Astekaria

"Altsasuko feria egun polita da guretako"

Alfredo Alvaro Igoa eta Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urr. 24a, 13:34

Xabier Zelaia, eskuinean, Oihan Zelaia ilobarekin behorrak zaintzen. UTZITAKOA

Xabier Zelaia Elorza altsasuarrari familiatik datorkio artzaintza, eta duela hamabost bat urte profesionalki abeltzain egin zen. Aurten lehenengo aldiz behorrak erakutsi ditu ferian, eta lehiaketan parte hartu du; Altsasuko abere onenaren saria irabazi du.

Abeltzaintzak hitzordu garrantzitsua izan zuen urriaren 22an Altsasun: Feria eguna. Aziendaren presentziak Altsasu itxuraldatu zuen, eta azienda erakusgai izan zuen abeltzainetako bat Xabier Zelaia Elorza altsasuarra izan zen. Ardiak "betidanik" atera izan ditu azokara, baina aurten lehenengo aldiz parte hartu du abeltzain gazteak Zelai kaleko Zaldi erakusketa eta lehiaketan.

Altsasuko feria altsasuar batendako egun handia, ezta?
Ganadua gustatzen zaigunondako eta daukagunondako egun polita da. Betidanik egun polita izan da. Gure aitonaamonak gustura etortzen ziren ferietara; markatuta daukagun egun bat da. Ezagun asko etortzen dira, eta gosaltzera eta bazkaltzera biltzen gara.

Azienda ateratzen duzun estreinako aldia da?
Ardiak ia betidanik atera ditut. Txikitatik ikusi dut osabaizebek ateratzen zituztela, garai hartan lehiaketa zegoen, eta parte hartzen zuten. Ardi latxa, betiko artaldekoak. Behorrak lehenengo aldiz aterako ditugu. Orain dela bi urte erosi nituen, eta ateratzera animatu naiz. AuritzBurgete arrazakoak dira.

Behorrak Zelai kalean eta ardiak Otadiko Kristo Deuna kaleko plazatxoan egongo dira. Herriko punta batetik bestera.
Lagun batzuk etorri dira laguntzera. Azkenean, ardiena bakarrik erakusketa da, orduan goizean eramango ditugu eta hor egongo dira. Behorrena lehiaketa da, eta orduan behorren inguruan denbora gehiago egon gara.

Noiztik zara abeltzain?
Abeltzain hemeretzi urterekin hasi nintzen, eta 34 urte ditut, beraz, hamabost bat urte. Baina aurretik osabari laguntzen ibili naiz, txikitatik. Artzaina naiz, horretaz bizi naiz, eta ardiek jaten ez dituzten larreak eta belardiak aprobetxatzeko, behorrak jarri ditugu. Gustuko ditudalako ere bai.

Zergatik sartu zinen abeltzain?
Etxean ezagutu dudalako. Aitaren osaba bat artzaina zen eta da, oraindik barruan daramalako artzaina izate hori. Etxean ikusi dut, gustatu zitzaidan eta osabarekin hasi nintzen. 2017an ukuilu bat egin genuen ardi gehiagorendako, gaur egungo beharretara egokituta, eta hartan nabil ni. Gauzak larri daude, gero eta gehiago. Espekulazioak oztopoak jartzen dizkigu; Covidarekin hasi zen, gero Ukraniako gerra delakoa... Pentsuaren prezioak bikoiztu egin dira eta iazko lehortearekin bi edo hiru urte daramatzagu burua altxatu gabe. Baina, aurrera goaz, gogotsu.

Abeltzain familiakoa zara, baina artzain sartzeko zerbait ikasi zenuen?
Artzain eskolan egon nintzen eta gero praktikak etxe batean egin nituen.Dakidana etxean ikasitakoa da, artaldearekin txikitatik bizi izan dut eta manejua nolakoa den ikusi dut; hemengo baliabideak eta abar.

Nola gogoratzen duzu modu profesionalean hasi zinen garaia?
Errelebo bat bezala izan zen, osabarekin lanean bainebilen. Ez nuen diferentzia handia nabaritu. Denbora gehiago pasatzen dut bakarrik eta erabakiak nik hartzen ditut, baina ahal dutenean etxekoek, anaiak eta asko laguntzen didate. Ez dut diferentzia handirik nabaritzen.

Gabonetako kanpainarako prestatzen ari zara?
Ez, nik urtarrilean izaten ditut arkumeak. Esnea saltzen dut.

Orain ardiak Urbasan dituzu?
Orain arte, bai. Etxola bat dugu Urbasan eta artaldea bertan dago. Batzuk jaisten hasi gara, baina berandu gabiltza. Luzatzen ari da gauza. Urtearen arabera pentsu osagarria ematen diegu, baina aurten urtea ongi doa. Udaberrian hasi eta denbora luzean euria egin du, horregatik aurten pozik gaude; ezin gara kexatu.

Pentsuaren prezioa igo dela aipatu duzu.
Bikoiztu egin da, bai; eta lehortearekin belarraren prezioa ere igo da. Administrazioak dirulaguntza batzuk eman zituen, baina ez dira asko. Orain ari gara jasotzen iazko lehortearen dirulaguntzak, urtebete geroago.

"Abeltzaintzaren eta feriaren atzetik lan izugarria dago, eta ez da baloratzen"

Altsasuko ferietan abeltzainez gain, abereak ikustera datorren jende asko ere biltzen da. Zer ikusi behar dute?
Atzetik lan izugarria dagoela, eta hori ez da baloratzen. Gazta bat edo haragia erostean, ahalegin bat egin behar du jendeak: hemengoa erosteko ahalegina, hemen hazitakoa. Bertako produktuak kontsumitzera animatu nahi dut jendea.

Erlazionatuak

Feria eguna Altsasun

Guaixe 2023 urr 23 Altsasu