Santa Zeziliari eskainitako kalejira

Guaixe 2023ko aza. 22a, 09:47

Erkudengo Ama abesbatza Lorenzo Ondarrari Bakaikun egindako omenaldian. ARTXIBOA

Azaroaren 22an, asteazkena, musikarien eguna ospatzeko kalejira eginen dute Erkudengo Ama Abesbatzak eta Txistulariek, Altsasun.

1975. urtean Musikaren Nazioarteko Batzordeak azaroaren 22, Santa Zezilia heriotzaren egunean, Musikaren nazioarteko eguna izendatu zuen. Egun honeta, beraz, musikariek haien eguna ospatzen dute, eta Erkudengo Ama Abesbatzak urtero Santa Zezilia egunean kalejira egiten du. Ohiturari jarraiki aurten azaroaren 22an, asteazkena, 20:00etan, Iortia kultur guneko plazatik abiatuko dira, eta Zumalakarregi, jubilatu elkarte eta San Joan plazan emanalditxoak eginen dituzte. Kalejira Foru plazan amaituko dute, kontzertu txiki bat eginez.

Santa Zezilia egunean Altsasun txistularien doinuak entzutea ere ohikoa da, izan ere, txistulariak kalejiran aterako dira, 20:00etan, Foru plazatik. Herriari buelta eman ondoren, musikarien eguna ospatzeko afaltzera bilduko dira.

https://guaixe.tok-md.com/argazkiak/SEX/cache/WhatsApp%20Image%202018-11-23%20at%2012.33.03_tokikom_700x700.jpeg
Txistulariak Santa Zezilia egunean artxiboko irudi batean. ARTXIBOA

Bestetik, musika eskoletan ere egun garrantzitsua izaten da eta kalera aterako dira azaroaren 22an musika ikasleak. 

Haize Berriak Bandak azaroaren 25ean, larunbatean, ospatuko dute Santa Zezilia, bandako kide izandako eta instrumenturen bat jotzen duten musikariekin lagunduta Etxarri Aranatzen, Bakaikun eta Altsasun kalejirak eginen dituzte.