Garai bateko memoriak

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mai. 29a, 13:10

Hostal Alaska, 'Memorias' liburuaren argazkia. UTZITAKOA

Beatriz Salinas Martínez de Ordoñanak bere bizitzaren inguruan "koaderno asko" idatzi zituen eta 'Memorias' liburuan bildu zituen. Orain, Beatriz de la Vega Salinas alabak edizio berri bat kaleratu du, eta maiatzaren 31n Iortian aurkeztuko du.

Beatriz Salinas Martínez de Ordoñana 1926an jaio zen eta 20. mendea ia osorik bizi izan zuen. 85 urterekin Bernardo Atxagarekin izandako solasaldi baten ondoren, bere historia idazten hasi zen eta liburu batean bildu zuen. Bi edizio "xume" publikatu zituen eta orain hirugarrena publikatu du Beatriz de la Vega Salinas alabak, eta maiatzaren 31n, asteazkena, 18:00etan, Iortia kultur gunean, aurkezpena eginen du. Zerbait "xumea" izanen da: "Herriko jendeak kariño handiarekin gogoratzen du ama eta nik uste ezagutzen zuen jendea etorriko dela; oso hunkigarria izanen da".

Salinas Galarretan jaio zen eta sei ahizpa ziren. "Hamar urte zituen gerra hasi zenean, eta ongizate ekonomikoa eta askatasun familiarra zuen, aita Ameriketatik diruarekin eta pentsamolde aurrerakoiekin etorri zelako". Egun batetik bestera hori guztia zapuztu zen, 1936ko estatu kolpearen ondorioz. "Bere aita eta maisuak eraman zituzten eta maisuak erail zituzten. Maisuak miresten zituen eta tragedia bat izan zen, bizitza irauli zion gerrak". Gurasoak erbesteratu ziren eta sei ahizpak aiton-amonekin gelditu ziren, “egoera oso zailean eta tristezia handiarekin" bizitzen. Egoera horrek arrastoa utzi zion.

Emakume "kuriosoa" zen eta garrantzia handia ematen zion bere herriari, ohiturei, arbasoei eta abar. "Eguneratuta bizi zen, hainbat egunkari irakurtzen zituen eta irratia entzuten zuen. Jakintza naturala eta oso berezia zuen". Istorio oso zailak bizi izan zituzten familian, eta beti aurrera egin zuen, "indarrarekin bizirauten zuen. Lau seme, ahizpa guztiak eta senarra hil zitzaizkion, baina berak aurrera egiten zuen". Zailtasunei aurre egiteko modua miresten du alabak.

Iragana
Pedro Salinas Arregi, Beatrizen aitak, bere memoriak idatzi zituen aurretik eta Beatrizek biziki miresten zuen aitak utziriko liburua. Hortaz, erabaki zuen berak ere oinordekoentzat, memoria liburu bat utziko zuela. Azken urteetan liburua idazten joan zen, "koaderno asko zituen eta gora eta behera bere oroitzapenak idazten zituen. Ordu asko pasa izan ditu". Sukaldeko mahaian koaderno handietan idazten gogoratzen du Beatriz alabak. Bizitako modu kronologikoan idatzi zuen: herenaitona-monekin hasten da, txikitako pasarteak, gerra, Altsasura iritsi zenean, Alaska hotela...


Beatriz Salinas Martínez de Ordoñanaren familia, liburuko argazkia. UTZITAKOA

Memoriak idazten zituen azken bi urtetan Beatriz alabak eta honen iloba Juanek idazten lagundu zioten. "Berrikusi eta zuzendu dut. Aldaketa osooso txikiak daude". Argazkiak sartu dituzte eta epilogoa idatzi du Beatriz de la Vegak: "Bere bizitza kontatzen duenez eta bere heriotzaren esperientzia ere zoragarria izan zenez, kontatu behar zen ere".

Memoriaren bidez, XX. mendean egon ziren aldaketei buruz hitz egiten du liburuak

"Niretako liburua oso garrantzitsua da. Badago jendea pentsatzen duena orainaldian bizi behar dela, eta iragana ahaztu behar dela, baina ni bera bezalakoa naiz, eta uste dut oso garrantzitsua dela gogoratzea". XX. mendean egon ziren aldaketei buruz hitz egiten du liburuak: "nekazal eremuak egokitu behar izan ziren makina berriei lekua uzteko, ekologiari kolpe mingarri bat emanez, desagertu ziren Raposo haitzuloa, paduren iturria, igelen putzua, hegazti migratzaileak... Lurra lantzeko milurteko ziklo bat ixten ari zen". Lekukotza bat da: "Liburua ez da nobela bat. Batzuetan oso deskriptiboa da eta gehiegi zela iruditzen zitzaidan. Baina orain uste dut ezetz, dokumentu bat delako. Bertan gelditzen da".

Ama hil ondoren, Beatriz alaba "tarte bat" egon zen liburua hartu ere ezin zuena, "baina banekien egin behar nuela, azken bi urtetan berarekin lantzen egon nintzelako eta helburua edizio berria egitea zelako". Bi urte pasa direnean momentua iritsi da. "Oso hunkigarria izan da, eta niretako sendagarria ere. Oso ongi etorri zait nire arbasoekin momentuak izan ditudalako". Epilogoa idatzi ahal izateak ere "askatu" duela esan du. "Minarekin eta oroitzapenekin zerbait polita egitea, omenaldi txiki eta intimo bat".


Beatriz Salinas Martínez de Ordoñana, Galarretako hilerrian. UTZITAKOA

"Beti izan dut buruan pelikula bat egitea". Pedro aitonaren memoriak zinematografikoak direla esan du Beatrizek, "idatzi zituenean film batean pentsatzen zuen". Alaska hoteletik pasatako aktoreek esaten zioten film bat egin behar zuela, eta gaur egun Beatriz Salinasen Memoriak irakurri dituzten antzezleek ere film bat egin behar duela esan diote. "Gustatuko litzaidake, denborarekin". Beatriz de la Vega ere ari da bere memoriak idazten, "familiaren historiari jarraipena emateagatik". Bizitzan gertatukoari buruzko narrazio laburrak idazten ditu, "presarik gabe eta noizbait publikatuko dudan jakin gabe ere".

Erlazionatuak