Aldakinek konpositeak mekanizatzeko robota aurkeztu du

Guaixe 2023ko urr. 16a, 09:33

Proiektuarengaratzaileek Mikel Irujo Amezaga kontseilariari azalpenak ematen. UTZITAKOA

Beste hiru enpresekin elkarlanean egin du proiektua. Akitania, Euskadi eta Nafarroa euro eskualdearen finantziazioa izan du jakintzaren ekonomiara bideratutako dirulaguntzaren bitartez. Aldakin konpositeen mekanizazioaren merkatura zabaldu du bere eskaintza.

Aurretik beste proiektu batzuetan lankide izan dituenekin batera, Aldakin taldeak Cognirob proiektua garatu du. Ideko teknologia zentroa (Euskadi), École supérieure des technologies Estia (Akitania Berria) eta Dassault Aviation (Akitania Berria) izan dira Aldakin taldearen bazkideak. Enpresa altsasuarrak konpositeak mekanizatzeko robot bat aurkeztu zuen irailaren 9an. Robot berriak fresatzeko makina konbentzionalen ordez aparailu "segurua, zehatza eta errentagarria" dela adierazi dute sortzaileek. 

Produktu berriarekin Aldakin taldeak merkatu berri batera zabaldu du bere eskaintza: konpositeen mekanizazioa. Enpresako ordezkariek adierazi dutenez, "proiektu hori nazioarteko hazkundea izateko asmoz sortu da, bost urtera 2 milioi baino gehiagoko fakturazioa izango duena. Gainera, robotikako eta doitasunezko mekanizazioko dozena bat lanpostu kualifikatu baino gehiago sortzea ekarriko duena".

Robot berriaz
Zehazki, diseinatutako zelulak hautsa eta txirbila barnetik xurgatzeko sistema bat eta 6D ikusmenaren bidezko doitasuna handitzeko sistema bat ditu, "lan-bolumenaren barruko zehaztasuna hobetzeko". Gainera, sistema bat ezarri da "ebaketa-indarrek eragindako robotaren desbideratzeak konpentsatzeko, mekanizazioan zehar doitasuna are gehiago hobetuz". Ondorioz, robota gai da "sortutako hautsaren %98 xurgatzeko eta +/- 0,15 mm-ko zehaztasuna lortzeko". Zehaztasun-maila hori "ohiko robotena baino hiru aldiz handiagoa da, eta sektore aeroespazialaren tolerantzia-baldintzak gainditzen ditu, +/- 0,25 mm-tik beherakoak".

Robot berriak aukera ematen du horrelako prozesuetan parte hartzen duten langileen "osasun-arazoak" gutxitzeko. "Material konposatuen fabrikazio industria oso kezkatuta dago material konposatuen mekanizazioan sortutako hautsagatik, zuntz eta erretxinaren arnasketarekin lotutako minbizi arrisku potentzialagatik eta larruazalean, begietan, biriketan eta gibelean osasun arazo larriengatik", adierazi zuten Aldakinekoek aurkezpenean. Proiektuak 150.000 euroko aurrekontua izan du eta Akitania, Euskadi eta Nafarroa Euroeskualdeak finantzatu du oso-osorik. 

Enpresaz
Aldakin Taldea industria mantentzean, elektrizitate instalazioetan, elektrizitate armairuen fabrikazioan eta ingeniaritzan aritzen da. Aldakinek 15,5 milioi fakturatzea aurreikusi du aurten, joan zen urtean baino bi milioi, hau da, %14,81eko hazkundea. Gainera, Altsasuko enpresak 2023 urtea 220 langile baino gehiagorekin amaitzea espero du, aurreko urtean baino %10 gehiago. Altsasuko egoitzaz aparte, Aizoain, Gasteiz eta Andoainen ere baditu lantegiak Aldakinek.