"Pixka bat sorpresa" izan dela aitortu dute Elektrokela Elektrotxarangako kideek Euskal Herriko II. Elektrotxaranga Lehiaketaren irabazleak direla jakin ostean. Lehiaketa Azpeitiko Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatzen du eta aurtengo edizioan zazpi taldek parte hartu zuten: Hamarru, Elektrotxorongo, Elektrotxufla (aurreko edizioko irabazleak), Distopia, OstiKda, Skapaie eta Elektrokela bera. Udalak jakinarazi duenez, "lehia estua" egon da, eta irabazleen eta bigarren sailkatuen artean puntu bateko aldea egon da. Elektrokelak 6.000 euroko saria eta San Inazio festetan egun bat jotzea irabazi du. Ekipoan inbertsioak egiteko baliatuko dute sari ekonomikoa, "hobetzeko".
"Ez genuen espero, elektrotxaranga asko zeuden, tartean aurreko edizioko irabazlea"
Azpeitiko Euskal Herriko Elektrotxaranga Lehiaketaren bigarren edizioa izan da aurtengoa. Maiatzeko astebururo parte hartzen zuten bi txarangek emanaldia ematen zuten, lehenengoa izan ezik, bakarrik aritu zela. Elektrotxarangen artean giro ona zegoela esan dute Ekain Alegre, Hodei Alegre eta Irune Guinea Elektrokelako kideek, eta lehiaketa bat baino kontzertu bat bezala bizi izan zuten esperientzia: "Elektrotxaranga asko zeuden, tartean aurreko urteko irabazlea, eta kontzertuak ikusita ez genuen espero irabaztea. Baina lortu dugu". Maila handiko txapelketa izan zela aipatu dute.
Maiatzaren 20an, larunbata, jo zuen Elektrokelak Azpeitiko kaleetan Skapaie txarangarekin batera. Lehiaketan parte hartzeko eskaera iritsi zitzaien: "Hainbat elektrotxaranga aukeratzen dituzte, eta guk data libreak eta abar aipatu behar genituen". Hortik txapelketan parte hartzeko elektrotxarangak hautatzen dituzte.
"Gure partetik dena jarri genuen, entseguetan fokua kontzertu ahalik eta konpaktuena egiteko prestatu genuen, azkarra, kanten artean ahalik eta espazio gutxien egoteko". Hasiera pixka bat "hotza" izan zela azaldu dute musikariek, "baina bukaeran publikoa entxufatzea lortu genuen eta nahiko giro polita sortu zen". Azpeitin festak ziren, "eta nahiko jende batu zen". Txapelketarako prestatutako abesti berriek, "erantzun ona" izan zutela esan dute.
Elektrotxarangaren bereizgarritasuna "talde bezala ongi funtzionatzen" dutela dela esan dute. "Inbertsio handia egin dugu ekipoa eta soinua hobetzen, eta enfokea abestiak ongi, perfekto, ateratzean jartzen dugu, musikalki ahalik eta hoberen egiteko". Modu honetan, emanaldi batean egon daitezkeen eta beraien esku ez dauden faktoreek influentzia "ahalik eta gutxien" izatea lortzen dute. "Aurretiko prestakuntza" ezinbestekoa da, beraz. "Entsegu ordu asko egiten ditugu, pila bat, eta hori ikusten da".
"Errepertorio aldetik ere bereizten gara. Saiatzen gara jendeak ez dituen abestiak sartzen, beti izaten da sorpresaren bat". Urtez urte errepertorioaren zati gehiena aldatzen saiatzen dira ere. "Ia bi urte generamatzan berdinarekin, eta ahalik eta gehien aldatzeko prozesuan ari gara. Kanta berriak ditugu, eta gehiago sartuko ditugu. Egia da zenbait elektrotxarangak abesti jakin batzuk jotzen dituztela eta badakizula zer joko duten, baina gu ahalik eta desberdina egiten saiatzen gara, ez errepikatzea lortzeko, eta gu ere ez aspertzeko". "Freskotasuna" mantendu nahi dute. Dena dela, emanaldi gehienetan abestiak eskatzen dizkietela azaldu dute: "Beti dago norbait. Batzuetan kasualitatez aurrerago joko dugula, baina beste batzuetan ez dugu jotzen". Cicatriz taldeko abestiren bat eta Lokaleko leihotik egoten dira eskatuenen artean.
Elektrokela
2019ko Altsasuko festetan ospatu zuten lehenengo Kuadrillen egunean herriko zenbait musikari gazte bildu ziren herri elektrotxarangan jotzeko. Urte batera, pandemiaren erdian, Elektrokela Elektrotxaranga aurkeztu zuten. Hasiera "nahiko kaotikoa" izan zela azaldu dute kideek: "Orain pixka bat egonkortu gara. Egitura bat badugu, badakigu nora eraman elektrotxaranga eta saiatzen gara kalitatezko abestiak egiten". Kide bakoitzak bere funtzioa zein den badakiela eta horretan "hobera" egin dutela azaldu dute. "Helburuak argi ditugu". Taldean aldaketaren bat egon da, baina orokorrean hasierako musikariak daude.
"Musikalki asko prestatu zaitezke, baina gero ez badago giro ona zaila da lan egitea"
"Kuadrilla" bat direla esan dute ere, lagun talde bat. "Entseguetatik kanpo elkartzen gara ere" eta talde giro hori "oso garrantzitsua" da: "Musikalki asko prestatu zaitezke, baina gero ez badago giro on bat zaila da lan egitea. Gure kasuan sekulako harremana dugu denek". Jendeak, ikusleak, giro ona ikus dezake.
Elektrotxaranga batean aritzeaz, eta, hain zuzen, Elektrokelako kidea izatearen gauzarik onenetarikoaz galdetzean, "niri gehien gustatzen zaidana herri berriak ezagutzea da, herri batzuk Elektrokelan jotzen dudalako ezagutzen ditut, bestela ez nituzke ezagutuko. Hori oso polita da", erantzun du Irune Guineak. Herriak ezagutzea eta bertan ezagutzen duten jendea ere aipatu dute Ekain eta Hodei Alegrek. Hodei: "Oso jende jatorra ezagutu dugu urte hauetan. Adibidez, aurrekoan auzo batean egon ginen eta jendea osooso jatorra zen". Oso gertuko jendea. Batzuetan herriak eta festak "nahi baino gutxiago" ezagutzen dituztela esan dute.
"Furgoneta deskargatzea!" esan dute hiru kideak aho batez elektrotxangan aritzearen alde txarrak aipatzean. "Kontzertutik oso berandu iritsi Altsasura eta furgoneta deskargatu behar...". Entseguak igandero egiten dituzte, eta hori ere "batzuetan" ez da oso erakargarria: "Furgonetan lotan gelditu, Altsasura iritsi, deskargatu behar, eta hurrengo egunean entsegua. Batzuetan kostatzen da".
Garrote bira prestatzen ari dira, eta dagoeneko agenda "nahiko beteta" dutela esan dute, baina "kontratazioa zabalik" dute. Toki "handietan" jo izan dute. Irunek sanferminetan egin zutena gogoan du: "Ikaragarria izan zen, hainbeste jende sartuta egotea eta jendea hain animatuta egotea... ". Hodeirendako Oñatiko emanaldia izan zen berezia, "jende guztiak bat egin zuen gurekin, jende pila bat zegoen gurekin dantzan". Ekainek Hatortxu aipatu du.