Nasuvinsa enpresa publikoak Isphording zenaren lurretan Txunkai industrialdea eginen du. Horretarako, lehenik, lantegi zaharra bota, obra hondakinak atera, lursaila garbi utzi eta zoru azpitik kutsadura kentzeko lanak eman zituen. Horiek bere gain hartu zituen Excavaciones Fermin Oses SL enpresak, 417.558,9 euroren truke (BEZ barne).
Oraingoan Nasuvinsak jakinarazi duenez, Txunkaiko eremu horretatik Altzania ibaira isurketa bat dago. Ingurumen arazoa konpontzeko lanak lursailean dagoeneko lanean ari den enpresari ematea erabaki du Nasuvinsak. Excavaciones Fermin Oses SL enpresak gainera Isphording instalazio zaharretan eraisteko eta kutsadura kentzeko proiektuaren II. faseko lan osagarriak egin beharko ditu. Dagoeneko enpresak han hasiak dituen lanekin koordinatu beharko ditu obra berriak. Egiteko horregatik enpresak 454.082,81 euro (BEZik gabe) jasoko ditu.