Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkurak Foru Lege bat onetsi du PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, PPNren eta Voxen abstentzioarekin eta UPNren kontrako botoarekin. Lege horren bidez baimena ematen zaio Sodena enpresa publikoari 4 milioi euro arteko mailegu bat emateko Sunsundegui Sari; dirua eragiketa bakarrean edo batzuetan eman diezaioke.
Dagoeneko Sodenak 3.400.000 euroko mailegua emana dio Sunsundegui SAri, eta beste mailegu bat ematea aurreikusten du, 4.000.000 eurokoa gehienez. Beraz, gainditu eginen litzateke Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 82. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako muga. Artikulu horretan ezartzen denaren arabera, inongo pertsona fisiko edo juridiko ezin izanen da izan Aurrekontuei buruzko Foru Legean ezarritako gehieneko arrisku biziaren %5etik gorako zenbatekoa duten maileguen onuradun. Nafarroako Foru Komunitateak ematen dituen maileguen gehieneko arrisku bizia 84.000.000 euro izanen da 2023an, eta enpresa-entitate publikoen, fundazio publikoen eta sozietate publikoen kasuan (Sodenaren kasuan), berriz, gehieneko arrisku bizia 142.500.000 eurokoa izanen da.
Sunsundeguik 3,4 milioiko kreditua hartua duela kontuan izanik, eta 4 milioiko beste bat emateak 142,5 milioiko (7,125 milioi) %5eko muga gainditzea ekarriko lukeela kontuan hartuta, gobernuak bidezkoa jo du Nafarroako Parlamentuaren baimena eskatzea, foru lege baten bidez.
Sodena (Nafarroako Garapen Elkartea) Nafarroako Gobernuaren finantza-laguntzarako tresna da, Foru Komunitaterako balio erantsiko enpresa-proiektuak erakarri eta garatzeko, eta, gainera, espezializazio adimenduneko estrategian laguntzen du.