Alokairuko 21 etxebizitza bat eskuratzeko izena eman beharra dago

Guaixe 2023ko mai. 9a, 10:02
Uhaldera Kaltzada kaleen artean eginen diren alokairuko etxeen infografia. UDALA

Horretarako, Nasuvinsa enpresa publikoaren etxebizitza eskatzaileen erroldan eman behar da izena.

Altsasuko Udalak eta Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoak sinatutako hitzarmenaren arabera, Uhaldera eta Amandrea kaleetan alokairurako 21 etxebizitza eraikiko dira. Alokairuko etxebizitzak izanen dira, bereziki 35 urtetik beherako gazteei zuzendutakoak, bai eta desgaitasuna edo bestelako gizarte premiak dituzten pertsonei ere. Beti ere, lehentasuna izango dute Altsasun erroldatutako pertsonek.

Eraikiko diren 21 etxebizitzetako bat alokairu erregimenean eskuratu nahi dutenek Nasuvinsaren eskatzaileen erroldan izena eman beharko dute. Izen-ematea telematikoki egin daiteke  www.nasuvinsa.es webgunearen bidez. Enpresa publikoak Iruñeko San Jorge etorbideko 8. zenbakian duen egoitzan ere eman daiteke izena, baina, horretarako, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da aipatu webgunean.  

Behin eskatzaileen erroldan izena eman ondoren, eskatzaileak bere lehentasunak aldatu edo datuak egunera ditzake, modu errazean eta berriro izenik eman beharrik gabe, telematikoki (nortasun agiri elektronikoarekin) www.vivienda.navarra.es webgunean sartuta, edo aurrez aurre sozietate publikoaren bulegoetan aldez aurretik hitzordua hartuta.