Sunsundeguik altxortegi arazoak ditu

Guaixe 2023ko abe. 19a, 10:55

Sunsundeguiko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak Altsasuko lantegian bisitan. ARTXIBOA

Hartzekodunen lehiaketan ez bukatzeko eta egoera bideratzeko Nafarroako Gobernuari lau milioi eskatu dizkio.  Gobernuak hori egin ahal izateko Foru Legea eztabaidatuko da Nafarroako Parlamentuan abenduaren 21ean, ostegunean.

Sunsundeguiren diru kutxan hiru milioiko zuloa sortu zen lastailean. Diario de Noticiasek zabaldu duenez, Altsasuko enpresa gaur egun ez da gai jasotako eskaera guztiak erantzuteko. Horren arrazoiak lirateke: eskaerei erantzuna emateko birdiseinatutako modeloak ekoiztea; ekoizpenean aniztasun gehiago izan du, lehen sei hilabetekoan baino ibilgailu gehiago sortu dituzte estatuko hainbat bezerorendako; osagaiak eskuratzeko logistika arazoak eta aurten produktibitate txikiagoa izatea. Enpresak aurtengo aurreikuspena 269 unitatera jaitsi du eta 243an bukatu dezake. “Beraz, galerak aurreikusi baino handiagoak izanen dira”. 

Gainera, bankuak Ekialde Hurbilera egiten dituen esportazioak finantzatzeko uzkur dira. Sunsundeguik gaur egun 101 autobuseko eskaera bidean du, eta heldu den urterako eskaera gehiago ditu. Horregatik, guztiagatik Altsasuko enpresak bere finantzaketa 3 milioitan handitu beharra du orain, eta 6 milioi eurotan heldu den urteko martxoan. Sodena enpresa publikoa bederatzi milioi horiek emateko prest agertu da. Partaidetzazko mailegu kapitalizagarria izanen da. 

Tramitazioa 
Sunsundeguiren altxortegi arazoak konpontzeko Sodenaren proposamena jaso du Nafarroako Gobernuak, eta hark erabaki du Foru Legea tramitatzea. Nafarroako Parlamentuko bilkuran ostegunean aztertuko da. Legea irakurketa bakarreko prozeduran izapidetuko da. Sodenak aurretik Sunsundeguiri 3,4 milioi euroko mailegua emana dionez, gobernuak legez ezinen lizkioke beste lau milioi euro eman. Horregatik, tramitatu du legea gobernuak, enpresak berehala hiru milioi euro jaso eta bere arazoak bidera ditzan. 

Nafarroako Gobernuak hainbat txandatan 39 milioi euro eman izan dizkio Sunsundeguiri. Hark bueltatu egin ditu. Bestetik, Estatuak beste bederatzi milioi euro eman zizkion Cofidesen bidez.