Urteko azken bilkuran, hilaren 27an, 2024ko aurrekontuak onartuko ditu Altsasuko Udalak. Geroa Baik aurkeztutako zirriborroa aztertuta, EH Bilduk adierazi zuen zirriborroa "kontinuista eta anbiziorik gabea" dela, eta "eredu sozialago eta anbizio handiagoko batera hurbiltzen" saiatuko dela. Horretarako, koalizioak 170.420,4 euro egiten duten 28 emendakin aurkeztu dituela jakinarazi du. EH Bilduko zinegotzien iritziz, "guztiz exekutagarriak dira, lehendik dagoen soberakinarekin egin daitezke, beste premia batzuei aurre egiteko gaitasuna mugatzeko erabili behar izan gabe".
Horien artean dago herriko basoak zaintzeko eta mantentzeko pertsona bat kontratatzeko proposamena. EH Bilduk argudiatu duenez, "basoaren ustiapenetik diru-kopuru oso handiak ateratzen dira, baina mantentzeko inbertsioa oso eskasa da".
Bestetik, "orain arte partiden 'izoztea' arau gisa hartuta zegoen egoera gainditzea proposatzen dugu", diote EH Bildutik, gaineratuz, "herritarrendako jardueretara, gizarte eta ongintzako erakundeentzako dirulaguntzetara, ikastetxeetara, tokiko erakunde eta organismoetara, aisialdira eta era guztietako programetara bideratutako partidak. Hau da, arreta pertsonengan eta haien dinamiketan ere jartzea, eta ez obretan bakarrik". Diru sailak "izoztea benetan 'murriztea' da, urtez urte, diru berarekin, gero eta gauza gutxiago egin daitezkeelako, eta behar gutxiago bete". Horregatik, Kontsumo Prezioen Indizearen pareko igoera ezartzea proposatu du, nahiz eta "kasu askotan, igoera hori ez da nahikoa, egoera desblokeatzeko eta ezarritako joera iraultzeko".
Bestalde, koalizioak "estrategikotzat" jo dituen jardueretarako diru sailak proposatu ditu, besteak beste: bizikleta bidezko mugikortasunari buruzko azterlana; azken trafiko planaren berrikuspena, bizikleta gure herri osoan mugikortasun iraunkorrean integratzeko helburuz; Aita Barandiaranen jantoki zerbitzua berriz publiko bihurtzeko prozesua hastea; udaleko lanpostuen antolaketa, balorazio objektiboari eta genero ikuspegiari buruzko azterlana abian jartzea, egungo legeria eta berdintasun-plana betez.
Bestetik, Altsasu Gurasoak elkarteak dagoeneko lantzen ari diren Altsasuko Auziari buruzko liburua finantzatzea proposatu du. "Gure herria hainbeste markatu duten eta gure memoria kolektiboaren parte izango diren gertaerak biltzen eta zabaltzen lagundu behar dugula uste dugu". Azkenik, "etxebizitzaren politika soziala bulkatzeko", Gurutze Gorriak erabili zuen etxea ez saltzea eta San Joango pasabidea Nafarroako Gobernuak konpontzea ere eskatu dute.