Guaixe astekaria ostiralero etxean jasotzearen "erosotasuna" aipatu du altsasuarrak.
1. Zergatik egin zarete bazkide? Zergatik orain?
Egia esan, nire etxean, gurasoen etxean, eta baita Aritzen etxean ere, bazkide izan dira eta astekaria izan dute. Gure etxera joan ginenean Internetetik irakurtzen genituen albisteak eta egun batean Instagramen post batean edo story batean ikusi genuen: Egin zaitez bazkide! Eta konturatu ginen ez ginela bazkide, eta egitea pentsatu genuen. Abendu erdialdean izan zen.
2. Beraz, aurretik astekaria eta webgunea irakurtzen zenuten.
Bai, bai. Ohitu gara gurasoen etxera joaten garenean GUAIXEa ikustera eta begirada bat ematera, baina gaur egun mugikorrarekin edo ordenagailuarekin edo dena delakoarekin albisteak edo intereseko gauzak irakurtzen genituen, eta paso egin genuen.
3. Bazkide egiteko urratsa falta zitzaizuen.
Hori da. Post hori ikusi genuen, eta pentsatu genuen: nola izan daiteke oraindik bazkide ez izatea! Horregatik eman genuen urratsa.
4. Zer da gehien gustatzen zaizuena astekaritik?
Haur bat izan dugunetik jaiotzen atal hori asko gustatzen zaigu; GUAIXEa ireki eta hori da ikusten dugun lehenengo gauza. Gero dena irakurtzen dugu, Aritz kirolen atalarekin hasten da lehenengo, baina dena begiratzen dugu. Azkenean, herriko edo zonaldeko gauzak ezagutzen ditugu, baina Sakanan gertatzen direnak ez dakizkigu eta horretarako ere erabiltzen dugu, Sakanako parte garelako.
5. Espero ez zenuten zerbait topatu duzue?
Bai, eta batzuetan zerbait ikusi izan dugu existitzen zela ere ez genekiena; horrelako sentsazioa izan dugu.
6. BELEIXE IRRATIA ezagutzen duzue? Entzuten duzue?
Noizbait entzun izan dugu, baina ez asko, egia esan. Lanagatik edo arloagatik ikastetxeen podcastak egiten direnean saio hori entuzten dut, baina ez dugu asko entzuten.
7. Zer abantaila ikusten duzue bazkide izatean edo astekaria etxean jasotzean?
Batez ere erosotasuna astekaria etxean duzulako eta informazio guztia eskura duzulako. Badakigu badirela abantaila batzuk fundazioko bazkide izateagatik, lagunek eta ondokoek esan digutelako. Bazkide egin ginenean komentatu zizkiguten pixka bat gainetik, baina ez genituen ezagutzen. Horren harira ere, perfekto.
8. Zerbait aldatuko zenukete edo faltan sumatzen duzue?
Galdera oso zaila iruditzen zait; ez dakit erantzun zehatz bat emateko aukera dudan. Nik uste herraminta oso potentea eta polita dela komunikabide osoa orokorrean Sakanako egunerokotasuna ezagutzeko. Bizi garen gizartean azkartasunak botere handia hartu du eta nire lan alorrera eramanda, hezkuntza, ikerketek diotenez hizkuntza eta irakurketan zailtasunak suertatzen ari direla ikasleengan eta nire ikasleak, nerabe eta gazteak, ez dituzte horrelako albisteak irakurtzen edo, besterik gabe, ez dute irakurtzen. Orduan, nik herraminta hau oso interesagarria ikusten dut beraientzat, baina agian gehiegi da. Orduan, publiko hori bilatzen bada edo publiko horri zuzentzen badizkiogu edukiak modu eskuragarri edo sintetikoago batean erakutsiko nituzke; ni albistean sartzen naiz eta irakurtzen dut, baina badakit nik lan egiten dudan ikasleek ez dituztela irakurriko, eta, beraz, ez dakite hori gertatu denik. Azkartasuna eta eduki laburragoak eta sintetikoagoak bilatzen direnez, hori aukera bat izan daiteke. Edo Whatsapp difusio kanal bat. Horrelako ideiak bururatu zaizkit.
9. Zer egin zenuten bazkide egiteko?
Webguneko bazkidetzeko atalean sartu ginen eta hor izen emate horretan datuak sartu nituen. Korreo bat heldu zitzaigun eta kontaktuan jarri ziren. Oso azakarra izan da.
10. Zer espero duzue hemendik aurrera?
Nahiz eta gu agian bazkide berandu egin, GUAIXE FUNDAZIOAk aurrera jarraitzea eta prozesu honetan parte hartzea. Baita eguneratuta egotea ere.
11. Jendea bazkide egitera animatzen duzue?
Bai, noski. Eta inoiz ez da berandu. Egin beharko gara esaten genuen beti, eta azkenean beste modu batera ikustera ohitzen gara, baina mugikorren ezin dituzu eduki guztiak ikusi, eta astekaria izatea ongi dago ere.