Lanengatik San Pedro bidea kalea trafikora moztuko dute

Guaixe 2024ko urt. 15a, 13:36

Autoak ur hornidura sarea berritzeko lanen ondotik pasatzen.

Ilbeltzaren 17tik, asteazkenetik, aurrera izanen da eta hilabete inguru itxita egonen da.

Herrigunetik Dantzalekura arteko ur hornidura sarea berritzeko lanak abendu erdialdean hasi ziren. Hasierako lanak baso inguruan egin dira, baina handik Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutura eta Iñigo Aritza ikastolara eta herrira arteko ur hornidura sareak ere berritu behar dira. Langileek lan horiek egoki egin ahal izateko, San Pedro bidea kalearen 47. zenbakitik bi ikastetxeetaraino daraman bidegurutzera arteko kale zatia itxita egonen da trafikoarendako. 


Lanengatik itxiko den kale zatia. UDALA

Ondorioz, ibilgailuak Erburua kalea eta institutu arteko bidea erabili beharko dute. Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, debeku horretatik salbuetsita daude Txioka Haur Ikastolari zerbitzua ematen dion eskola garraioa eta kaltetutako espazioan dauden etxebizitzen jabeak. Lanak despeditzean, udalak kalea atzera ere trafikora zabalik dela jakinaraziko du.