Sinadurak, adinekoendako bizitza duina izateko

Guaixe 2023ko urr. 10a, 09:26

Sakandarrak pentsio duinen aldeko sinadura ematen.

Haien bidez Nafarroako Gobernuari eskatuko diote 1.080 eurora iristen ez diren pentsioak osatzeko konpromisoa hartzeko aurrekontuetan. Altsasuko azokan bilduko dituzte sinadurak.

Zahartzaro duina bermatzeko pentsiodunek hilero gutxienez 1.080 euro jaso behar dute, urtean 14 ordainketa. Hala uste dute 1080 euro orain herri ekimeneko sustatzaileek. "Gaur egun hori ziurtatzeko modu bakarra Nafarroako erakundeek aurrekontuen bidez konpromisoa hartzea da, 1.080 eurora iristen ez diren pentsioak osatzeko". Horretarako 60 milioi beharko liratekeela azaldu dute. Gaztigatu dutenez, erabakiak 32.000 nafarri eraginen lieke, %66 emakumezkoak. 

Eskaera horri babesa emateko herri ekimenak sinadura bilketa hasi du. Sakanako pentsiodunen mugimenduko kideek irailaren 27an ekin zioten horri. Haien asmoa da Altsasuko azokan asteazkenero sinadurak biltzeko mahaia jartzea 11:00etatik 13:00etara. Gaur Irurtzungo azokan egon dira eta heldu den astelehenean Etxarri Aranazkoan. Nafarroa Oinezen ere sinadurak biltzeko mahaia jarri zuten eta 750 jaso zituzten. Herri ekimenak, bestalde, pentsio duinen aldeko eskaera kalera aterako du azaroaren 11n, larunbata, Iruñeko Baluartetik 17:30ean abiatuko den manifestazioaren bidez. 

Herri ekimena honako eragileek sustatu dute: CGT, COESPE Navarra, EHNE, EILAS, ELA, Ernai, ESK, LAB, Nafarroako mugimendu feminista, Nafarroako pentsiodunen mugimendua, Nafarroako Pentsionistak Martxan, Oneka, Nafarroako Osasun Plataforma, Reas Navarra eta Sasoia.

Erlazionatuak