Astekaria

"Ulertzen dut poesia badela gogoeta egiteko genero bat"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko uzt. 12a, 14:25

Castillo Suarez Euskaltzain Oso izendatu berri. IÑAKI MENDIZABAL

Uztailaren 1ean Castillo Suarez idazleak Euskaltzaindiaren Sarrera-hitzaldia egin zuen Iortia kultur gunean: 'Maitasunaren botanika'; ondoren, euskaltzain oso zina egin zuen.

2022ko irailaren 22an izendatu zuen Euskaltzaindiak euskaltzain oso Castillo Suarez idazle altsasuarra, eta uztailaren 1ean, Iortia kultur gunean egindako ekitaldian, Akademiaren sarrera-hitzaldia egin zuen: Maitasunaren botanika. Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela zin egin ondoren, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso zituen Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik.

Hitzaldian, idazleak bere bizitzan eragina izan duten poema liburuak gogoan izan zituen, eta hainbat liburu eta egile hautatu zituen, eragina izan dutenak berarengan eta bere idazkietan. Miren Agur Meabek Zazpi gutun eta erditxo Maitasunaren botanikariari bidez eman zion erantzuna, poetikari eta estetikari buruzko gogoeta intimo batean. Sahatsa eta pi eta Juantxo Zeberio musikariek musika jarri zuten, eta ekitaldi ofiziala amaitzean, Suarezek Altsasuko Udalaren oparia jaso zuen: kintoek daramaten zintaz apaindutako gorosti makila, non Suarezen sinboloetako bat eta ekitaldiaren sinboloa izan zena agertzen den: iratzea. Behin Iortia zabalgunean, herritar, agintari eta dantzariek zortzikoa dantzatu zuten. Sarrera-hitzaldiaren ekitaldia aurretik Euskaltzaindiak Osoko bilkura egin zuen Altsasuko udaletxean.


Altsasuko udaletxetik Iortiara txistulariak languduta joan ziren. IÑAKI MENDIZABAL

AKADEMIA
Hasteko, zer da Euskaltzaindia?
Euskaltzaindia hizkuntzaren akademia da; euskararen akademia ofiziala, esan dezagun. Bi atal ditu: alde batetik, hizkuntzaren korpusa deitzen dena edo hizkuntza bera eta, bestetik, hizkuntzaren estatusa edo hizkuntzaren egoera lantzeko atala. Egia da askoz ere ezagunagoa dela lehenengoa, Euskaltzaindiak egiten duen arautzea eta abar. Jendeari Euskaltzaindia aipatzean arauak datozkio burura: "Zergatik lehen hitz honek ha zeukan eta orain ez...". Jendea ez da jabetzen erabaki horien atzean izugarrizko lana dagoela; dokumentazio lan handia. Horrelako erabaki bat hartzeko aurreko testuak, erabilera eta abar aztertzen dira. Ez dira nolanahi hartzen.

Nola antolatzen da?
Atal bat Iker da eta bestea Jagon. Iker hizkuntzaren gramatikaz eta arautzeaz arduratzen dena da, eta Jagon hizkuntzaren estatusaz arduratzen dena. Batzorde batzuk daude, batzuk finkoak dira eta hor material bat lantzen da. Gero, hilabeterako bilkura bat daukagu, normalean aldiro toki ezberdin batean; Euskal Herri osoan egiten ditugu. Azkenekoa Altsasun egin genuen, baina aurretik Baionan egin genuen; Iruñean, Donostian... Hilabetero egiten dugu, eta hor erabakiak hartzen dira. Aldez aurretik batzorde batzuek landu dute hori. Beste batzorde batzuk daude suntsikorrak deituak, eta egitasmo jakin baterako sortzen dira eta egitasmoa bukatzen denean desegiten dira. Euskaltzain buru bat dauka, Andres Urrutia, eta zuzendaritza bat, eta zuzendaritzan dago Nafarroako ordezkari bat, Sagrario Aleman dena, hau da, Nafarroako Euskaltzaindiko arduraduna Sagrario Aleman da. Egoitza nagusia Bilbon dago eta Gasteizen, Iruñean, Donostian eta Baionan ordezkaritzak ditu.

Zenbat kide ditu? Zenbat euskaltzain oso zarete?
Kontua da euskaltzain osoek 75 urte betetzen dituztenean euskaltzain emeritu bihurtzen direla. Orduan, horietako batzuek bilkuretara joaten jarraitzen dute. Adibidez, Patxi Zabaleta, nik haren lekua hartu dudan arren, bilkuretara joaten jarraitzen du. Gehienez, 32 euskaltzain oso.

Zer egin behar da Euskaltzaindiako parte izateko? Zein izan da zure ibilbidea?

"Euskaltzain urgazlea da aitortzea euskararen alde egin duzun lana"

Ni 2016. urtean izendatu ninduten euskaltzain urgazle. Urgazlea izatea da nolabait aitortzea euskararen alde egin duzun lana, eta urgazle izan nahi duzun proposatzen dizute. Nik baietz esan nuen. Urgazle izateak aukera ematen du batzordeetan parte hartzeko, eta nik hizkuntzaren estatusa lantzen den batzorde horretan parte hartu izan dut. Egia da Euskaltzaindiak gai zehatzetarako adituak deitzen dituela, eta ez duzula zertan urgazle izan bertan hartzeko. Euskaltzain oso izateko, hutsarte bat dagoenean, hau da, norbait emeritu bihurtzen denean, hutsune hori bete behar dela iragartzen dute. Gehienak herrialdearen araberakoak dira. Ni Nafarroako ordezkaria naiz, esaterako. Uste dut denak ez garela herrialde zehatz batekoak, garai batean pertsona bat jaiotzen zen herrialde batean eta hor hiltzen zen, baina gaur egun herrialde batean jaio eta beste batean lan eta bizi dira. Horrelako egoeretan ez dakit pentsatu duten; pentsatzen dut baietz. Ni Nafarroan jaio naizenez eta bizi naizenez, zalantzarik ez zegoen. Baina ez dakit den denak irizpide horren arabera aukeratuak izan garen.

Euskaltzain oso bihurtzeko bozketa bat egon behar da, ezta?
Hori da. Hutsunea iragartzen da, eta orduan Euskaltzaindiko norbaitek hutsune hori betetzeko pertsona bat proposatu behar du. Hiru euskaltzain osoren sinadura behar da. Nire kasuan, lau izan ziren: Sagrario Aleman, Paskual Rekalde Nafarroan azkena sartu zena, eta gero, bi idazle, Bernardo Atxaga eta Miren Agur Meabe. Horiek sinatu zuten nire hautagaitza. Bi geunden, baina ni atera nintzen. Bozketa irailean egin zen, Nafarroako Legebiltzarrean.

"Bederatzigarren eserlekua egokitu zait; jendeak galdetzen dit ea zer letra den"

Bederatzigarren eserlekua egokitu zaizu, Patxi Zabaletarena zena, zer esan nahi du horrek? 
Jendeak galdetzen dit ea zer letra egokitu zaidan, Espainiako Akademiakoa horrelakoa delako. Nik ez dakit... Aurretik Joxe Agerre egon zen, ondoren Damaso Intza eta azkenik Patxi Zabaleta.

Zein da zure lana?
Nik sustapen batzordean parte hartzen dut. Hilabetero joaten naiz dagokion tokira osoko bilkurara. Egiten ari naizen beste lan zehatz bat da Itxaro Bordarekin eta Miren Agur Meaberekin poesia jardunaldi bat antolatzea, Lekeition. Batzorde suntsikor deitutako horietako bat da. Bukatzen dugunean ez dakit nazkatuko garen eta ez dugun berriro antolatuko, edo ongi aterako den eta hurrengo urtean errepikatuko dugun.

Altsasuko udaletxean osoko bilkura egin zenuten, zer erabaki zen bertan?
Osoko bilkura baten ordena da, esaterako, Euskaltzaindiaren hiztegian adibide batzuk ematen dira eta horiek batzuetan sexistak edo desegokiak dira, eta hori, egiten ari garen lan bat da; berritzen, kentzen, egokitzen eta ordezkatzen desegokiak diren adibide horiek. Egiten ari garen beste gauza bat da Espainiako Autonomia Erkidegoen izenak normalizatzea: asmatzen ari naiz, baina nola esan behar da, Palma, Palma de Mallorka edo Maiorkako Palma... Nola eman behar diren euskaraz. Gero ortotipografia deitzen dena arautzen ari gara ere, noiz den letra etzana, noiz ez, zer idatzi letra larriz, xehea noiz, eta abar. Horrelako gauzak erabakitzen dira osoko bilkuretan. Dena dira gauza linguistikoak. Norbaitek aurretik landu ditu, bilkurara eramaten dira, azaltzen dira eta proposamenak egiteko epe bat ematen da. Batzuetan esaten digute hurrengo bilkuran erabakiko dugula, eta beste beste gauza batzuk bilkura horretan bertan erabakitzen dira.


Altasuko Udaltxean egindako Euskaltzaindiaren Osoko bilkura. IÑAKI MENDIZABAL

Eta non ikus daitezke erabakitako arau horiek?
Esan beharra dago Euskaltzaindiak webgune bikaina duela (euskaltzaindia.eus). Baliabide pila bat daude eta norbaitek zerbait bilatu behar badu izugarria da bertan dagoen materiala. Argitalpen zerbitzu bat ere badauka. Formatu klasikoan ere argitaratzen dira, eta Euskara aldizkaria.

Hitzaldiaren hasiera euskararen normalizazioa aipatu zenuen, zer egin daiteke?

"Patxi Zabaletak 1986an egin zuen hitzaldia, eta euskararen legea ez da aldatu"

Patxi Zabaleta ordezkatu behar nuenez, Patxi Zabaletak egin zuen sarrera-hitzaldia hartu nuen eta bertan Nafarroako Euskararen legea zabaldu beharraz aritu zen. Asuntua da 1987an egin zuela, eta lege berberarekin jarraitzen dugula. Nik lege horrek dituen hutsuneak eman nituen aditzera, eta gauzak, zoritxarrez, ez direla hainbeste aldatu. Esaterako, ofizialtasunik gabe jarraitzen dugu. Irakaskuntzari dagokionez, kezkaz begiratzen diegu azkeneko urteetako matrikulazio datuei. Komunikabideak dirulaguntzen oso menpekoak dira, eta euskarazko hedabideen egonkortasuna mugatzen da. Administrazioan lege garapenik gabe jarraitzen dugu. 

Zein da Euskaltzaindiaren sasoia?

"Euskaltzaindiak abantaila bat du: Euskal Herri osoko erakunde bat da; ikusgarria da"

Euskaltzaindiak badu abantaila bat, eta da Euskal Herri osoko erakunde bat dela, eta horrelako oso gutxi daudela. Euskal Herri osoa hartzen du. Euskaltzaindia lan handia egiten ari da ezagutzera ematen, zabaltzen. Orain arte jendeak zuen ideia zen erudito kuadrilla bat zela, apaiz eta fraide kuadrilla bat, eta hala zen. Hizkuntzaren zaintzaileak erlijioari lotuta egon dira, euskara batua Arantzazuko santutegian sortu zen, eta ez da kasualitatea. Gaur egun ikusgarria da, eta komunikazioan izugarrizko lana egin da ere. Oraindik baditu garai bateko zentzuak, nire izendapenaren ekitaldia esate baterako.

SARRERA-HITZALDIA
'Maitasunaren botanika' zen zure Sarrera-hitzaldia. Nondik sortu zen?
Garbi neukan literatura garaikidearen inguruan egingo nuela, eta nik ongi ezagutzen dut poesia. Nire haurtzarotik hasi nintzen, eta nire bizitzan mugarri izan diren poema liburuak aukeratu nituen. Garbi neukan zein liburu ziren. Orduan, kontua zen zerrenda bat baneukala, baina gauza zen nola harilkatu 40 minutuko diskurtso batean. Erabaki nuen nire bizitzako pasarteak eta naturako elementuak izan zitezela hariak. Maitasuna zehazki, maitasunari buruzko gogoeta. Nik ulertzen dut poesia badela gogoeta egiteko genero bat. Orduan, hortik abiatuta, nire irakurketetatik eta ibilbidetik abiatuta, mintegi bat egitera iritsi nintzen. Mintegia zer da? Nire poetikaren elementuak biltzen dituen mintegia. Horrekin bukatu nuen. 


Castillo Suarez Sarrera-hitzaldia irakurtzen. IÑAKI MENDIZABAL

Zein izan zen prozesua?
Abantaila izan nuen nire aurretik Miren Agur Meabe euskaltzain oso sartu zela, eta bere Sarrera-hitzaldiari erantzuna ematea tokatu zitzaidala. Orduan, egoera horretan jarria nengoen, gutxi gora behera banekien nondik jo behar nuen. Askotan idazten duzu eta ez dakizu ahozkorako balioko duen, zenbat denbora kostatuko den irakurtzea edo jendaurrean irakurtzekoa den. Garbi neukan ahots gora irakurtzeko testua zela, testu arina da.

Etxean entseatu eta kalkulatu zenuen?
Miren Agurren erantzunerako hamabost eta 20 minutu inguru nituen eta bost orrialde eta erdi idatzi nituen. Kasu honetan, ez da hamaika orrira iristen... Bi aldiz irakurri nuen etxean, bi egun falta zirenean eta bezperan, ahots gora, eta zuzenketa batzuk egin nituen. Esan beharra dago testua nik egin nuela, baina zuzentzen Fernando Reyk lagundu zidan. 

Zergatik landareak? Eta zergatik landare jakin horiek?

"Hitzaldian apiatzen dira nire bizitzaren harremana duten landareak"

Hitzaldian nire bizitzarekin harremana duten landareak aipatzen dira: pikondo bat, nire gurasoen etxean dagoena; palmondo bat, nik maite dudan idazle batek aipatzen dituelako eta, nik uste, Kanariar irletan bizi izan delako dela; albitza, maite dudan liburu baten atal bat delako; iratzeak, erabiltzen dudan sinboloa, Irautera liburuan erabili nuena hitz joko hori egiten dudalako, iratzea eta irautea; limoiondoa, Miren Agur Meaberen baratzean dagoelako; esporak, iratzeekin lotuta; oihana eta larreak orokorragoak...

Iratzeen presentzia handia izan zen.
San Juango Altsasuko ohitura hori nolabait egun horretan presente egon zedin.


Altsasuko Udalak kintoek eramaten duten apaindutako makila oparitu zion. IÑAKI MENDIZABAL

Altsasurekiko sinbolismo handia: iratzeak, ezkil errepikarekin iritsi Iortiara, Altsasuko Udalaren kintoen makilaren oparia...
Eta zortzikoa Unairekin. Unai Uhalde nire txikitako laguna zen, asko maite dut, zortzikoan parte hartu zuten guztiak, baina bereziki ilusioa egin zidan Unai dantzatzen ikustea txikitatik lagun minak garelako. Hori ez zegoen nire esku. Orain badakit Betisa Anda Altsasuko kultur teknikaria eta nire lagun batzuk egon zirela hori antolatzen, Euskaltzaindiko kideekin eta enpresa batekin batera.


Ekitaldi ofizialaren ondoren Altsasuko zortzikoa dantzatu zuten. JUAN MARI APAOLAZA

Landareak bai, baina Miren Agur Meabek esan zuen bezala, elurra falta zen.
Askotan aipatzen dut elurra nire obran; nire sinboloetako bat da. Miren Agur Meaberi erantzun nionean, berak itsasori buruz egin zuen eta nik ez dakit ezer itsasoari buruz, orduan beste toki batetik atera nintzen. Esan nion nik ez nuela elurrik aipatuko eta nahi bazuen berak egiteko. Berak adierazi zidan agian elurrari buruz egingo zuela, nola aipatzen dudan elurra nire liburuetan. Kontua da berak ere ez zuela egin. Benetako erantzuna eman zidan, esan nahi dut, nik eman nion nire hitzaldia eta bera hurrengo egunean Galiziara joan zen, trenez, biok maite dugun idazle baten etxera, Olga Novorenera, eta bidaia horretan idatzitako gutunak ziren.

Zuk aurretik irakurri zenuen?
Eskatu nion nahiago nuela egunean bertan entzutea.


Miren Agur Meabe erantzuna irakurtzen. IÑAKI MENDIZABAL

Eta espero zenuen? 
Ez nuen espero. Kariño handiarekin egina zegoen. Nik uste dut biok ekarri dugula gauza bat Euskaltzaindira. Zera da: gure hitzaldiak informalagoak dira. Ez dakit nola esan. Gure soslaia horrelakoa da. Besteak linguistak dira, eta ongi ezagutzen duten gaia zurrunagoa da. Orduan nik uste jendeak estimatu zuela, eta uste dut espero zutela horrela izatea erantzuna ere. Ezagutzen gaituzte. Hurrengoa Itxaro Borda izango da, eta uste dut mugari buruz egingo duela hitzaldia.

Idazle asko zaudete dagoeneko Euskaltzaindian, literaturari buruz hitz egiteko tartea duzue?
Momentuz ez dugu gure zirrikitua ireki. Dinamika oso barneratua dago. Lehengoan Miren Agurrek esaten zidan ikasi beharko dugula oharra egiten. Ez dakigu oharrak nola egin, zer sistematika dagoen.

Hitzaldia Euskaltzaindiaren argitalpenen batean jasoko dute?
Bai; Euskara aldizkarian. Andres Urrutiak eta Javier Ollo alkateak egindako hitzaldi edo sarrerak, nire hitzaldia eta Miren Agur Meaberen erantzuna sartuko dituzte.


Sagrario Aleman eta Miren Agur Meabe Castillo Suarezen bila joan ziren. JUAN MARI APAOLAZA

Nola bizi izan zenuen?
Ni lasai egon nintzen. Egia esan, terriblea iruditu zitzaidan; esan nahi dut, kontuan izan ni kanpoan nengoela, errepika entzuten nuen, eta han nengoen ni. Momentu hura luzea egin zitzaidan. Sagrario Aleman eta Miren Agur Meabe nire bila etorri zirenean ere ez nekien nondik joan behar nintzen. Ez dakit zaharkitu hitza erabili behar dudan gauza horiek deskribatzeko; bai, zaharkitua.

Erlazionatuak