Sunsundeguiko langileendako lan baldintzen hobekuntza eskatu du LABek

Guaixe 2023ko urr. 26a, 09:55

LABen pankarta Sunsundeguin enplegu duina prekarietaterik ez eskatuz. UTZITAKOA

Volvok eta Sunsundeguik sinatutako akordioa baliatzea proposatu du sindikatuak. Aldi berean, enpresa modernizatzeko plan bat eskatu du, langileen lan baldintzak nabarmen hobetuko dituena.

Nafarroako Gobernuko, Volvoko eta Sunsundeguiko ordezkariak asteartean lantegian zirela baliatuta, LABek, prentsa ohar eta pankarta bidez, Altsasuko karrozatze enpresarako enplegu duina eta langileen prekarietatearekin bukatzea eskatu zuen. Izan ere, LAB "kezkatuta" dago Sunsundeguiren egoerarekin: "lan karga handitu arren, enpresak ez ditu oraindik bere antolakuntza arazoak konpondu, eta aparteko orduetara jotzen du produktua aurrera ateratzeko". Lan karga handitzeak langile gehiago ekarri ditu. "Horiei prestakuntza eman behar zaie, bai bete beharreko eginkizunetan, bai laneko segurtasun eta osasun gaietan", azaldu dute LABekoek, gaineratuz "hilabeteak daramatzagu hainbat segurtasun eta osasun alderditarako irtenbideak eskatzen, oraindik konpondu ez direnak". Eta gogorarazi du aurten lantegian bi lan istripu larri izan direla.

Enpresa Batzordeak (LAB barne) eta Sunsundeguik akordioa lortu zuten 2022an, lantegiaren egonkortasuna eta produktibitatea bermatzeko. Sindikatuak adierazi duenez, "gaur egun ez dira lortu akordio hartan adierazitako helburuak eta, beraz, plantilla ez da akordioan bildutako hobekuntza ekonomikoak jasotzen ari, hala nola produktibitate plusa kobratzea". 

Eskaera zehatzak
LABek jakinarazi duenez, enpresak langileei bakarrik egotzi die egoera horren errua. Sindikatuak argudiatu duenez, "enpresaren ardura da lantegia produktiboagoa izatea eta ezarritako helburuak betetzea, eta, beraz, behar diren inbertsioak egin behar ditu dauden arazoak antolatu eta konpontzeko". LABendako beharrezkoa da plantaren modernizazioa eta langileen segurtasuna eta osasuna bermatuko dituzten lan modu berriak. "Inbertsioak, neurriak eta exekuzio egutegia bilduko dituen plana behar da".

Sindikatuak, bestalde, nabarmendu duenez, "2009ko krisialditik, langileek bere gain hartu dute lantegiaren bideragarritasunaren zama, oraindik ahaztu ez diren murrizketa eta kaleratzeen bidez". Nabarmendu duenez, Volvo eta Sunsundeguiren arteko akordioa, Gobernuarekiko lankidetza barne, positiboa da Sunsundeguiren etorkizunerako, inguruko enplegurako eta Nafarroa osorako. "Baina akordio horrek kontuan hartu behar du langileen lan eta ekonomia baldintzen hobekuntza, orain arte hitzartutakoaren gainetik. Izan ere, gogoratu behar da 2022ko akordioak larrialdi egoera bati erantzuten ziola, Volvoren akordioarekin eta lan kargaren handitzearekin hobetu beharko litzatekeena".