Identitatea ordezkatu diotela salatu du Ospak!-k

Guaixe 2023ko ira. 7a, 08:46

Joan den urteko Ospa Eguneko manifestazioa. ARTXIBOA

Hainbat hedabidetan argitaratutakoak Ospa! mugimenduan ez direla adostu jakinarazi dute. "Alde Hemendik! leloa desegoki erabiltzen" dela iruditzen zaio gaur egun; "poliziaren auzia bere osotasunean azpimarratzen duen leloa da Poliziarik ez!"

Errepresioaren kontrako Ospa! mugimenduak hainbat hedabidetan zabaldutakoaren kontura bere iritzia ematera "behartuta ikusi" du bere burua. Ospako kideek ziurtatu dutenez, "argitara atera diren hitzak ez dira Ospa!-n adostutakoak izan eta ez ditugu gure egiten. Argi utzi nahi dugu ez dugula gure urteetako garapen eta ibilbidea modu interesatuan desitxuratzen utziko". Ziurtatu dutenez, "aurten Ospa! egunik ez antolatzeak ez du esan nahi aurrerantzean egongo ez denik, ezta Ospa!-ren jarduna bera eten denik ere. Are gehiago: errepresioaren aurkako borrokak premiazkoa izaten jarraitzen du, izan ere, sistema kapitalistak dirauen bitartean burgesiak bere ordena mantentzeko ezinbesteko zaion tresna baita errepresioa".

Mugimendukoek gaztigatu dutenez, "poliziaren langileen kontrako ekintzak errepresio horren isla dira", esaterako: desalojoak, kontrolak, isunak, atxiloketak… Ospa!-ko kideek ziurtatu dutenez, "egun, gauzak aldatu ez eta langile klasearen pobretze konstantean, ustezko gobernu progresistenaren eskutik heldu zaigu errepresioaren gorakada. Sozialdemokraziaren kudeaketak argi utzi du berriz ere polizia kapitalismoari loturiko arazo estrukturala dela eta poliziak bete beharreko funtzioak ezin dituela aldatu". Gaineratu dutenez, "polizia batek edo bestek beteko ditu zereginak, baina eginkizuna bere horretan jarraituko du, berdin duelarik poliziaren kolorea edo bandera".

Gaur egun ez dute egoki jotzen Alde Hemendik! leloa, "nahiz eta Euskal Herriko gatazkan aldarri garrantzitsua izan den. Gaur egun poliziaren auzia bere osotasunean azpimarratzen duen leloa beharrezkoa dela uste dugu". Ospa! mugimenduko kideen iritziz, "Poliziarik ez! aldarriak adibidez, poliziaren forma bera ezeztatu eta hori gainditzea lortzea bilatzen du". Argudiatu dutenez, "polizia sistema kapitalistari beharrezkoa zaion bezala, azken hori suntsitzea ezinbestekoa da poliziaren funtzioarekin bukatzeko. Hau da, polizia ezin da nazio mailan soilik konpondu daitekeen auzitzat hartu. Nazioarteko auzia da".

Erlazionatuak

Ospa Egunik ez aurten

Guaixe 2023 ira 06 Altsasu