Altsasuko Sunsundeguiko instalazioetan premium autobusak egitea aurreikusten duen aurreakordioaren beharrei erantzuteko garatu beharreko lan planaren aurrerapenei buruzko gaiak jorratu zituzten maiatzaren 8an aldeek. Bileran Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria, Guillermo Alonso Sodenako Invest in Navarra arloko zuzendaria eta Jose Ignacio Murillo Sunsundeguiko zuzendari gerentea izan ziren batetik eta, bestetik, Volvo Bus Corporationeko zuzendaritza.
Foru administraziotik jakinarazi dutenez, Nafarroako Gobernua hainbat lankidetza aukera aztertzen ari da proiektua indartzeko, epe ertain eta luzera haren jarraipena bermatzeko. Testuinguru horretan, Nafarroan egin daitezkeen inbertsio berriak ere aztertzen ari dira. Irujo kontseilaria adierazi duenez, "Sakanarako estrategikoa den akordio horren aldeko taldeak lanean ari dira dagoeneko, eta aurrera egiten jarraituko dugu lortutakoak emaitza onak izan ditzan. Erronka bat da, baina baita azkar, arduraz eta exijentziaz ekin behar diogun aukera handi bat ere", ziurtatu zuen.
Nafarroako Gobernuak Sunsundeguiri historikoki babesa eskaini dio. "Horrek enpresa bere jarraipena bermatzen duen aukera baten aurrean egotera eraman du, eta estrategikoa da Altsasu eta bere ingurunearendako, baita Foru Erkidegorako ere", nabarmendu dute gobernutik.