Itziar Nazabal Regueira altsasuarra une honetan Hego Korean dago IX Goejeko Nazioarteko Arte Jaialdian parte hartzen. Altsasuarra artista gonbidatu ez ezik, arte festibaleko epaimahaikide izateko "ohorea" izan du aurten, eta artistak gonbidatu ahal izan ditu. Haegeumgang Theme Museumek antolatzen duen jaialdia Hego Koreako arte topaketa garrantzitsuenetarikoa da, eta bertan 50 herrialde baino gehiagoko 347 artistek parte hartu dute, tartean Nazabalek aukeratutakoak. Atzo, urriak 5, artista altsasuarrak performancea egin zuen arte festibalaren mustutzean.
Itziar Nazaba Hego Koreako IX. Goejeko Nazioarteko Arte Jaialdiko epaimahaikidea da
Goejeko Haegeumgang "museo pribatu bat da zonalde horretan artea zabaltzeko helburua duena. Beraien filosofia artea positibotasunetik eta alaitasunez erakustea da. Itxaropen mezua helarazi". Besteak beste, filosofia hori Life is Art (Bizitza artea da) jaialdian gauzatzen dute, eta aurten bederatzigarren edizioa egiten ari dira. Nazabalek festibalean parte hartzen duen bigarren aldia izanen da, "aurretik artista gisa parte hartu dut kurator batek, arte bilatzaile batek, gonbidatu ninduelako". Aurtengo edizioan Nazabal ere nazioarteko epaimahaikide da; hemeretzi herrialdetako kideek osatzen dute epaimahaia.
Gloria Grau artistak gonbidatu zuen Nazabal Goejeko jaialdian epaimahaikide izatera. "Zeregin eta lanen artean festibalean parte hartzeko eta museoan haien obrak erakusteko ezagutzen eta baloratzen ditudan artistak zuzenean gonbidatzeko aukera izan dut, aurre hautaketatik pasa gabe".
Guztira, Nazabalen "taldea" hamasei artistak osatzen dute, hamabost gonbidatu, eta artista bera. Artista gonbidatuen artean zenbait sakandar daude: Elena Vera arte digitala egiten duen altsasuarra; Jule Costa margolari ziordiarra, eta Manola Arregi margolari altsasuarra. Sakandarrak ez ezik, Nazabalen taldean sei euskaldun, kataluniar bat, hiru tunisiar eta bi marokoar daude: Aitor Renteria, Ana Undurraga, Conchi Ororbia, Iñaki Villanueva, Paola de Miguel, Patxi Aldunate, Teresa Jorda Vito, Selima Tria, Najet Gherissi, Ghassen Gherissi, Mahacine Al Ahrach eta Mohamed Chuillaj. Pintura, bideogintza edo argazkilaritza diziplinak lantzen dituzte.
Jaialdia
Urriaren 3an hasi zen Goejeko arte jaialdia eta urriaren 10era arte iraunen du. Festibalak iraun bitartean mundu osoko hirurehun artista baino gehiagoren lanak erakusten dira Haegeumgang museoan. "Honek artiston lanei ikusgarritasuna eta publizitatea ematen die, baita museoan egin daitezkeen beste erakusketetan parte hartzeko aukera zabaltzen zaigu ere". Arte jaialdiaren bederatzigarren edizioa da, eta orain arte ospatutako handiena dela uste du artistak. "Isla handia izaten ari da". Haegeumgang museoko erakusketa ez ezik, urriaren 1etik azaroaren 25era Hego Koreako lau museotan egiten ari dira jaialdiarekin zerikusia duten erakusketak. Tartean ere festibalaren barruan zeremoniak, sari banaketak eta aurkezpenak daude.
Atzo, urriak 5, Nazabalek bere performancea egin zuen festibalaren mustutzean. Ekimen honetarako propio sortutako performance dela azaldu du artistak, "baina beti bezala nire barrenak eta sormen prozesua erakusten du, nire pasioa eta esentzia erakutsiz". Performanceak Nazabalen sortzeko modua dira, ez zen "bilatutako" zerbait izan, baizik eta bere sormen prozesutik sortutako zerbait.
Life is Art jaialdiko nazioarteko epaimahaikide gisa, Nazabalek ere bere artista gonbidatuen artea Artista Bereziaren Saria emateko aukera izan du, eta berak Teresa Jorda Vitori eman dio. "Ez bakarrik bere profesionaltasun eta kalitate artistikoagatik, hori nire artista gonbidatu guztiek dutelako, baizik eta bizitzaz eta arteaz hitz egiten dugunean, bera Life is Art horren adibide delako. Pasioz beteriko emakume artista bat da, borrokalaria, eta akuarelista garaikidearen munduan ibilbide handi bat duena". Nazabalek Gloria Grau Ruiz arte zuzendariari eta Cheon Eob YU jaialdiko presidenteari eskerrak eman nahi izan dizkie, "sari hau banatzeko aukera emateagatik. Pribilegio, erantzunkizun eta ohore handia da".
Nazabal Hego Koreako esperientzia Ghassen Gherissi argazkilariarekin, taldeko kidearekin eta senarrarekin bizitzen ari da, eta bere sare sozialen bidez Asiako herrialdean bizitzen ari dena kontatzen ari da ere.