Aurten 60 urte bete dituztenek kinto ospakizuna izanen dute Santa Ageda egunean. Estreinakoz adin horretako kintada batek emakumezko buruzagiak aukeratu ditu: Itziar Perez de Villarreal Uribe eta Josune Mazkiaran Irigoien. Aurrena kanpoan bizi denez, ezin du zortzikoaren dantza entseguetan egon bai, ordea, Mazkiaran. Eta, berarekin batera, kintadako ospakizun batzordeko kide diren Nani Iriarte, Maribel Fernandez, Kasilda Lopez de Muniain eta Erkuden Imaz ere entseguetara joaten dira.
Azaldu dutenez, "kinto emakumezko bati duela urte batzuk bururatu zitzaion emakumezko buruzagiak ere aukeratu beharko genituzkeela, bere garaian ez genuelako egin. Aurten 60 urte betetzen ditugula eta ospakizuna antolatzen hasi ginenean, hala egitea erabaki genuen: emakumezko buruzagiak aukeratzea". Gaineratu duenez, “urteurrena hurbildu ahala, kinto bazkarietan planak egiten hasiak ginen: buruzagiak aukeratu, emakumezkoak dantzatuko gara... Pixkanaka ondu dugu, eta aurrera doa".
Ospakizun batzordean erabaki zuten emakumezko buruzagiak aukeratzea, errege egunean, "kinto zozketa bera eginez, baina aurtengo kintoei protagonismoa kendu gabe". Hau da, aurtengo kinto buruzagiak aukeratu baino ordu erdi lehenago alkateak banatutako karten bidez aukeratu zituzten buruzagiak. Mazkiaranek esan duenez, "aukeratua izan nintzenean txantxa ugari egin zituzten. Baina ilusioa egiten dit. Eta abantailaren bat ere badugu, esate baterako: gainontzeko kinto guztiei zapiak jartzea. Gainera, zortzikoa dantzatuko dugu". Astelehenean zortzikoa dantzatuko dute Iriartek, Lopez de Muniainek, Mazkiaran eta Perez de Villarrealek. Imaz eta Fernandez dantzara mutilak ateratzeaz arduratuko dira.
Ziurtatu dutenez, "1983an pentsaezina zen emakumezko buruzagiak aukeratzea. Gauza handia zen egunen batean kafera eta behin afaltzera gonbidatzea. Buruzagiak aukeratzearena denborarekin eta bilakaerarekin sortu da". Esan dutenez gizonezkoek ez diete inolako trabarik jarri: "uste dugu haiek ere garai hartan egon zen harresia hausteko gogoz zeudela; guztian lagundu digute".
Bidea zabaldu dute, baina ez dakite 1984 emakumezko kintoek bidea egiten jarraituko duten, "ez dugu inorekin hitz egin" zehaztu dute, "baina espero dezagun pausotxo horiek ematen segitzea; bilakatzen segi dezala, eta bere garaian parte hartu genuena baino gehiago parte hartzen".
Santa Ageda
Otsailaren 5a aurten astelehena da. Eguerdian Foru plazan jarri dute hitzordua. Txistulariak lagun dituztela, hilerrira joanen dira, hildako kintoei lore eskaintza egitera. Ondoren taberna batean auzate txiki bat izanen dute zain. Emakumezko buruzagiek aukera hori baliatuko dute kinto guztiei ospakizuneko zapia jartzeko. Ohi bezala, udaletxe pareko eskaileretan talde argazkia eginen dute. Elkarte batean bazkalduko dute. 67 izanen dira mahaiaren bueltan eseriko direnak. Bik oraindik zehaztu gabe dute asistentzia. Kintadak askoz ere kide gehiago ditu. Pena bakarra dute, "Santa Ageda astelehena da, jende askok lan egiten du eta bi egun jai hartu behar ditu. Zaila da, ulertu beharra dago".
Musikak jasoko ditu mahaitik. Baina ezin izanen dute elkarteko egonaldia gehiegi luzatu, Foru plazara bueltatu eta, zortzikoa dantzatu beharko baitute. Behar bezala dantzatzeko boskotea ilbeltzaren 8az geroztik entseatzen ari da. "Baina astelehen eta asteazkenetan joaten gara, harmailetan jende gutxien dagoen egunetan. Ahal duguna egiten dugu".