Udalak beharrezko jo du "lan osasun eta segurtasunean aurrerapauso nabarmenak ematea"

Guaixe 2024ko urt. 17a, 10:59

Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Aldi berean, "elkartasuna eta atsekabea adierazi die lan istripua izan eta hildako altsasuarraren familia, lagun, lankide eta gainerako gertukoei"

Eraikuntzako langile altsasuar bat Arriben hil zen ilbeltzaren 15ean, astelehenarekin. Gizonezkoaren heriotzaren ondoren zabaldutako adierazpenean Altsasuko Udalak “lan istripuak behin betiko desagerrarazteko hartu beharreko neurriak har daitezen” aldarrikatu du. Horrekin batera, udalak lan istripuaren "nondik norakoak argi ditzan eskatzen dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari".

Horrekin batera, Altsasuko Udalak "lan segurtasuna bermatu eta lan istripuak behin betiko desagerraraztea ezinbestekoa" dela adierazi du. “Helburu hori lortzeko, behar-beharrezkoa da egungo lan osasun eta segurtasunean aurrerapauso nabarmenak ematea; langile guztien kasuan, eta batik bat egoera bereziki zaurgarrian daudenean". Horregatik, Altsasuko Udalak Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Araudia "zehatz-mehatz eta irmoki betearaztea" exijitu du. Hala izan dadin, udalak dei egin die administrazioari, sindikatuei eta patronalari "elkarrekin lan arriskuen prebentzioaren aldeko praktika onen jarrera izan eta bultza dezaten".

Bestetik, Altsasuko Udalak, "lan istripua  deitoratzeko helburua duten ekimen eta adierazpenekin bat egiten du, hildako herriko semearen familia, lagun eta gertukoei bere hurbiltasun eta samina adierazi asmoz". Gainera, altsasuarrei ere halako ekimenetan parte hartze aktiboa egiteko deia luzatu die.

Erlazionatuak