Aurten 60 urte betetzen dituzten altsasuarrek ere Santa Ageda ospatuko dute otsailaren 5ean, astelehenarekin. Ospakizun eguna prestatzen hasiak dira. Egiteko horien baitan, 1983an egin ez zutena egin dute aurtengo Errege Egunean: kintako emakumezko buruzagiak aukeratu. Itziar Perez de Villarreal Uribe eta Josune Mazkiaran Irigoien izan ziren hautatuak. Kintoek azaldu dutenez, aukeraketa bera "ekitaldi sinbolikoa bezain esanguratsua" izan zen. Duela 41 urteko zozketan Nicolas Galan eta Alvaro Guinea izan ziren erregearen karta agerian utzi zutenak.
Aurtengo kintoen buruzagiak aukeratu aurretik, 1983ko kintako koadrilatxo bat, ahal zutenak, Gure Etxea eraikinean elkartu zen ilbeltzaren 6an, 11:15ean. Javier Ollo Martinez alkateak, geroago gazteekin eginen zuen moduan, bertaratutako emakumezkoen artean kartak banatu zituen. Ohiko jakin-minaz aparte, gertaera nabarmen baten lekuko izatearen sentipena bizi izan zuten bertan zirenek. Izan ere, bere garaian emakumezkoen parte hartzerik apenas zuen kinto ospakizunak.