Auto bat Altsasu institutuko sarrerako teilatuan

Guaixe 2023ko ira. 26a, 09:34

Altsasu Institutuan autoa sarrerako teilatu gainean etan bizikletak paretan, bidegorria eta autoen erabilera murrizteko eskatzen. UTZITAKOA

Horrela ikastetxeak sormena, jasangarritasuna eta aldarrikapena uztartu ditu; ikasturtean zehar landuko duten Mugitu pedagogia proiektuaren abiapuntua da, Altsasuko ikasleak bizikletaz etortzera animatu nahi ditu eta haiendako bidegorri bat aldarrikatzen du.

Ezohiko irudi bat: auto bat sarrerako teilatu gainean. Irudi harrigarri horrekin hasi dute ikasturtea Altsasu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuan. Autoari lotuta globo batzuk daude, autoak airean atera nahiko balu bezala. Bizikletari bide, autoari aire! mezua zabaldu nahi du ikastetxeak haren bidez. Sarrera ondoko paretan, bestelakoa da irudia: hiru bizikleta daude zintzilik, eta, azpian, belardi batean atera diren hiru margarita erraldoi daude. "Bi irudi multzo horiekin bizikleta gehiago eta auto gutxiago mezua zabaldu nahi dugu. Hau da, bizikletari bidea egiteko, autoak bidetik desagertu daitezen, aire! joan daitezen", azaldu dute ikastetxetik.

Altsasu institutuak 585 ikasle ditu. Sakanako gainontzeko herrietatik ikastetxera autobusez joaten dira, baina 260 bat ikasle altsasuarrendako ez dago garraio publikorik. Ikastetxearen ondoan Iñigo Aritza ikastola dago. Eguneroko joan-etorria "ikasle batzuek oinez egiten dute, besteek bizikletaz eta beste askok autoz", azaldu dute ikastetxetik. Ondorioa jakina da, ikastetxeko sarrera-irteera orduetan "ibilgailu, autobus eta oinezkoen pilaketa arriskutsuak sortzen dira". Ikastetxetik gaztigatu dutenez, "horri gehitzen bazaio argiztapen eskasa, eta lurzoru eta espaloiaren egoera txarra, arriskua biderkatu egiten da. Horregatik behar-beharrezkoa jotzen dugu ikasle horiei guztiei konponbide bat eskaintzea: argiztapen egokia, errepidea eta espaloiak berritzea, eta bizikleta, patinete edo oinezkoei egokitutako bidea egitea; horrela, Altsasu jasangarriago, osasuntsuago eta seguruago bat izateko", ziurtatu dute ikastetxetik.

Altsasu institutuak jakinarazi duenez, ikastetxeko fatxadako irudia eta sarrerako teilatuko autoa, Mugituz izeneko pedagogia proiektu zabalago baten abiapuntua izan da, "diziplina arteko proiektua da, ikasturtean zehar garatuko dena". Proiektuan kontzientziazioa eta sentsibilizazioa jorratuko dituzte, batez ere DBH 4 eta Batxilergoko 1. mailetan. Besteak beste ingurumena, klima larrialdia, mugikortasun jasangarria edota energetikoa landuko dituzte. 

Ikastetxeak ekimenean lagundu dieten hiru enpresari eskerrak eman dizkie: autoa Desguaces La Cabañak eman eta ekarri zien, Excavaciones Maciak ibilgailua teilatura igo zuen eta Talleres Letonak bizikletak utzi zizkien.

Panel fotovoltaikoak
Oporrak baliatuz, Altsasu institutuak energia jasangarritasunaren bidean pausoa eman eta teilatuan panel fotovoltaikoak jarri ditu. "Hemendik aurrera eguzkiaren energia xurgatuko da ikastetxea argiz hornitzeko", adierazi dute. Jakinarazi dutenez, "ikastetxean ez gauden bitartean sortzen den energia osasun etxera bideratuko da".

Hezkuntza Departamentuak guztira 93 plaka jarri ditu ikastetxean. Bakoitzak 555 W sortzeko aukera du, beraz, guztira 51,615 KW ekoitziko dira. Azpiegiturak duen inbertsorea 50 Kwkoa da. Departamentuaren arabera argindar ekoizpena 5.6624,25 KW/h urteko. Panelen bidez ez da sortuko institutuak kontsumitzen duen elektrizitate guztia, baina ikastetxea erabiltzen ez den orduetan, arratsaldeetan eta asteburuetan, Altsasuko Osasun zentrora bideratuko da energia. Eguzki panelak jartzeko departamentuak 38.000 euroko (BEZik gabe) inbertsioa egin du.