Manufaktura Teknologien Europako Elkarteak, Cecimok, Machine Tools Innovation (MTI) saria banatu zuen Bruselan abenduaren 6an. 2023ko MTI sarien irabazlea Aldakin Automation SM izan zen. Aditu talde batek aukeratutako proiektu aipagarrienak aztertu zituzten eta Altsasuko enpresaren konpositeak mekanizatzeko robota "paregabea" zela ebatzi zuen. Aldakin taldeak minbizia eragin dezakeen hautsaren giza esposizioa ezabatzea eta robotaren errendimendua handitzea material konposatuko piezen mekanizazioan proiektuagatik saritua izan da. Ibai Inziartek, taldeko Berrikuntza zuzendariak, jaso zuen saria. Beste bi finalistak alemaniarrak ziren: Trumpf, munduko makina-erremintaren fabrikatzaile handiena, eta Fraunhofer Institutua.
MTI sariekin Cecimo elkarteak "industriarentzat eta makina erremintaren sektoreko ekarpen aitzindariak aintzatesteko oinarriak ezartzen dituzte, horretan aurrerapauso garrantzitsua dira". Sari banaketan izan zen Europako Batzordeko Barne Merkatuko, Industriako, Ekintzailetzako eta ETEetako zuzendari nagusiak Kerstin Jornakek esan zuenez, "Europako industria abangoardian dago fabrikazio jasangarrian, eta Batzordeak konpromisoa hartu du teknologia garbiak eta fabrikazio-soluzio aurreratuak hartzen laguntzeko. Cecimoren foro hau aukera bikaina da Europako berritzaileak lanean ikusteko".
Enpresaz
Aldakin Taldeak egoitza nagusia Altsasun du, eta Aitzoain, Gasteiz eta Andoainera hedatu da. Enpresak aurten 15,5 milioi euroko fakturazioarekin bukatzea aurreikusi du, joan zen urtean baino 2 gehiago. Industria mantentzean, instalazio elektrikoetan, armairu elektrikoen fabrikazioan eta ingeniaritzan ere espezializatu da. Duela urte bat 200 pertsona baino gehiagok osatzen zuten plantilla, baina 2023a 220 baino gehiagorekin despeditzea aurreikusten du. Hau da, % 10 gehiago.