Euskararen aldeko manifestua sinatu zuten Nafarroako hainbat eremuetako hemeretzi eragilek ilbeltzean. Haien artean bi sakandar daude Castillo Suarez Garcia eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta. Ordutik euskaltzale askoren agendan gordea dago garagartzaroaren 10a, larunbata. Goizeko 11:00etatik aurrera, Iruñeko Bosquecillo parkean tailerrak, puzgarriak, gazteendako jolasak, erraldoien kalejira, topadantzak, kantuz eta haurrendako ikuskizuna izanen dira. 12:00etan Laban dj bermuta iragarri dute. 14:00etan herri bazkaria izanen da eta, azkenik, 17:30ean, herri mobilizazioa Antoniuttitik abiatuko da.
Zergatik zara Sorionekua?
Kontua da denok garela Sorionekuak. Irulegiko eskua agertuz geroztik, hainbeste lekutan ikusten den Sorioneku hori ere bada euskararen aldeko dinamika bat, duela hilabete batzuk aurkeztu genuena. Sorionekuak euskararen eta euskaldunon eskubideak errespetatzearen alde egiteko dei bat da. Dinamikak izen hori du eta bertan parte hartzen dugun guztiak ere Sorionekuak gara.
Sorionekuak zergatik zarete?
Lehenagotik, hausnarketa batetik, heldu da. Hordago herri ekimen bat da, Nafarroa Garaian duela urte pare bat sortu zena, eta, batez ere, zonifikazioa gainditu edo horretan eragiteko helburua du. Tuteran zonifikazioaren kontrako manifestazioa egin zen udazkenean. Ikusi zuten euskarak bazeukala susperraldirako behar bat Nafarroa Garaian. Hainbat euskaltzalerekin harremanetan jarri ziren eta, horren harira sortu zen Sorionekuak dinamika. Bertan daude Errigorako ordezkariak, Labakoak, AEK-koak, kazetari batzuk, argitaletxeak... Izen hori jarri zitzaion, eta logotipoak ere badu zerikusia Irulegiko eskuarekin. Nafarroako euskaldunok Sorionekuak izan nahi dugula esan nahi du. Euskararendako edo euskaldunondako etorkizun oparoa nahi dugu, eta larunbatean hori irudikatu nahi dugu.
Euskaraz bizi nahia. Errealitateak ertz ugari ditu, argiak eta ilunak.
Hori da. Argi dago Nafarroan euskaraz bizi nahi dugun batzuk bagaudela, eta oraindik ere ezinezkoa zaigu. Alde batetik, Nafarroako zenbait esparrutan ofizialtasun eza dago. Hizkuntza eskubideei dagokionez, badirudi posta kodeak esaten duela zenbaterainoko eskubideak izanen dituzun. Hori bakarrik hizkuntzaren alorrean gertatzen da. Gainera, teorian eskubide horiek ditugunean, egunero ikusten dugu ez direla betetzen. Sakanan, esaterako, oraindik ezinezkoa da zenbait administraziotara euskaraz hitz egiten joatea. Edo osasun etxera. Euskara ikastea ere ez dago jende guztiaren eskura. Oraindik ere egunerokoan oztopo asko jasotzen ditugu.
Nafarroako Gobernua eratzeko prozesua abian da. Sorionekuagoak izateko zer eskatzen diozue gobernu berriari?
Argi dugu legegintzaldi hau ardurak hartzeko legegintzaldi bat izan behar duela, euskaldunok benetan kontuan hartzeko legegintzaldi bat. Uste dugu badela garaia ardura politiko horiek eskatzeko. Bi aukera daudelako. Orain bezala jarraitzea, bazterketa honekin jarraitzea, eta euskaldunok bigarren mailan mantentzea. Edo, bestela, eskubideak herritar guztiei onartzea eta euskarari benetan bere estatusa onartzea, eta gure hizkuntza eskubideak errespetatzea. Uste dugu herritarrok politikoei haien ardura eskatu, exijitu behar diegula, bai.
Manifestua aurkeztu zenutenean nabarmendu zenuten ez zenutela euskara kezkarekin eta ahaleginarekin lotu nahi.
Esan bezala, argi dago euskaldunok egunerokoan oztopo asko jasaten ditugula. Guretako eguneroko ahalegina da. Horren kontziente izanik ere, gure helburua da euskaraz normaltasunez bizi ahal izatea, konplexurik gabe, euskaldun izateaz harro ateratzea. Eta horrekin lotu nahi dugu larunbatekoa. Izan dadila poztasun edo jai egun bat, eta euskaldun izatearen harrotasuna erakusteko eguna.
Zergatik da garrantzitsua soriontasun hori kalera ateratzea?
Ez nuke gutxietsi nahi beharrezkoa den beste salaketa hori, argi baitago ardurak eskatu behar direla; batzuek baitute egoera benetan aldatzeko ardura. Baina egun honi beste izaera bat eman nahi genion. Ikus dadila Nafarroan zer aniztasun dagoen, zer gogo dagoen euskaraz bizitzeko. Horregatik, dei egin dugu larunbatean eskualde bakoitzekoek beraien bereizgarriak eraman ditzaten Iruñera: jantziak, zapiak, txarangak, inauteriak, dantzak... Sakanatik, esaterako, Altsasuko momotxorroren bat egonen da, Irurtzungo mitologia pertsonaiak, kantuz taldeak... Halakoek parte hartuko dute. Ikus dadila Nafarroan zer aniztasun dagoen eta nola irudikatzen dugun Nafarroaren etorkizuna euskaldunok: modu itxaropentsu eta positiboan.
Manifestuaren aurkezpenean esandakoa da: "herritarron garaia da eta etsitzea ez da aukera bat".
Etsitzeak ez du askorako balio. Garrantzitsua da herritarrak aktibatzea eta guztiok lema hartzea, eta mugitzea, bai.
Irulegiko eskua izenean eta irudian, zergatik?
Alde batetik, esku hori euskararekin, herritarrekin, lotu nahi izan dugu. Nafarroan agertuta, esku horrek argi erakutsi zuen Nafarroa beti euskararen lurraldea izan dela, ez dela batzuek dioten bezala euskara inondik hona etorri. Adierazi nahi genuen: Nafarroa da euskararen lurraldea. Sorioneku guk transmititu nahi genuen mezuarekin bat zetorrenez, horregatik hartu genituen hitza eta irudia.
Euskara nafar guztiena da?
Jakina. Hori da helburua. Gaur-gaurkoz, tamalez, oraindik batzuengana heltzea oso zaila da, baina guztiok dugu lekua euskaran.
Denona bada, etorkizuna badu.
Hori da. Larunbatean euskararen etorkizuna Nafarroan irudikatu nahi dugu.
Zabalduko den sorionekutasuna kutsagarri bihurtuko da?
Hala izan dadila. Guk halako egun bat nahi dugu: itxaropentsua, positiboa, jendea poztasunez hartuko duena. Izan dadila zerbaiten hasiera.