1. Guaixe Fundazioko bazkide beteranoenen zerrendan zaudete. Zergatik egin zineten bazkide?
Hemen, Sakanan, ez zegoen halako komunikabiderik, gure bailarako albisteen berri emango zuenik, eta egitasmo oso polita iruditu zitzaigun. Eta, gainera, euskaraz. Garai haietan Irurtzunen ez zen euskara gehiegi entzuten, orduan hasi zen euskararen gaia pixka bat mugitzen. Beraz, Guaixe sortu eta nola ez ginen bertako bazkide egingo?
2. Aizpea Euskara Taldeak lan handia egin du euskara sustatzeko. Zuek eta zuen ingurunekoak, Iratxo elkartean elkartzen zinetenak, baita ere. Orduko Irurtzunek eta gaur egungoak, ez dute zerikusirik.
Bai, hala da. Euskara bulkatzeko lan handia egin da Irurtzunen urte askoz, eta fruitua nabaria da. Aizpeako kidea ere izan naiz, eta antolatutakoetan parte hartu izan dugu beti.
3. 29 urte etxean Guaixe jasotzen. Gustura jasotzen al duzue?
Sakana guztian gertatutako kontuez enteratzen gara, eta gustura hartzen dugu. Etxarriarra izanik, gure aldeko berriak begiratzen ditut, baina oro har albiste guztiak begiratzen ditut.
4. Senarra, berez, ez da euskalduna. Guaixe irakurtzen al du?
Nik baino gehiago ulertzen du (kar-kar). Berak ere Guaixe irakurtzen du, gustura. Semea eta biok euskaraz entzutean gutxika euskara ulertzen joan da, eta euskara ikasten ere egon zen urtebete inguru.
5. Guaixe ez da soilik paperezko aldizkaria. Beleixe irratia du, Guaixe.eus webgunea, Sare Sozialak... Interneten sartzen al zara albisteak irakurtzera?
Ez, ni teknologia horietan ez naiz oso iaioa. Nahiago dut paperezko Guaixe irakurtzea.
6. Zer gustatzen zaizu gehiena Guaixetik? Zein sekzio edo atal?
Guztia. Elkarrizketak, erreportajeak, gizartea, kirola, kultura... gai guztietan dut interesa, Sakanako jendeari buruzko albisteak direlako, hemen gertatzen diren gauzak. Denetatik ulertzen dut pixka bat, eta guztiari erreparatzen diot.
7. Zerbait faltan botatzen al duzu?
Horrela, bat-batean... ez zait ezer burura etortzen.
8. Urte hauetan guztietan Guaixek izan dituen aldaketak (hilabetekaritik astekarira pasatzea, maketa eta diseinu aldaketak, idazteko moldean aldaketak, Guaixe online, Sare Sozialak...) ongi etorri direla deritzozu? Guaixe garai berrietara ongi egokitu dela?
Bai, zalantzarik gabe.
9. Guaixe Fundazioaren Beleixe irratiak (FM 107.3) Etxarri Aranatzen du egoitza. Entzulea zara?
Lehen bai, asko entzuten nuen Beleixe, eta orain ere, baina ez horrenbeste. Sakanako albisteak entzuteko aukera polita eskaintzen du.
10. Guaixeko bazkideek, Sakanan euskarazko toki komunikabideak sustatzeaz aparte, beste onura batzuk dituzte: Guaixe-Beleixe txartelarekin beherapenak eta hobariak Sakanako zenbait komertziotan, eta errenta aitorpenean desgrabatzea. Guaixekoa urtero 60 euroko kuota da, baina Nafarroako Gobernuak %80an desgrabatzen duenez, finean urtero 12 euro ordaintzea da.
Bai, oso positiboa da, alde guztietatik begiratuta: etxean Sakanako albisteak jasotzen ditugu, euskaraz, kalitatezko medio batean; txartelarekin onurak ditugu, errenta aitorpenean desgrabatzen du, eta euskara sustatzen dugu.
11. Sakandarrak Guaixe Fundazioko bazkide egitera animatuko al zenituzke?
Jakina! Oraindik Guaixeko bazkide ez direnak, anima daitezela. Ematen dutena baino gehiago jasoko dute bueltan. Hasieratik gara bazkide, eta hala jarraituko dugu.