Astekaria

Alokairurako 21 etxebizitzak hiru urte barrurako eginak egonen dira

Guaixe 2023ko mar. 7a, 10:00

Arkitekto taldea, Berta Uriz Casaucau eta Javiero Ollo Martinez etxebizitzak eginen diren lur sailaren ondoan

Eraikuntza lanak urte akaberan hasiko ditu Nasuvinsak. Etxebizitzak 35 urtetik beherako gazteei, desgaitasunen bat duten pertsonei edo beste premia sozial batzuk dituztenei zuzenduta daude. Alokairuko etxebizitzaren eskaera gehiago balego beste 21 etxebizitza babestu eraikiko lirateke. Herrian erroldatutakoek dute lehentasuna.

Altsasuko Udalak Ualdera eta Kaltzada kaleen artean duen lur saila Nasuvinsa enpresa publikoari utzi dio bertan alokairurako etxebizitzak egin ditzan. Nasuvinsakoek ideia lehiaketa baten bidez proiektuaren oinarrizko ildoak zehaztu zituzten lehenik eta ondoren proiektuaren idazketa OFS Architects enpresari esleitu zion. Proiektua abiarazteko aurreneko bilera egin zuten Berta Uriz Casaucau Nasuvinsako etxebizitza departamentuko arduradunak, proiektua idatziko duten arkitektoek eta Javier Ollo Martinez alkateak asteartean. 

Urizek jakinarazi zuenez, arkitektoek 21 etxebizitza hartuko dituen eraikinaren proiektua garagarrilerako izanen dute.  Udal lizentziak eta beharrezko beste baimenen tramitazioan hiruzpalau hilabete pasako direla aurreikusten dute arkitektoek eta Urizek, beraz, “lanak urte akaberarako hastea espero da. 18 eta 24  hilabete arteko iraupena izanen dute. Lanak despeditu ondoren tramite batzuk egin behar dira, lau hilabete edo. Gauza bat dela bestea dela 2026rako sartuko lirateke bizilagunak”, azaldu du Urizek. 

Otadiako urbanizazioaren aprobetxamenduen emaitza da etxebizitza horiek hartuko duen partzela. 2.287 metro karratuko azalera du, baina L itxurako eraikina jasotzeko 1.690 m2 erabiliko dira, Ualdera eta Amandrea kaleetara ematen dutenak, orubearen hegoaldeko zatia. Ollok azaldu duenez, “etxebizitza guztiak energia eraginkortasun eta ingurumen kalitate handikoak izanen dira. Guztiek orientazio bikoitza eta haizeztatze gurutzatua izanen dute. Gainera, etxebizitza guztiek terraza, garaje plaza eta trastelekua izanen dute”. 21 etxebizitzetatik 9 bi logelakoak (80 m2) izanen dira, beste 9 hiru logelakoak (90 m2), 2 gela bakarrekoak (60 m2) eta bat irisgarria. Horiek guztiak lurrazpiko garajea, beheko solairua eta hiru altuera izanen dituen eraikin batean egonen dira. Beheko solairuan udalak 596 m2-ko lokala izanen du. Hura jasotzeko 3.554.680 euro aurreikusi zituzten joan den urtean, baina inflazioagatik aurrekontua handiagoa izanen da. 

Altsasuko Udalak etxebizitza eskaintzari buruzko inkesta zabaldu zuen 2021ean. 80 altsasuarrek erantzun zuten, baita zehaztu ere beraien premia zer motako etxebizitzak aseko lukeen. Eskaera zegoela jakinik pausoa eman zuen Nasuvinsak. Enpresa publikoak udalarekin sinatutakoaren arabera, partzelaren beste aldean beste 21 etxebizitza egiteko aukera luke bost urteko epean. Bitartean, “proiektua lantzen ari garen honetan altsasuarrek Nasuvinsaren babestutako etxebizitza eskatzaileen zentsuan eman dezakete izena, hori ezinbesteko baldintza da babes ofizialeko etxebizitza bat eskuratzeko”, argitu zuen Urizek.