Astekaria

Altsasuko txokoak 'sketchcrawla'-rien ikuspuntutik

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2024ko urt. 23a, 12:27

Gorka Belasko Euskal Herriko SketchCrawl taldeko kidea marrazten. UTZITAKOA

Urtarrilaren 27an, larunbata, 82. Sketchcrawla Euskal Herria taldearen topaketa izanen da Altsasun. Marrazkilariak herriko hainbat txokotan ariko dira "ikusten dutena" marrazkietan islatzen. "Hausnarketa" tartea ere izanen dute.

Marrazki maratoia bezala itzuli daiteke SketxchCrawl delakoa, Gorka Belasko Euskal Herriko SketchCrawl taldeko kideak azaldu duenez, nahiz eta itzulpen literala "marrazketaren mozkorraldia" hitz jokoa dela azaldu. Jardunaldi oso bat marrazketari emana da, azken finean, marrazkilari taldeak proposatzen duena, eta Euskal Herriko SketchCrawlen 82. topaketa Altsasun eginen dute ilbeltzaren 27an, larunbata. 10:00etan Foru plazaren kioskoan bilduko dira.

Euskal Herriko SketchCrawl talde irekia, parte hartzailea, horizontala eta hierarkiarik gabekoa dela azalu du Belaskok. Dinamika italiar batek sortu zuen Californian "halako burutazio baten ostean, eta nazioartean egiten den deialdi bat da: "Munduan zehar leku desberdinetan denok batera eta aldi berean marrazteko". Askotan datak "justu-justu" ez dutela bat egiten azaldu du Belaskok, baina mugimendua mundu mailakoa da. "Batzuetan bertako ekitaldi edo jaialdiak baliatzen ditugu topaketak antolatzeko". Esaterako, Iruñeko sanferminetan egin izan ohi dituzte topaketak.


Euskal Herriko SketchCrawl taldea Elorrioko topaketan; Gorka Belasko eskuinean. UTZITAKOA

Euskal Herriko taldea 2012. urtean sortu zuten Iruñeko bi emakumek. Ordutik, hiru hilabetean behin elkartzen dira, urtaroekin bat eginez: "Orain negukoa izango da, gero apirilean udaberrikoa egingo dugu, udan beste bat eta urteko azkena urriaren amaieran udazkenekoa egingo dugu". Negukoa Altsasun izango da, ilbeltzaren 27an. Zergatik Altsasu? "Saiatzen gara herrialde guztietatik pasatzen, zoritxarrez falta zaigun bakarra Zuberoa da, baina beste guztietan deialdiak egin ditugu". Edozeinek herri bat proposatu dezakeela azaldu du Belaskok. "Herri edo hiri horretan egun oso bat marrazten egoteko aukera egotea bilatzen dugu bakarrik, baliabide nahikorik egotea. Ez dago ia beste araurik". Herri "oso txikietan" egon dira, Nafarroako Zubiri, Bizkaiko Ea edo Gipuzkoako Aramaio, esaterako, baita hiriburu guztietan ere, Maulen izan ezik. Altsasuren kasuan marrazteko aukerak ematen ditu, "gai desberdinei buruz hitz egiteko aukera ematen du", eta ondo kokatuta dago, "zentralitatea du".

"Topaketan hori lantzen dugu: begirada; oso irudi ezberdinak sortzen dira leku berean"

Altsasu
"Gaiak libreak eta irekiak dira. Deialdia egiten dugu, aldez aurretik egitaraua prestatzen dugu eta proposamenak ematen ditugu. Elkartzen gara eta gero bakoitzak nahi duena marrazten du. Leku zehatz batean oso begirada desberdinak egon daitezke. Guk hori lantzen dugu: begirada. Nola begiratu leku bat, espazio bat, eta oso irudi desberdinak sortzen dira toki berean". Altsasun alde zaharra, eliza, Foru plaza, eskultura, trena, Iortiaren inguruan... "Badaude berez interesgarriak diren eraikinak, lekuak eta espazioak". Bestetik, "momenturen batean" taberna bat ere interesgune bihur daitekeela azaldu du marrazkilariak: "Izan daiteke kide batzuk zerbait hartzen ari direla eta hori marraztea. Edozein gauza eta edozein egoera izan daiteke marrazteko baliagarria". Belasko Altsasun egon zen "proposamenak egiteko", baina gero marrazkilariek berak ikusi ez zuena edo sumatu ez zuena proposatu dezakete ere. "Hori da horrelako deialdi batek daukan abantaila. Batzuetan leku bat egunerokotasunean itsusia, kaxkarra edo apurtuta dagoela eman dezake, baina marrazkilari batek horrekin oso irudi ona lor dezake".

"Altsasun berez badaude interesgarriak diren lekuak eta espazioak"

"Bizitza" haien irudietan sartzea "aukera bat" dela azaldu du Belaskok. "Altsasura lagun batzuekin joan nintzen topagune delako, erdigune horretan dagoenez, Sakana inguruan elkartzen garelako. Batbatean kalean dagoenarekin topatu ginen, musika, banda jotzen, eta orduan kalean edo herrian momentu horretan gertatzen dena harrapatzen dugu". Aldez aurretik aurreikusia ez bazegoen ere. "Begi aurrean dagoena harrapatzen dugu, gertatzen ari dena". 

Topaketetan koadernoetan egiten dituzten marrazkiak "sareetara igotzea" proposatzen diete parte hartzaileei. Bakoitzak nahi duen sarean argitaratzen ditu, nahi duen traolarekin eta testuarekin. "Partekatzea gure ezaugarrietako bat da, eta egiten ditugun ekarpenak partekatzen ditugu". Taldeak ere blog bat du, Euskal Herria's SketchCrawl, "eta Altsasun landuko dugun gaietako bat hori izango da, nola landu bloga, nola egin biziagoa...". Sare sozialetan ere "boladak" daudela esan du Belaskok, "eta batbatean badirudi blogak ez duela bizitzarik, eta orain dena 'reel'ak izan behar direla". Aldaketekin bat egiteko "komunikaziorako baliabideak" eguneratu behar dituztela azaldu du marrazkilariak. "Une honetan dugun helburuetako bat da. Taldea bizirik eta indartsu dago, baina batzuetan eguneratzeko beharra dago".