Txorongo Txarangak haren sare sozialetan bota zuen albistea (@txarangatxorongo): "Berri txarra: 25 urtez Altsasuko inauterietan jotzen aritu ondoren, aurten gure txarangak ez du joko Geroa Bairen erabaki aldebakar eta kazikeagatik; guri ere jakinarazi gabe". Hodei Alegre Txorongo Txarangako kideak azaldu duenez, Sakanako eta beste tokietako udalak eta herriak txaranga kontratatzeagatik eskerrak emateko publikazioa "lehenagotik" zuten idatzita: "Urte berriarekin argitaratu behar genuen, baina gainean berri hau etorri zitzaigun, ez genuela ez astearte ez piñata inauterietan parte hartuko".
Publikazioa, beraz, baliatu behar zutela ikusi zuten: "Herri eta udal guztiei eskerrak eman nahi genizkien, baina Altsasuko Udalari esker ona emateko ez dugu gogorik, ez digulako inolako arrazoirik eman". Elkarbanatu zituzten hiru publikazioetan "gure haserretik azaltzen genuen 25 urte gure txaranga bertan jotzen egon ondoren, nola egun batetik bestera, moztu egin den guztiz". Udalak ez zien jakinarazi ez zirela inauterietan egongo, "ez dugu jakin guk deitu arte".
GUAIXE eta BELEIXE Altsasuko Udalarekin harremanetan jarri dira, eta Altsasuko kultur teknikariak azaldu duenez, "azken urteetan Eztanda Txaranga sortu da, gehienak musika eskolan ikasleak izandakoak dira, eta udalak musika eskolaren barnean duen helburuetako bat da musika eskolan sortzen diren musikariak eta taldeak bultzatzea. Iortian entseatzen egon dira eta orain musika eskolara entseatzera joan dira, eta baliatu behar da beraiekin hitzarmen bat egiteko; udalari dagokion sustapen lanagatik eta laguntza bezala. Egitura bat egon behar da, eta inauterietan haiek joko dute".
Alegrek azaldu duenez, Txorongok ez zuen udalarekin hitzarmenik: "Baina gure ustez 25 urte inauterietan jo ondoren eta batzordeak dagoeneko gurekin hurrengo urtean hau eta beste hau egin behar dugu hitz egin ondoren, ulertzen da egongo garela". Egun batetik bestera hartutako erabakia izan dela kritikatu du musikariak.
"Erru osoa edo kritika botatzen diogu udalari"
TXORONGO TXARANGA
"Ezin zaio errurik bota etorriko den txarangari, inolaz ere. Errua ez da beraiena. Erru osoa edo kritika botatzen diogu udalari. Kultur teknikariari ere, baina gehienbat Geroa Baiko kultur zinegotziari". Kultura batzordearen presidentea Peio Jimenez Geroa Baiko zinegotzia da. "Guk dakigula beraien barne kultura bileretan ez da gai honi buruz hitz egin eta ez da gai honi buruz ezer jakin, orduan, ez da ongi jakin nondik datorren". Udalarekin harreman zuzena zutela esan du, hau da, kultur teknikariarekin ez dutela inoiz hartu emanik izan.
Formak
Urte berrian sartuta Txorongo Txarangako kideek ikusten zuten udalak ez ziela aurrekonturik eskatu ezta inauterietan jotzeko prest zeuden ere galdetu. "Publikazioak publikatu baino egun bat lehenago txarangako kide batek kultura zinegotzia deitu zuen eta berak esan zion ez genuela joko, gure ustez, eskuak garbituz ez zuelako inolako arrazoirik eman, eta erantzuna nahiko anbiguoa izan zen". Beraiek deitu behar izan zuten ez zutela joko jakiteko.
"25 urte inauterietan egon ondoren, euripean, elurrarekin eta abarrekin, eta herriarendako urtero elkarteekin elkarlanean Aita Barandiaran egoitzan eta Josefina Klinikan jotzen dugu, Gazte Asanbladak pandemiako jai arraro horietan jotzeko esan zigun eta aurrekontua txikia izan arren, herriko festak zirenez eta herriko jendea zenez atera ginen". Enpatia falta ez dutela ulertzen eta horregatik haserre daudela esan du Alegrek.