Astekaria

CBASK: kimu berrien txanda

Maider Betelu Ganboa 2024ko urt. 16a, 13:30

CBASK-eko talde guztiek elkarrekin argazkia atera zuten.

2023/2024 denboraldiko hamar taldeak aurkeztu ditu Altsasuko CBASK saskibaloi taldeak, 144 jokalari guztira. Enrique Vilasi aitortza egin zioten, urte zenbaezinez CBASK-eko koordinatzaile izateagatik. Iosu Mendiolak hartu du bere lekukoa

Abenduaren 30ean ilusioz beteta zeuden Altsasuko CBASK klubeko jokalariak. Izan ere, klubak 2023/2024 denboraldiko taldeak aurkeztu zituen, hamar guztira: kimuak, benjaminak, aurreminiak, miniak, aurreinfantilak, kadete mutilak, kadete neskak, junior mutilak, senior emakumezkoak eta senior gizonezkoak. Aurten 144 jokalari ditu klubak, eta 14 entrenatzaile edo teknikari inguru.

Berrikuntza handiak daude aurten CBASK-en. 1990. urtean sortu zen klubak aurten 33. denboraldia du, eta belaunaldi aldaketa eman da. Sustrai sendoetatik kimu berri indartsuak etorri dira. Klubak koordinatzaile berria du, Enrique Vilas Merida altsasuarraren tokia hartu duen Iosu Mendiola Marañon arbizuarra, klubeko aspaldiko ezaguna, CBASK-eko jokalari ohia izateaz gain, aurten emakumezkoen seniorren eta kimuen entrenatzailea dena. Enrique Vilas saskibaloiaren aurpegi ezaguna da Altsasun, 45 urte baino gehiago egin baititu saskibaloia sustatzen. Horregatik, klubak merezitako omenaldia egin zion aurkezpenean. CBASK-eko juntan urte luzez bidaide izan duen Fermin Herreroren eskutik oroigarria jaso zuen, eta CBASK-eko presidente Xabier Ramirez de Aldak lore sorta eskaini zion bere bikoteari. Festa eguna borobiltzeko, CBASK-eko gizonezkoen seniorrek CBASK-eko beteranoen kontrako partida jokatu zuten.

Etorkizuna bermatzen
Aurkezpenean “oso pozik” zegoen Xabier Ramirez de Alda presidentea. “Hamar talde ditugu, 144 jokalari inguru. Talde asko dira eta aurrekontua handia da, baina aurten babesle berri bat gehitu da familiara, Aldakin. Juniorren taldeak CBASK Aldakin izena hartuko du. Seniorretan gizonezkoek CBASK Narum fisioterapia eta emakumezkoek CBASK Xabi Gorriz Tattoos babesleekin jarraituko dute, eta eskoletan ohiko laguntzaileek segiko dute: Lacunza Kalor Group eta Altsasuko Udala, jakina, eskolak babesten baititu". CBASK-ek harrobia ziurtatuta du. "Niretako pozgarriena txikienen taldea da. Hemezortzik eman dute izena saskibaloian hasteko, eta horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen du". 

Vilasi merezitako omenaldia
Altsasun saskibaloia aipatuta, Enrique Vilas etortzen da ahora. Vilasek 45 urte baino gehiago egin du lan saskibaloia sustatzen. Aurten koordinatzaile lana utzi du, erreleboa zuelako, Iosu Mendiola. Omenaldian, bere ibilbidearen errepasoa egin zuen Ainhoa Ramirez de Alda aurkezleak. "Enrique Altsasu Kirol Elkarteko saskibaloi sekzioko juntakidea izan zen beti, eta bi denboraldiz hirugarren mailako ARFE Alsasuako entrenatzaile izan zen. 1990ean CBASK sortu zenetik, beti klubari lotuta egon da. Urte luzez CBASK-eko koordinatzaile eta hamaika talderen entrenatzaile izan da, Nafarroako Saskibaloi Federazioan egindako lana ahaztu gabe: federazioko idazkaritza teknikoaren ardura ere izan zuen lau urtez". 

2004an Nafarroako Kirol Merituari Zilarrezko Domina jaso zuen Vilasek garaiko presidente Miguel Sanzen eskuetatik. "Zelandi kiroldegiak faltan botako zaitu, bertan eman dituzun orduengatik, baina edozein larunbatean bertatik pasatzera gonbidatzen zaitugu, zuk bezalakoek egindako lanaren segida ikus dezazun. Aipatutako guztiagatik eta CBASK-en hasieratik klubari lotuta zaudelako, egindako lanaren aitortza egin nahi dizugu". Bildutakoen esker ona eta txalo zaparrada jaso zuen.