Enrique Vilas, bizitza guztia saskibaloiari emana.
Bizitza guztia. 1980.urtean hasi nintzen saskibaloian, gaur egunera arte. Garai hartan ez zegoen CBASK kluba. Orduan Altsasu Kirol Elkarteak hartzen zituen kirol guztiak, eta juntako saskibaloi sekzioko kide nintzen. Gogoan dut Iruñeko Juve saskibaloi taldea etorri zela, eta Altsasuko frontoian jokatu zuela 1979/1980 denboraldia. Orduan hasi nintzen saskibaloi entrenatzaile.
Inoiz ez zara saskibaloi jokalari izan?
Saskibaloian jokatu izan dut, jakina, baina txapelketa batean, sekula ez. Nire saskibaloi ibilbidean beti entrenatzaile izan naiz.
Lanbidez soin heziketako irakasle izan zara institutuan; ikasle sakandar asko trebatu dituzu.
Bai, asko eta asko. Beste kirol batzuen artean saskibaloia irakatsi izan diet.
Altsasuko CBASK Saskibaloi Kluba 1990. urtean sortu zen, eta hasieratik klubari lotuta egon zara.
Beti klubari lotuta egon naiz. Hasierako lehen etapan zortzi-bederatzi urte egon nintzen bertan, saskibaloi eskolako koordinatzaile, baina saskibaloitik kanpoko arrazoiengatik tarte batez kluba utzi nuen, Nafarroako Saskibaloi Federazioak CBASK-eko koordinatzaile gisa berreskuratu ninduenera arte. Ordutik, eta joan zen denboraldira arte, CBASK-eko eskolako koordinatzaile izan naiz.
Beti Altsasuko saskibaloi taldeekin lan egin duzu edo bestelako taldeak entrenatu dituzu?
Nire lehentasuna Altsasu izan da beti, baina bestelako taldeak ere entrenatu izan ditut: Iruñeko Maristak, Ursulinak, Zizurko Ardoi, Paz Ziganda ikastola... beti bailarako jendearekin kolaboratuz, ezagunek hala eskatu izan didatelako, saskibaloia gustuko dudala jakin baitakite. Eta gustu handiz egin izan dut. Orain arte beti entrenatu izan dut talderen bat.
Eskola mailakoak izan dira entrenatu dituzunak, edo baita maila nagusiko taldeak?
Denetariko kategoriak entrenatu ditut. Nafarroan EBA mailako taldeak entrenatu izan ditut. 1994. urtean Zuasti saskibaloi taldea sortu zen ARFEko Felipe Leceak mahai gainean dirutza jarri zuenean. Proiektu hori Altsasutik sortu zen, eta ni izan nintzen entrenatzaile. Bigarren mailara igotzea lortu genuen, pentsa. Horretaz gain, denetariko kategorietan ibili naiz. Urte luze hauetan Altsasuko saskibaloi eskola sendotzen eta egituratzen joan da, eta lortutakoarekin pozik egon beharra dugu.
Dena den, Altsasun saskibaloiak jarraitzaileak izan ditu beti. Futbolaren atzetik bigarren kirol garrantzitsuena izan da.
Bai, futbolaren anai txikia (kar-kar). Urte luzez gogotsu egin dugu lan klubetik pasa garen guztiak, dedikazio askorekin, beti klubetik tiraka. Azken urteetako beteranoenak etortzen zaizkit burura, Gonzalo Rueda, Fermin Herrero eta ni neu. Oso harro egon behar dugu CBASK-ekin lortutakoaz, Altsasun dagoen kirol eskaintza zabala kontuan hartuta, are gehiago.
"Urte hauetan CBASK-eko eskola sendotzen eta egituratzen joan da; lortutakoaz harro egotekoa da"
CBASK kluba guztiz utzi al duzu?
Partidak arbitratzeko norbait behar badute, ni prest nago, baita edozertarako laguntza emateko ere. Hala adostu genuen. Baina entrenatzez utzi dut; beraz, jarraikortasun hori ez dago. Joan zen urtera arte asteazken arratsaldeetan Zelandin 16:00etan sartzen nintzen, eta 20:00etan atera. Hemendik aurrera ez dut ardura hori izango.
CBASKek 2023/2024ko denboraldirako hamar talde aurkeztu ditu. Aurkezpena ikusterakoan zer sentitu zenuen?
Sekulako harrotasuna. Gainera, saskibaloian, momentuz, ez ditugu futbolean batzuetan egoten diren bezalako ikusleak. Saskibaloira euren seme-alabak edo lagunak animatzera etortzen da jendea, ez oihu egitera. CBASK klubean gurasoen babesa izan dugu beti, zuzendaritza batzordeetan beti parte hartu izan dute gurasoek. Ildo honetan, gaur egun, ama gehiago ikusten ditut aitak baino. Urte luze hauetan proiektu honetan parte hartu dugun guztiek egindako lanagatik harrotasuna sentitzen dut.
Aurkezpenean CBASK-en aitortza jaso zenuen. Omenaldia jasotzea polita izango zen zuretako.
Ba aitortuko dizut gaizki pasatu nuela.
Naiara Diez omentzea edo bere garaian Juanjo Marin saskibaloi jokalaria omentzea tokatu zaizu, bada.
Bai, baina ezberdina da, beste aldean zaudelako. Orain arte aurkezpenetan saskibaloi koordinatzaile eta entrenatzaile bezala ateratzen nintzen jendaurrera, baina omenaldia jasotzerakoan, arraro sentitu nintzen. Nik ez dut nabarmentzea gustuko, baina ekitaldian ezinezkoa izan zen.
Agian klubak emazteari oparitutako lore sortak ilusio gehiago piztu zizun zure omenaldiak baino. Zuk saskibaloian murgiltzeko berak ardura asko hartu behar izan ditu etxean.
Jakina, hori argi dago. Emazteagatik izango ez balitz, ez nituzke saskibaloian 45 urte aktibo egingo, inondik inora. Altsasun saskibaloi koordinatzaile 38 urte inguru egingo nituen. Horri beste taldeetan ibilitako urteak eta Nafarroako Saskibaloi Federazioan egindako lana ere gehitu behar zaio. Emazteak ordu asko sartu behar izan ditu etxean ni saskibaloian ibili ahal izateko.
Zure asteburuak guztiz beteta egongo ziren.
Azken urteetan batez ere kirol eskoletako taldeekin ibili naiz, eta eskoletako partidak larunbatetan jokatzen dira. Partidak Altsasun jokatzen zirenean, 9:00etatik 14:00ak arte egoten nintzen Zelandin, tarteka 16:00ak arte, eta Iruñera edo beste tokietara irteten ginenean, 7:00etatik 15:00-16:00etara. Iruñeko kategoria nagusiko beste taldeetan ibili nintzenean, batzuetan Bilbora joan behar ginen, edo Donostiara, Errioxara... ordu gehiago ziren.
Aurten Iosu Mendiola Marañonek hartu du zure lekukoa CBASK-eko saskibaloi koordinatzaile gisa. Nola ikusten duzu?
Sekulako poza da, kluba esku onetan dago. CBASK-eeko beteranook, Gonzalo Ruedak, Fermin Herrerok eta nik neronek, beti genuen kezka hori, norbaitek hartu behar zuela gure lekukoa. Urteak aurrera doaz, 70 urte beteko ditut aurki, eta argi dago gazteek hartu behar dutela ardura, bestela honek guztiak akabo. Aurkezpenean horrenbeste gazte inplikatuta ikusteak izugarri poztu ninduen. Banekien jende gaztea klubean inplikatuko zela, baina espero baino gehiago izan dira ardura hartu dutenak, eta eskertzekoa da. Ez dira soilik entrenatzaile izango, baizik eta baloreetan hezitzaileak, urte hauetan guztietan saiatu garen moduan.
"Gazteek lekukoa hartu dute; horrenbeste gazte inplikatuta ikusteak izugarri poztu ninduen"
Hain zuzen ere hori nabarmendu zuten CBASK-eko taldeen aurkezpenean. Garrantzitsuena neska-mutilak balioetan hezi eta trebatzea dela, eta saskibaloian ongi pasa dezatela.
Hori da. Partidak jokatu baino lehen beti esaten nien jokalariei: “ongi pasa, disfrutatu”. Hori da garrantzitsuena, ongi pasatzea eta gustuko duzun kirola egitea. Eta, azkenean, uste dut lortu dela. Urte luze hauetan Altsasun sortu den saskibaloi azpiegitura sendoa da. Espero dezagun jarraikortasuna izan dezala, eta posible bada, hobetu dadila.
Joan zen denboraldian emakumezkoen CBASK Xabi Gorriz Tattoos senior taldea sortu zen, lorpen handia. Bestalde, gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoko CBASK Narum Fisioterapia taldeak aurrera darrai.
Emakumezkoen taldeak lehen senior mailan jokatzen du eta serio ari da. Garrantzitsua izan zen taldea ateratzea. Bestalde, CBASK Narum Fisioterapiak gizonezkoen Bigarren Maila Interautonomikoari eusten dio. Hurrengo pausoa Lehen Maila Interautonomikora igotzea litzateke, baina kirol lorpenaz gain, hori aurrekontuen araberako erabakia litzateke. Nolanahi ere, egungo jokalariak gazteak dira, batzuek ikasketak bukatu eta lanean daude, eta horrek taldeari jarraikortasuna eman diezaioke, atzetik datozen gaztetxoek ikus dezaten etorkizunean non jokatu badutela.
Partida egunetan Zelandira hurbiltzen jarraituko duzu?
Jakina! Saskibaloia jarraitzea gustuko dut. Larunbatetan Zelandin partidak daudenean gerturatuko naiz, eta nik entrenatutako jokalari batzuk jarraituko ditut, egun Iruñean daudenak. Saskibaloiak eman didan gauzarik garrantzitsuenetako bat urte hauetan guztietan egindako lagunak dira. Ezagun eta lagun asko ditut Nafarroako Saskibaloi Federazioan, Nafarroako beste klubetan... eta hori saskibaloiak eman dit. Saskibaloian ezagunak izateak ahalbideratu izan du aukera gure zenbait jokalariei jarraipena egiteko aukera gehiago izatea, saskibaloian saltoa egin dezaketen edo ez ikusteko. Naiara Diez edo Iñigo Zabalo izan dira gurean trebatutako jokalaririk nabarmenenak. Egun, CBASK-en trebatutako Naroa Navasket taldean dago, eta nik uste dut etorkizuna izan dezakeen jokalaria dela.