Nafarroako Parlamentuko Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digital Enpresarialeko Batzordeko kideek Sunsundegui bertatik bertara ezagutu zuten ilbeltzaren 17an, asteazkenarekin. Honako parlamentariak joan ziren Altsasuko lantegira: Ana Elizalde eta Angel Ansa (UPN), Javier Lecumberri (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Mikel Asiain (Geroa Bai), Maribel Garcia Mayo (PP) eta Miguel Garrido (Contigo). Enpresa Foru Gobernuarekin eta Volvo Busesekin batera lantzen ari den proiektu estrategikoa, etorkizuneko planak eta hazkunde aurreikuspenak ezagutzea zen.
Legebiltzarreko ordezkaritzari harrera egin zioten Jose Ignacio Murillo Sunsundeguiko zuzendari exekutiboak, Felix Aramendia zuzendari nagusiak, Andrey Solntsev zuzendari komertzialak, Raquel Murillo Volvo proiektuaren arduradunak, Patxi Iraizoz Giza Baliabideen arduradunak eta David Trevejo Batzordeko presidenteak.
Sunsundeguik Volvo Busesekin egindako akordioaren ondorioz, haren bi autobus modelo karrozatuko dira Altsasun. Akordioak, batetik, teknologia transferentzia eta diseinu eta manufaktura prozesua barne hartzen ditu, fase horretan daude gaur egun, eta, bestalde, horniduraren transferentzia. Enpresako arduradunek iragarri zutenez, plana 2024ko maiatzean ekoizpenari ekitea eta egunean 2 unitate fabrikatzeko erritmoa lortzea da. Horretarako, 9 eta 12 hilabete arteko prozesua egin beharko da pixkanaka. Iraizozek azaldu zuenez, "ibilgailu elektrikoak karrozatzeko lanean ari gara dagoeneko, aurten garatzen ari direnak eta, hasiera batean, 2025ean merkatuan egongo direnak. Guretako funtsezko aldaketa da, aldaketa teknologikora eta zero emisioetara egokitzea suposatzen baitu ".
Akordio horri esker, enpresak bere egungo ekoizpen ahalmena handitu ahal izango du, eta egunean 3 unitate izatetik 4 izatera pasako da, urtean 783 unitateko edukiera lortu arte (2023an 328 unitate izan ziren). Hori lortu ahal izateko 720 langile beharko ditu enpresak. Bere aurreikuspena da 140 milioi inguruko salmentak izatea.
Adierazpenak
Aramendiak azaldu zuenez, "gaur egun Sakanan enplegu gehien sortzen duen enpresa gara, 430 langile ditugu". Esan zuenez, "akordio horrek datozen lau urteetan zuzeneko zein zeharkako langileak kontratatzea ekarriko du, 400 eta 500 pertsona artean, "komunitateari ekarpen sozial handia eginez". Gaineratu zuenez, "Volvo Busesekiko lankidetzak inguruko ehuna biziberritu eta dinamizatuko du, eta, horri esker, ia bikoiztu ahal izango dugu egungo plantilla, akordio honek eskulan kualifikatua handitzea eskatzen baitu", baloratu zuen Aramendiak. Ildo horretan, berdintasun-planekin enpresa biziberritzea aipatu zuen: "Langile berrien % 30, gutxi gorabehera, emakumeak dira, eta pixkanaka gora egiten ari gara; horrek esan nahi du emakumeen plantilla nabarmen handitu dela".
"Volvo proiektuak dakartzan plantilla-gehikuntzei" aurre egiteko, enpresak akordio bat sinatu zuen Nafarroako Gobernuko Ekonomiaren eta Enpresen Garapeneko Departamentuarekin, eta langile kualifikatuak kontratatzeko lanbide-profilak hautatzeko eta prestatzeko programa bat jarri zuen abian, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin eta Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako Plangintza eta Integrazio Zerbitzuarekin batera. Parlamentariek Nafar Lansarek antolatutako ikastaroak ezagutzeko aukera izan zuten. Iraizozek esan zuenez, "programa horiek irtenbide bat eskaintzen diote langileak erakartzeko zailtasunari, lan-merkatuan duten urritasunagatik eskatzen diren profilekin; izan ere, enplegu-aukera bat dira sektoreko langileentzat, kualifikazioaren bidez eta haien lanbide profilak gure karrozeria industriaren beharretara egokituz".