Iruñeko Ortzadar folklore taldeak dantza taldea, fanfarrea eta folklorearen historia eta abar zabaltzen lan egiten duen elkarte bat da. Urteak daramatza Argentinara joaten. Bertan Nafar Etxeak bisitatzen dituzte eta euskal dantza tailerrak eta emanaldiak ematen dituzte. "Aurten talde handiago bat, dantzariei eta fanfarreari, bidaia egiteko proposatu zieten, eta proiektu handiagoa zenez, dokumentatzeko eta bidaiari buruz dokumental bat sortzeko proiektua sortu zen", azaldu du Rut Etxarte Nafar Haziak film dokumentalaren egiletako batek. Izaskun Barberrekin batera sortu dute lana, eta abenduaren 18an, astelehena, 19:00etan, Iortia kultur gunean izanen dira film dokumentala proiektatzen eta aurkezten, Filmoteka Nafarroan programaren barruan. Sarrerak Iortia kultur gunearen webgunean eta txarteldegian eros daitezke, euro batean.
Film dokumentala egiteko proposamena Barberri egin zioten, "Ortzadar kide ohia zelako. Berak ikusi zuen nahiko proiektu handia zela eta laguntza behar zuela, eta nirekin kontaktuan jarri zen". Barber eta Etxarte Hamaika telebista lanean aritu ziren elkarrekin, eta Etxartek baietz esan zion: "Aurretik ez nuen Ortzadar ezagutzen, ez nuen harremanik; niretako zentzu horretan erronka izan zen folklorearen mundu horretan murgildu nintzelako". 40 pertsonekin Argentinara bidaia egitea ere "izugarrizko erronka eta esperientzia" izan zen Etxarterendako.
Bidaia
Aurreko urteko azaroaren amaieran abiatu ziren Ortzadar elkarteko kideak eta zinemagileak eta bertan hamazazpi egun pasa zituzten. Lau hiriburu bisitatu zituzten: Buenos Aires, Bolivar, Rosario eta Mendozan bukatu zuten bidaia, eta bertako Nafar Etxetan egon ziren. "Niretako aurkikuntza harrigarria izan zen. Banekien Nafar eta Euskal Etxeak zeudela, baina harrigarriena izan zen ikustea eta bizitzea nola bizi duten gure kultura". Gutxi gora beherako "ideia" egin ahal zuen Etxartek, "baina ez nuen espero zer nolako intentsitatearekin bizi duten nafar sentimendua". Bertan aurkitutako errealitatea izan zen atentzioa gehien eman zion: "Nola diren gai hain urrundik eta arrotza duten sentimendu bat hain hurbil eta intentsitate handiarekin bizitzea".
Nafar Haziak dokumentalean agertzen den bezala, Nafar Etxetan "errealitate desberdinak" daude: "Batzuk tradizio handia dute eta bertara joan ziren nafarrek sortu zituzten, baina beste batzuk, Bolivarrekoa adibidez, berriak dira". Kideen artean nafar sustraiak dituztenak daude, "aitonamonak edo gurasoak nafarrak zirela", eta nafar sentimendua belaunaldizbelaunaldi jaso dute, "baina badira bestelako kasuak ere, Nafar Etxetara bestelako arrazoirengatik gerturatu direnak: gertu zutelako eta dantzak ikasi nahi zituztelako...". Kide horiek ez dituzte "inolako harremanik" Nafarroarekin, eta sentimendu "oso intentsoa" dutela esan du Etxartek: "Errealitate hori oso interesgarria iruditu zitzaidan, eta harritu ninduen". ikus-entzunezkoak pare bat kasu agertzen dira.
Argentinako Nafar Etxetako errealitateak jaso dituzte 'Nafar Haziak' lanean
Film dokumentala egiteko orduan Ortzadarreko Ander eta Nora izan dute bidelagun zinemagileek. "Proiektua koordinatu dute. Aurretik lau edo bost aldiz bidaiatu dute Argentinara eta Nafar Etxeak, jendea eta familiak ezagutzen dituzte. Laguntza handia eman ziguten nolabait kastina egiten". Argentinan egun gutxi zirela bazekiten, eta aurretik protagonistak nortzuk izango ziren zehaztea oso garrantzitsua izan zela esan du Etxartek. "Perfil eta istorio desberdinak nahi genituen; nafar sustraiak dituztenak eta ez dituztenak". Gero bertara iritsi zirenean, "bidaiaren erritmoa zela, plangintza zela, ezustekoak zirela..", aurretik prestatuko gidoia "zertxobait" moldatu behar izan zutela azaldu du; "baina hasierako ideia lortu genuen".
"Guk hasieratik oso argi genuen ez genuela nahi bakarrik bidaia baten laburpena jasotzea; dantza tailerren eta emanaldien laburpena. Hori badago, baina pisu gehiago eman diogu edo fokua jarri dugu Argentinan nafar sentimendua nola bizitzen duten erakustean". Nafar Haziak dokumentalaren helburura, beraz, sentimendu hori Nafarrora ekartzea zen.
Golem zinemetan mustu zuten Nafar Haziak dokumentala, urrian. "Bientzako lehenengoa aldia zen horrelako proiektu handi batean parte hartzen". Aurkezpenaren aurretik "urduri" zeudela aitortu du Etxartek. Publikoak erantzuten du, "jendea oso pozik ateratzen da, eta folklorearekin harremana dutenak baita ez dutenak ere emozionatzen dira". Jendea Argentinako nafar sentimenduarekin "hunkitzen" dela esan du Etxartek.