Astekaria

Aurreikuspenak, gaindituta

Maider Betelu Ganboa 2023ko aza. 20a, 12:00

Jauregi eta Vazquez, txingekin.

Iñaki Vazquez eta Eneko Larrion izan ziren azkarrenak herri kirolak eta crossfita lotu zituen Aizkorri Kirol Apustu ikusgarrian. Arkaitz Jauregik eta Fidel Jimenezek 4 minutu gehiago behar izan zituzten. Burunda bete egin zen

Aizkorri Kirol apustuak ikusmina piztu zuela gauza jakina zen. Baina horrenbesterako izango zela, antolatzaileek ere ez zuten espero. Izan ere, Burunda pilotalekua bete egin zen, profesionalen mailako pilota jaialdi handietan bezala, edo gehiago. Sakanako herri askotako jendeaz gain, Arabatik eta Gipuzkoatik ikusleak hurbildu ziren ere apustu ikusgarriaz gozatzera. "Jendea etorriko zela, bai. Baina, horrenbeste... ez genuen espero" zioen Aizkorri Kirol Zentroko Gaizka Martinez de Albeniz kirol teknikariak. 

Lana, ikaragarria
Iñaki Vazquezek eta Eneko Larrionek, batetik, eta Arkaitz Jauregik eta Fidel Jimenezek, bestetik, lan itzela zuten aurretik: sei oinbiko erdibitu behar zituzten, sei crossfit ariketa gogorrekin txandakatuz: 1.500 m ski egitea; traktorearen gurpila arrastaka ekarri, sei plaza osatuz; 4 km airbike egin; arraun makinarekin 1.500 m egin; traktorearen gurpila irauliz 10 plaza osatzea; eta 25 kiloko txingekin 30 plaza egin. Ikaragarria. 2.000 euro zituzten jokoan, eta garrantzitsuena: apustua irabazteko ohorea. Eurek bakarrik ez zuten apustu egin; makina bat kuadrilla eta taldeetan denetariko apustuak entzun zitezkeen. 

Burunda pilotalekua betetzen zuten zaletuen txaloez lagunduta, bi bikoak lanean hasi ziren, alboan epaile eta laguntzaile bana zituztela. Vazquezek eta Larrionek, Goyo Rodriguezen laguntza zuten; eta Jauregik eta Jimenezek, Floren Nazabalena. "Zeinen lan gogorra izango den hau" zioen epaile lanak egin zituen Sergio Gastaminzak. 

Irabazleak, konpentsatuta
Vazquezek eta Larrionek biko konpentsatuena osatu zuten. Erritmoari eutsita, hasieratik konstante izan ziren, eta lan ederra egin zuten, bai makinetan eta baita aizkoran ere. Jauregik, aizkolari aktibo bakarra denez, lauren artean fisikoki arinena zen Jimenez etxarriarrarekin osatu zuen bikoa, bere nagusitasun hori nolabait orekatzeko. Horiak indartsu hasi ziren, baina gutxika denbora galtzen hasi ziren. Fideli kosta egiten zitzaion, bera zen ahulena, eta Jauregik eutsi eta buelta emango ote zion, hori zen gakoetako bat. Saiatu ziren, baina ezin izan zituzten ihes egindako altsasuarrak harrapatu (51:26). Lanak bukatzeko ia 5 minutu gehiago behar izan zituzten Jauregik eta Fidelek (56:22). Nolanahi ere, bi bikoek ordu bat baino gutxiagoan despeditu zuten lana, aurreikusi baino azkarrago. Vazquezek eta Larrionek irabazi zuten apustua, merezimendu osoz, baina Burunda betetzen zuten ikusleek lau kirolariak gogoz txalotu zituzten, laurekin primerako ikuskizunaz gozatu baitzuten. 

Protagonistendako, "gogorra"
Fidel Jimenezek apustua "oso gogorra" izan zela aitortu zuen. "Hasieratik gogorra izan da. Skian oso indartsu hasi gara, eta ni hor bete naiz. Ondorioz, aizkoran indarrik gabe hasi naiz. Gurpilean indar pila bat xahutu dut; uste nuen ez nuela bukatuko. Gero buelta ematen joan naiz, baina hasiera oso gogorra izan da, eta nabaritu dut". 

Arkaitz Jauregik irabazleak zoriondu zituen. "Iñaki eta Eneko hobeak izan dira, eta merezita irabazi dute". Apustu aurretik esan zuen bezala, lanak ordu bat baino gutxiagoan egin ziren. "Frontoiko plazak Aizkorriko Zentrokoak baino pixka bat luzeagoak ziren eta horrek pixkat luzatu du lana, baina nik uste nuen denbora 50-52 minuturen inguruan egongo zela, eta hala izan da. Guri denbora pixka bat joan zaigu. Lehendabiziko egurrean Fidelek kortea pixka bat itxi du, eta denbora galdu dugu. Atzetik joateak ere ez du laguntzen. Saiatu gara, eta egindakoarekin, kontentu. Gaur irabaztea zen helburua, baina triste ez gaude, dagoeneko hurrengokoan pentsatzen (kar-kar)". 

Eneko Larrion pozik zegoen. "Guk crossfit aparatuetan aldea atera nahi genuen, diferentziak markatu; egurretan beldur gehiago genuen. Baina badirudi aizkoran ere ongi ibili garela, guk uste baino hobe. Ikuskizun polita izan da, eta gaur poz-pozik joango gara afaltzera".

Iñaki Vazquez ere lehertuta, baina pozik zegoen. "Nik uste dut gakoa Enekok eta biok izan dugun konstantzia izan dela. Gure erritmoari eustea, eta eurek pixka bat behera egitea itxarotea. Hasieratik aurrean jarri gara, mantendu gara, eta eurek gutxika behera egin dute. Argi dago Arkaitzek egurrean berak bakarrik gu biok mendera gaitzakeela, baina makinetan eta aizkoran esfortzu bera mantentzea zaila da. Kontentu gaude, ikusleen erantzunarekin baita ere. Jendea etorriko zela uste genuen, baina frontoia betetzea, ez". 

Erlazionatuak

Apustua, itzela

Guaixe 2023 aza 13 Altsasu

Kirol apustu handirako, prest

Maider Betelu Ganboa 2023 aza 08 Altsasu