2022ko irailaren 30ean izendatu zuen Euskaltzaindiak euskatzain oso Castillo Suarez, eta uztailaren 1ean, larunbata, Sarrera-hitzaldia egin zuen Altsasuko Iortia kultur gunean, jaioterriarekiko sinbolismo handia izan zuen ekitaldian. Maitasunaren botanika hitzaldian Suarezek berarengan eta bere idazkietan eragina izan duten euskal poesia garaikidetik hainbat liburu eta egile hautatu zituen; Jose Luis Otamendi, Harkaitz Cano, Jon Gerediaga, Igor Estankona, Rikardo Arregi Diaz de Heredia, Miren Agur Meabe, Leire Bilbao, Amaia Lasa eta Bernardo Atxagaren poemak gogora ekarri zituen, bere bizipen pertsonalekin eta landareekin kateatu zituenak. Miren Agur Meabek erantzuna eman zion.
Botanika
Euskaltzaindiak Osoko bilkura egin zuen uztailaren 1ean, Altsasuko udaletxean. Hura amaituta herriko txistulariekin agintarien segizioa iratzez inguratutako Iortia kultur gunera iritsi ziren, eta Altsasuko ezkila errepika amaituta, Javier Ollo Altsasuko alkateak ekitaldi instituzionalari hasiera emateko ongietorria eman zuen, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera. Iortia kultur guneko erakusketa gela txiki gelditu zen.
Castillo Suarez Sagrario Aleman eta Miren Agur Meabe euskatzainak lagunduta sartu zen Sarrera-hitzaldia ematera. Maitasunaren botanika hitzaldian idazlearen poetikaren ezaugarriak erakusten dituzten landareen bidezko bere bizitzan eta obran eragina izan duten poemen liburuak harilkatu zituen: idazteko ausardia, politika, oroimena, hiztegigintza, biziraupenerako gogoa... Miren Agur Meabek gutunen bidez erantzuna eman zion, idazle altsasuarraren gai batzuk aipatuz.
Sarrera-hitzaldia eman ondoren euskaltzain berriak karguaren zina egin zuen eta domina, diploma eta ikurra jaso zituen Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldi instituzionala amaituta, Altsasuko Udalak kintoek eramaten dituzten gorosti makila bordatutako zintaz apainduta oparitu zion, eta behin kanpoan Altsasuko zortzikoa dantzatu zuten dantzari, agintari eta herritarrek.
👩🎓Pasa den larunbatean, Castillo Suárez idazle nafarrak Sarrera-hitzaldia irakurri zuen Altsasun.
— Euskaltzaindia (@plazaberri) July 6, 2023
👉Euskaltzaindiak 2022an izendatu zuen euskaltzain oso.
📽️Ekitaldiaren laburpen-bideoa, hemen: https://t.co/MHW2cooqem#ekinetajarrai @IdazleElkartea @guaixe #euskara #altsasu pic.twitter.com/QCemREV6RE