Unai Mundiñano Arana arbizuarrak aurten hartu zuen Bigarren Maila Interautonomikoko Narum CBASK saskibaloi taldea entrenatzeko ardura, Iosu Mendiola entrenatzaileak emakumezkoen talde senior sortu berria entrenatzeko ardura hartu zuenean. “Bigarren Maila Interautonomikoan entrenatzailerik gabe geratu ginenez, nik neuk hartu nuen taldearen ardura”, azaldu du Mundiñanok. Ordura arte Narum CBASK-eko jokalaria zen. “Alde batetik, faltan botatzen dut jokatzea, baina talde txikiak entrenatzen bospasei urte neramatzan eta argi nuen senior taldearen entrenatzaile izan nahi nuela. Agian behar baino lehenago iritsi da, baina oso gustura nago”.
Iosu Mendiolaren tokia hartzeak izan du berea. "Azkenean, beti duzu urduritasun puntu hori. Ez da erraza taldekide eta lagun izatetik entrenatzaile izatera pasatzeko trantsizio hori. Lehendabiziko partidetan urduri nengoen. Baina jokalariek ere asko lagundu didate eta esperientzia ona izan da”.
Kopuru justua
Mundiñanoren mustutzea "espero baino hobea izan da. Urte nahiko zaila izan da, talde nahiko motza izan dugulako". Narum CBASK-ek 11 jokalari ditu, kopuru eskasa. “Entrenamendu askotan sei-zazpi jokalari zeuden, hiruk txandaka lan egiten dutelako eta beste batek kanpoan ikasten duelako. Ez da erraza izan. Egokiena da entrenamenduetan gutxienez hamar jokalari egotea, 5x5 jokatzea ziurtatzen duzulako. Baina ahal izan duguna egin dugu, eta gora behera horiek kenduta urte oso ona izan da”, ondorioztatu du. 2022ko taldeko bi jokalarik baja eman zuten, Ander Gabirondo taldeko kapitainak, eta Mundiñanok berak. “Talde nahiko gaztea dugu, jokalari zaharrenak 27 urte ditu. Gutxika jokalari zaharrenek gazteei tokia utzi diegu. Bestalde, joan zen urtean lesionatuta egon zen Unax Ijurra jokalaria berreskuratu dugu. Bigarren taldeko entrenatzaileak, Imanol Puertak, gurekin jokatu du eta asko lagundu digu. Eta Iñigo Zabalok entrenamenduetan lagundu digu” gaineratu du.
Helburua: play-offak
Mugak izanda ere, 2022/2023 denboraldiko helburua, hasieratik, Play-offetara sailkatzea zen. Hau da, lehen zortzi postuetan sailkatzea, Final Laukorako sailkapen fasean sailkatzeko. “Gabonak arte bi partida galdu genituen bakarrik, eta topera geunden. Baina gero lesio dezente izan genituen, eta urtarrileko aldapa otsailera arte luzatu zitzaigun: bi hilabete horietan partida guztiak galdu genituen. Gogorra izan zen, zalantzak sortu ziren, baina buelta eman genion eta sekulako saria lortu dugu: Lauko Finalera sailkatzea”, dio Mundiñanok.
Partidarik onena
Ligan seigarren sailkatu zenez, Narum CBASK-ek hirugarren sailkatu zen Humiclimaren kontra jokatu behar izan zuen Final Laukorako sailkapen fasea. “Ez genuen Humiclima arerio izatea nahi, oso jokalari onak dituelako. Baina hala suertatu zen”. Joaneko partidan, Berriozarren, Narum CBASK-ek 78 eta 89 irabaztea gakoa izan zen. “Urteko partidarik onena jokatu genuen, jokalari guztiek oso ongi jokatu baitzuten. Orain talde osoa gaude martxan, jokalari guztiak osatu dira, eta pieza guztiak batuta dituzunean, askoz hobeki jokatzen duzu”. Zelandiko itzulerako partida estuan, hiru punturengatik gailendu zen Narum CBASK, 67 eta 64, eta Lauko Finalerako sailkatu zen. Sekulako giroa egon zen Zelandin, eta ederki ospatu zuten.
Unai Mundiñano: "Lesionatuak osatu dira. Tale guztia gaude martxan, eta nabaritzen da"
Teresianas kiroldegian
Navasket, ENERparking Basket Navarra, Logrobasket eta Narum CBASK sailkatu dira Final Laukorako. Navasket taldearen egoitzan jokatuko da, Teresianas kiroldegian. “Sailkatu diren taldeei proposatzen zaie ea norbaitek Lauko Finalak antolatu nahi ote duen. Guk aurten ez genuen nahi izan, etxean jokatzean urduriago aritzen garelako. Humiclimaren kontrako Zelandiko partidan lehen zatian urduri samar egon ginen. Talde gaztea gara eta nahiago izan dugu Lauko Finala kanpoan jokatu eta presio gutxiagorekin joatea”.
Maiatzaren 13an Lauko Finaleko finalerdiak jokatuko dira. Narum CBASK-ek Logrobasket taldea izango du aurkari, 20:30ean. “Logroñoko taldea da, gure taldearen nahiko antzekoa. Talde nahiko orekatua dute: jokalari azkarrak, jokalari altuak, eta jaurtitzaileak. Gure estiloko taldea da” dio Mundiñanok. Horregatik, lehia estua espero da. “Uste dut borrokatzeko eta irabazteko moduan egon gaitezkeela. Gure kartekin ongi jokatzen badugu, horretarako aukera izango dugu”.
Beste finalerdia ENERparking Basket Navarrak eta Navasketek jokatuko dute, maiatzaren 13an, 18:15ean. Bi taldeak onak dira. “Navasket talde gogorra da, baina euren kontra Iruñean gailendu ginen. Beraz, finalera iritsiz gero euren kontra finala jokatu beharko bagenu, zergatik ez guk irabazi?” dio Mundiñanok.
Motibazioa
Talde indartsuen kontra aritzeak “motibazio puntu hori ematen dizu, intentsitatea. Gure arazorik handiena geure burua da. Askotan begizta edo bukle batean sartzen zara, eta egoera horietan burua altxatzea kostatzen zaigu. Sailkapenean gu baino beherago zeuden taldeen kontra irabaztea kosta izan zaigu. Baina hoberenen kontra beti duzu motibazio estra hori”.
Bi finalerdietako irabazleek Lauko Finaleko final handia maiatzaren 14an jokatuko dute, 12:30ean. Aurretik, 10:15ean, galtzaileen partida jokatuko da, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko.
Narum CBASK Lauko Finala prestatzen dabil buru-belarri. “Talde amateur bat gara, hori argi dugu. Hemen ez du inork saskibaloitik bizi behar. Familia txiki bat gara, taldekideak eta lagunak. Eta horrek egiten gaitu berezi”. Gogotsu daude. “Lauko Finaleko kopa irabazi nahiko genuke, ilusioa dugu”.
Narum CBASK 2022-2023
4 Jorge Misiego
6 Ander Hormeño
8 Imanol Puerta
9 Aimar Azpiroz
10 Jon Otermin
11 Aitor Calleiras
15 Unax Ijurra
17 Mohamed Aboufaris
18 Pello Iraola
19 Unai Flores
23 Iker Claver
Entrenatzailea: Unai Mundiñano