Manifestu bat sinatu zuten 19 nafarrek, tartean zeuden Castillo Suarez Garcia eta Haizea Ramirez de Alda Pozueta altsasuarrak. Hala abiarazi zen Sorionekuak, euskararen aldeko dinamika herritarra. Haren sustatzaileek aurkezpenean esan zutenez, “euskara historia luzea duen hizkuntza da, baina, batez ere, etorkizun oparoa edukiko duena”. Gaineratu dutenez, “euskararen susperraldiak behar duen soinu banda” egin dute orain. Esku bat izenburuko abestia plazaratu dute. Kantuari letra Sustrai Colinak jarri dio, eta musika Nerea Urbizuk.
Harekin bideoklipa egin dute eta bertan parte hartu dute hainbat herritar ezagun, “gurekin batera euskararen alde pauso bat aurrera” eman dutenak. Parte hartzaileen artean daude, besteak beste, Roberto Martil Fernandez irurtzundarra eta Anabel Arraiza Artieda lakuntzarra. Sorionekuak dinamikako sustatzaileek adierazi dutenez, “kanta euskararen susperraldiak behar duen soinu banda izatea du helburu. Euskararen aldeko bidea batera egiteko deia eta garagartzaroaren 10ean Iruñean egonen den herri mobilizazioan parte-hartzeko gonbidapena da”. Ziurtatu dutenez, “herritarron garaia da, euskararen garaia da, pauso bat aurrera egitera goaz. Euskara nafar guztiona da”.
Bestetik, dinamikako kideek jakinarazi dute kantuak ere bere koreografia duela. Hura bide batean jaso dute.