Julian Claver

"Gehienek zoriontzen gaituzte eta itzultzen dira"

Maider Betelu Ganboa 2023ko eka. 9a, 13:00
Julian Claver, Barranka Txirrindularitza Taldeko beste kide batzuekin. ARTXIBOA

BTT Barranka Txirrindularitza Taldeak 450 biker espero ditu 26. Altsasuko BTT Zeharkaldirako. Ekainaren 11n izango da. Javier Claver guztia koordinatzen ari da

26. Altsasuko BTT Zeharkaldi ez lehiakorreko arduradun Julian Claverrek aitortu duenez, “azken egun hauetan lan handia dago aurretik”. Nafarroako BTT proba beteranoenean 100 boluntario inguru ariko dira lanean. 

Gaur, ekainaren 9a, proban izena emateko azken eguna da. 
Maiatzaren 28ra arte izena eman zutenek kamiseta eta bestelako opariak (Lacturale, Alea, Arbizu hestekiak eta Katealde) ziurtatu zituzten, baina azken egun hauetan betetzen dutenek ez. 

Zenbat txirrindulari espero dituzue?
450 bikerren bueltan egongo garela uste dugu. Milatik gora izan ditugu, baina gure kopuru idealena joan zen urtekoa da, 700 txirrindulari. Nolanahi ere, kontentu gaude 450ekin, zenbaki polita da. Azkenaldian kirol proba askok, orohar, parte hartze kopuruan behera egin dute. Egutegia gainezka dago, eta jendeak aukeratu beharra du.

"Etxarri Aranazko Haritzen Ibilbidera sartzea sekulakoa izango da"

Foru plaza txirrindulariz beteko da. 
Aurten Iortiako plaza irteera eta helmuga izatea nahi genuen, estalpea aprobetxatzeko, baina obrak ez dira bukatu.

Ibilbidean urtero aldaketaren bat egiten duzue.
Nobedade gisa Etxarri Aranazko hariztien ibilbidean sartuko gara. Sekulakoa izango da, ibilbidearen edertasuna eta ingurune bikaina kontuan hartuta. Zuhaitz zoragarri horiek ikusiko ditugu.

Aurretik nondik ibiliko zarete?
Altsasutik Sozarretara joko du ibilbideak, eta bertatik Santaluziasakanera, San Pedrora heltzeko. Handik Urdiainera eta Iturmendiko goi alderaino. Ondoren Bakaikura iritsiko da, eta bertatik Etxarri Aranazko harrobira. Ibilbide luzekoak gorago igoko dira ertainekoak baino. Kontzezio ermitatik Etxarrira jaitsiko dira, Andra Mari ikastolako hornidura gunean atseden hartzeko. Handik igerilekuetarantz joko dute, haritzen ibilbidera. Etxarriko galtzada topatuko dute, Bakaikurekin lotzen dena. Bernoako galtzadaren azpira heltzerakoan, ibilbide luzekoek Bernoa igoko dute, galtzadatik jaisteko, eta ertainekoek Basoitxirantz joko dute, Altsasuraino.

Ibilbide ederra, zalantzarik gabe.
Oso. Luzeak 51-52 km ditu, eta ertainak 42 km, baina askoz ere desnibel gutxiago. Igandean ibilbidea egin genuen eta ezin hobe zegoen, nahiz eta bezperan ekaitza eta kazkabarra bota. Iganderako 25-27 graduko tenperaturak iragartzen dituzte, ikusiko da. Azkarrenak 11:00etan hasiko dira helmugara iristen, eta azkenek lau ordu eta laurden inguru beharko dituzte. Hauek dira onenak, inguru zoragarriaz gehien gozatuko dutenak.

Proba oso ongi baloratzen dute. 
Gehienek zoriontzen gaituzte, pozik doaz, eta itzultzen dira. Batzuetan okertu gaitezke, eta halakoetan, hurrengorako zuzentzea, ez dago besterik.

Erlazionatuak