Kontxi Claver Cava erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikaria da, eta Susana Cid Merino erizaina. Biek Josefina Arregi klinikan lan egiten dute, ospitale gunean. 27 eta 20 urteko eskarmentua dute. Klinikako Enpresa Batzordeak atzoko greba feminista orokorrarekin bat egin zuen, baina langileek ezin izan zuten grebarik egin, "Iruñetik jartzen dituzten gutxieneko zerbitzuak dugun lanaldia da", beraz, zaintza lanetan segi behar izan zuten.
Klinikako ospitalean sartzen diren pazienteei dementzia motaren bat diagnostikatzeko sartzen dira. Edo diagnosia izanda, hainbat arrazoirengatik, jokaera nahasmendua dute. Ospitalean sartzeko beste arrazoi bat izan daiteke hartzen ari diren medikazioa doitzea, "zaila da", aitortu du Cidek. Loaren nahasmendua, hondatutako funtzioak berreskuratzeko... Hainbat arrazoi dira klinikako ospitalera jendea eramaten dituztenak. "Baina, oinarrian, guztiek dementziaren bat dute", zehaztu du Cidek. “Gurera iristen direnerako da duten jokaera nahasmenduagatik etxean ezin dituztela egoki gobernatu; haiekin bizitzea zaila delako", gaineratu du Claverrek.
Gaixoen klinikako gutxieneko egonaldia bi astetakoa da. Pazientea ingresatua dagoen bitartean hartaz arduratzen dena "funtsean, emaztea da", azaldu dute, "batzuetan seme-alabak joaten dira. Nagusiki emakumezkoak joaten dira, baina badira asko arduratzen diren senar edo semeak". Klinika sortu zuen Felipe Lezearen hasierako asmoa gogoratu eta ospitalearen berezitasuna nabarmendu du Claverrek: "pazientearendako da, baita familiak atsedena hartzeko ere. Ez da ohiko ospitale bat zeinetan pazienteak lagunduta egon behar duen. Senideek programatutako bisitak dituzte, ezin da nahi denean etorri. Gaua ezin dute bertan pasa. Gaixo batzuei ez die onik egiten bisitak, nahastu eta etxera joan nahi izaten dute".
Lehen Arretako medikuek bideratzen dituzte gaixoak klinikara. Nafarroa guztiko gaixoak hartzen dituzte. "Sakanarako bakarrik balitz, luxua litzateke", aitortu du Claverrek. Ospitalea heldu den urtean handitu eginen dute hamar ohe gehiago hartzeko, 31 guztira. Klinika hamahiru oherekin hasi zen eta aurreneko handitzean zortzi gehiago izan ziren. Handitzearekin langile gehiago izanen direla espero dute.
Baldintzez
Lantoki feminizatu batean lan egiten dute. 60 bat langileetatik gizonezkoak dira laguntzaile bat, erizain bat, bi fisioterapeuta, bi mediku eta kudeatzailea. "Orain bezala ez gara sekula egon", aitortu dute. Langile guztiak ez dira lanaldi osoan aritzen. "Sekula ez dugu arazorik izan lanaldia murrizteko umeen edo adinekoen zaintzagatik, edo adinagatik edo lesioa izan eta lñanaldia murrizteko", azaldu du Cidek.
Sakana Saria jaso zuen klinikak azaroaren 23an, eta hurrengo egunean eguneko zentroa mustu zuten. Klinikak hainbat egitasmo ditu etorkizunera begira. Baina garai latzak bizi izan ditu, ixteko arriskua ere izan zen duela hamarkada bat. "Damoklesen ezpata beti hor izan dugu; gobernuak hitzarmena murrizten zigula...", esan du Cidek. Biek argi eta garbi dute klinikaren eta haien lan bizitza beste batzuk liratekeela Iruñean balego, eta ez Altsasun, landa eremuan.
Claverrek gaineratu duenez, "lehen ziurgabetasun handiagoa genuen. Kudeatzaile honekin, badirudi bagoazela; segurtasun eta egonkortasun gehiago dagoela dirudi". Gogoratu duenez, "pandemia garaian osasun publikoak erizain guztiak eramaten zituen. Guri hiriburura lan egitera joatea ez zaigu kostatzen, baina hirikoei herrietara lanera joatea, bai. Edozein ez da hona lanera etortzen. Oso baliagarriak ziren lankideak izan ditugu, baina Iruñean lana sortuz gero joaten ziren". Claverrek gaineratu duenez, langile errotazio “hori klinikarendako arazo bat da". Horregatik sektore publikoko soldata bera jarri zieten erizainei. Azaldu duenez, "kudeatzailearen epe luzeko helburua da sektore publikoan ari direnen baldintzetara hurbiltzea gureak. Guk hori lortzeko presio egiten dugu. Lan handia dago egiteko, gauza asko moldatu, aldatu eta hobetu behar dira, esaterako: lanaldiak, oporren antolakuntza...", gaineratu du Cidek. Jarrera ona ikusten dute klinikan, baina baliabideak falta dira.
Claverrek gogoan duenez, "hasieran maila profesionalean, eskubideen arloan eta guztietan nola edo hala ikasten gindoazen. Hasieran ez genuen lan hitzarmenik. 'Diru sail bat aterako dugu, hurrena langileendako'. Ez zen sekula iristen. Ez dugu Iruñean dituzten lan baldintzak, oso motel aurrera egiten ari gara". Bi langileek kontuan hartzen dituzte ere bokazioa, eta lanera oinez joan ahal izatea. Lan hitzarmena berritzeko negoziazio betean daude klinikan gaur egun.
Kontziliazioaz
Amatasuna edo senideen zaintza ere bada klinikako langileen errealitatea. Arlo horretan sekula ez dute arazorik izan bajak edo baimen egunak hartzeko, edo lan txandak aldatzeko. Azaldu dutenez, "laneko bajagatik %100eko soldata jasotzen dugu, baina gaixotasunagatik bada, ez". Gaineratu dutenez, "langileriaren ongizateaz arduratzen dira". Haiek zein zaintzen dituen galdetuta, "gu geu" erantzun dute.
Argi du Claverrek: "kontziliazioarena seme-alabarik ez duen bakarren batek asmatu du. Oso zaila baita. Eta hori nik lanaldi murriztua izan nuela. Eta lanaldia murrizteko aukera ere izan behar duzu, edonork ezin duelako egin. Azkenean, zaintza lan hori egiteko norengana jotzen duzu: aiton-amonengana". Aldaketa ere izan dela nabarmendu du Claverrek: "alaba izan nuenean, aita jubilatu berri zen eta alaba gurditxoan hartu eta paseatzen zuen. Nire amak esan zuenez, gure aitak bere alabekin hori ez zuen sekula egin. Lanean zegoen. Egungo aitek ere zaintzan aritzen dira. Pixkanaka pausoak ematen ari dira, baina egiteko asko dago oraindik". Gertatu zaie bikotea eta bera lan txanda desberdinetan egotea eta justu-justu elkar ikustea. "Baliabideak falta dira", ziurtatu du Claverrek. "Haur eskolek dirua balio dute, denek ezin dute ordaindu".
Anaia beti goizez lan egiten duenez, Cid arratsaldez lan egiten ahalegintzen da, biak goizez ez egoteko eta hala ama zaindu ahal izateko. "Makiltxo magiko bat izanez gero, niretako egokiena beti astegunetan arratsaldez edo gauez lan egitea litzateke, eta asteburutan, goizez".
"Beti dago norbait kontratatzeko aukera. Baina zein baldintzatan? Guk lanean baldintzak aldarrikatzen eta etxean norbaiti beltzean ordaintzen egon behar dugu?" galdetu du Claverrek. Eta Cidek erantzun: "norbait kontratatzen baduzu, ongi egin behar duzu, eskubide guztiekin. Baina hipoteka eta bestelakoak ordaindu behar badira, ez da hain erraza kontua. Ez da iristen. Baina kontratatutakoaren kotizazioa ordaindu behar da, ez dago beste biderik".
Gaineratu duenez, "laguntza lortzeko ezin iritsi dauden horietako askoren aukera da haiek beraiek etxean zaintzen gelditzea. Baina gaitza horiekin, ez dakizu. 24 orduko zaintza behar duten pertsonak dira, ezin dira bakarrik gelditu. Baina organikoki ongi badaude, egoera luzatzen da eta familiarekin buka dezake. Familia batzuek esan izan digute: ‘oso batua egon den familia bat izan gara. Baina jada ezin dugu gehiago. Anaiak alabekin egitekoak ditu, besteak... Luze jotzen duten egoerak dira".
Berdintasun plana
Nafarroako Gobernuak ezarria du 50 langile baino gehiago dituzten lantokietan berdintasun plana izan behar dela. Klinikan Berdintasun Batzordea sortu dute. Bertan enpresa batzordeko bi kide, erizainen burua eta giza baliabideen arduraduna daude bertan. Eta aholkularitza baten laguntzaz ari dira berdintasun plana egiten. Besteak beste, sexu jazarpenaren kontrako protokoloa du. Lanketan urte bat inguru daramate. Eta bitarte horretan batzordeko kideak trebatzen ari dira. Esaterako, jazarpen kasuren bat balego batzordeak ikertu beharko luke.
Zaintza motaz
Claverrek jakinarazi duenez, "guk beti lan egiteko modu desberdina izan dugu: pazientean zentratutako atentzioa, orain modan dagoena. Guk sekula ez dugu bi paziente berdin tratatzen, ez baitira berdinak. Bakoitzaren beharretara egokitzen gara. Horretan trebatu gara, hori nahi zuen Lezeak: aurrena pazientea, ondoren senideak".
Cidek nabarmendu duenez, "lan motagatik, langileen egonkortasuna oso garrantzitsua da, baita pazienteendako ere. Lantoki bakoitzean lan molde desberdinak daudelako. Gurean lan egiteko modua publikoarekin alderatuta erradikalki desberdina da. Klinika honen onena da pazientearengan zentratuta dagoela. Lehenik, pertsonari duintasuna ematen dio, kalitatezko zaintza onak ematen ditu. Dementzia duen pertsona horri tratamendu integrala ematen diogu bere aukeren artena maila onenera irits dadin. Autonomia ere sustatzen dugu".
Adibideak eman dituzte: "bazkaltzerakoan haiek izan daitezela jaten dutenak. Horretarako osagarriak ditugu: platerak ez irristatzekoa, egokitutako koilarak... Edo pastillak hartzeko hainbat estrategia, ezin baitiezu mahaian utzi eta har ditzatela espero. Gure lana hori da: pertsona horrek bere ahalmenen barruan, ahal duen guztia egin dezala. Autonomia sustatzen dugu, beste ospitale batzuetan aurreikusten ez dena". Cidek gaineratu duenez, "pazienteak ez dira ohean egoten, goizean jantzi egiten ditugu, areto komunetan egoten dira, haiekin paseatzen dugu, okupazio terapia egiten dugu, kognizio estimulazioa..."
Biek jokaera maneiuaren garrantzia nabarmendu dute. "Gauza bera 5.000 aldiz galde diezazukete, eta ezin diezu gaizki erantzun. Ahaztu egiten zaie, eta errepikatu beharra duzu. Horretarako trebatu egiten gara urtero".