Aspek antolatu zezakeen jaialdirik interesgarrienetakoa ekarri zuen atzo Altsasura: Ezkurdia-Zabaleta, Altuna-Martijaren kontra. Ikusmin handia zegoen, eta pilotazaleek ez zuten huts egin: Burunda pilotalekuak dituen 805 tokietatik oso gutxi geratu ziren libre. Sarrera bikainarekin oso pozik zeuden Aspeko arduradunak. Kuriositate moduan, Madrilgo komunikabide bateko kazetariak partidaren irudiak hartzen aritu ziren, erreportaje batetarako.
Jaialdia zabaltzen zuten partida polita izan zen. Aaron Arbizu atzelari etxarriarrak Exposito izan zuen bikoa, Mataren eta Gaskueren kontra. Exposito eta Arbizu indartsu hasi ziren eta errenta handia hartu zuten, baina Mata eta Gaskue gerturatzen hasi eta partida buelta emango ote zioten, hori izan zen zalantza. Partidak aurrera egin ahala Gaskue oraindik bere onenean ez dagoela ikusi ahal izan zen, lesio bat gainditzetik baitator, eta zertxobait behera egin zuen. Azkenean 22 eta 15 irabazi zuten Expositok eta Arbizuk, Burunda pilotalekuaren gozamenerako. Aaron Arbizu ongi aritu zen. “Aaron oso ongi dabil” azaldu zuen pilotaren munduan izugarri dakien Altsasu Kirol Elkarteko Pablo Lopez de Goikoetxeak.
Zabaletaren sustoa
Ezkurdia, Zabaleta, Altuna eta Martija kantxara atera zirenean berotu zen giroa. Baina lehen tantoa jokatzen ari zirela, ezker paretan pilotakada jo behar zuenean eskuin hanka bihurritu eta lurrean bukatu zuen Zabaletak. Pilotarien laguntzaz aldageletara atera, eta okerrena pentsatu zuten pilotazaleek: Zabaletak ezingo zuela jarraitu. Zorionez, Aspeko mediku Txema Urrutiak tratamenduan asmatu, eta Zabaleta kantxara itzuli zen, txalo artean. Eta ez nolanahi, primerako maila eman zuelako.
Egia esan, lau pilotariak ikusgarri aritu ziren. Horren isla, partida oso parekatsua izan zen. Berdinketa, bata bestearen atzetik: 5-5, 7-7, 8-8, 10-10, 12-12, 13-13, , 14-14, 15-15, 16-16... Atzelariak, ikusgarri ibili ziren, eta aurreko koadroetan Ezkurdiak tanto ikusgarriak akatsekin tartekatu zituen, Altunak bezala. Tantoak luzeak ziren, borrokatuak, eta partidaren gogortasunaren isla, izerdi patsetan zeuden lau pilotariak. Binakako txapelketan baleude bezala. "Ezin da gehiago eskatu" zioen behin eta berriz Lopez de Goikoetxeak.
Azken txanpan Altunak eta Martijak tartea ateratzea lortu zuten: 17 eta 19 aurreratu ziren, baina Ezkurdiak eta Zabaletak ez zuten etsi, eta Julen Martijak goiko koltxoira bidalitako pilotari esker eta Ezkurdiak egindako tanto ikusgarri bati esker. hemeretzina berdindu zuten. Azken berdinketa izan zen, Ezkurdiak eta Zabaletak Altunari eta Martijari ez baitzieten aukera gehiagorik eman nahi izan. Bi tanto ederrekin 21 eta 19 aurreratu zen biko sakandarra, eta azken tantoan Martijak ezin izan zuen Ezkurdiaren azken sakea erantzun. Horrela, 22 eta 19 gailendu zen biko sakandarra.
Jagobaren sinadura preziatua
Pilotazaleek gozatu ederra hartu zuten. Altsasuko publikoan bildu zirenen artean aurpegi ezagunak zeuden, baina, akaso, arreta gehien jaso zuena Jagoba Arrasate izan zen. Osasunako entrenatzaileak makina bat sinadura eta argazki egin behar izan zituen.