Ekainaren hasieran Altsasuko Udalaren Gazteria Zerbitzuaren aitortza jaso zuten hainbat gaztek. Zerbitzuaren eta gazteen artean bitartekari lanak egin dituzte ikasturtean zehar. Berriemaile horietako bi, Kimetz Arregi Martin eta Olaia Ferrero Marin, estatuko beste berriemaileekin asteburua pasa dute.
Zer da berriemaile izatea?
Altsasun gure helburua informazioa partekatzea da. Intxostiapuntan egiten diren ekintzen berri partekatzea institutuetan edo ikastolan adibidez. Kimetz eta biok Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuan egon gara ikasturtean zehar klaseetan hitzaldiak ematen. Pasabidean zegoen iragarki taula batean ere kartelak jartzen genituen, jendeak zer eskaintza zegoen jakin zezan. Bestalde, jendeak izan zitzakeen zalantzak erantzuten saiatzen ginen. Gainera, jendeak egin nahi zituzten ekintzen berri ekartzen genuen Intxostiapuntara eta Erkudenekin (gazteria teknikaria) haien inguruan hizketatzen ginen. Bestetik, asteazkenero gazte gunean bilera bat egiten genuen, ekintzez-eta hitz egiteko.
Zergatik eman zenuen izena berriemaile izateko?
Gogoratzen naiz hasieran etorri zela orientatzailea eta azaldu zigun, azkenean, jendaurrean hitz egin behar genuela. Hori nik landu nahi nuen zerbait zen. Ba, bai, esan nuen. Aukera berri bat da, eta probatu nahi dut. Horregatik, gazte gunera etorri nintzen eta, honi esker, uste dut asko ireki naizela jendaurrean hitz egiterakoan; beldurrik ez izaten.
Ikaskideek kasu egiten dizute?
Kontuan izan behar da zer-nolako gelatan sartzen zaren. Egia da, klase guztiak ez direla berdinak, giroa asko aldatzen da klase batetik bestera. Batzuetan, nire ustez, bai kasu egiten ziguten. Baina, adibidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailako klasetan oso zaila zen guztiak esaten ari zarena entzuteko eta ulertzeko prest egotea.
Berriemaile izatea ikasketekin bateragarria da?
Noski. Esan dizudan bezala, asteazkenero etortzen ginen hona eta, normalean, egoten ginen 30 minutu. Horrek ez dizu denbora asko kentzen. Klaseetan, lehenengo irakasleekin hitz egiten zenuen, eta hartzen zenuen, adibidez, 15 minutu klase batzuetan hitzaldiak emateko, eta kitto. Ez dizu denbora asko kentzen, uztartu ditzakezu bi egitekoak.
Norbaiti berriemaile izatea aholkatuko zenioke?
Jakina.
Berriemaile gisa, ikasturtearen zein balorazio egin duzu?
Oso aukera polita da. Zu irekitzeko, beldurrik ez izateko jendearen aurrean hitz egiterakoan. Gainera, jende berria ezagutzen duzu, eta lagun berriak egin ditzakezu. Nire ustez abantaila asko ditu.
Ikasturtea bukatu bada ere asteburuan berriemaile izan zara. Nolaz?
Palentzian egon ginen. Altsasutik bakarrik bi berriemaile joan gintezkeen eta Kimetz eta biok joan gara. Helburua zen Espainiako beste berriemaileekin elkartzea Palentzian. Aurten berriemaileen topaketa han izan zen. Han beste berriemaileekin, zure esperientzia elkarbanatzea zen helburua. Eta ekintza asko egin gintuen ere.
Nola egin duzue informazioa elkarri emateko?
Bilera bat egon zen. Espainiako lekuetakoak taldeka banatu gintuzten. Mikrofonoa ematen ziguten eta hasten ginen gure esperientzia kontatzen, zenbat diru lortzen genuen, zer-nolako ekintzak egiten genituen... Horrelakoak azaldu genituen eta, horrela, Espainiako hainbat lekutan berriemaileak nola moldatzen diren ezagutu genuen.
Bazter guztietan berdin lan egiten duzue?
Ez, ez, ez. Asko aldatzen da.
Konparatuz gero, Altsasukoa, onerako edo txarrerako?
Onerako. Leku batzuetan lan asko egiten dute, baina boluntarioa da, ez diete ordaintzen, diploma eman, eta kito.
Palentziako egonaldian zerbait ikasi duzue?
Gauza asko ikasi ditut. Alde batetik, Palentzia ezagutu dut, berriemaileek zer nolako ekintzak egiten zituzten, batzuek aholkuak ematen zituzten... Topaketa nahiko ondo egon zen.
Motxila bete ideia ekarri duzu. Hori Intxostiapuntako arduradunei jakinarazi diezu?
Ez, baina, ziurrenik, bai, esango diet.
Balio du Palentziakoak?
Hiru egun izan dira, oso gutxi. Egun gehiago behar dira. Jende asko geunden. Jakiteko zer-nolako ekintzak egiten zituzten, jendea ezagutzeko, hiru egunetan ez duzu betarik. Sakontzeko denbora gehiago behar da, noski. Baina, tira.
Hiru egun lagunak egiteko balio izan dizute?
Kontaktuak izateko-eta, nahiko ondo. Lagun-lagunak izateko, ez. Denbora gutxi izan da. Normalean, zuk lagun bat izaterako pertsona ezagutu beharko duzu, eta horrek denbora dakar. Baina, hori, kontaktuak izateko, nahiko ondo.
Ongi pasako zenuen, ezta?
Bai, bai, bai, bai, bai.
Berriemaile izateko beste aitzakia?
Jakina.
Jarraituko duzu berriemaile izaten?
Ez dakit oraindik, baina bai gustatu zait asko esperientzia hau. Pentsatu beharko dut, gauza asko ditut egiteko hurrengo urtean.