Kanpoan ikasten ari diren beste hainbat kinto bezala, hitzordura ezin izan dute agertu beste bi buruzagiak: Lexuri Urteaga Carreño eta Naroa Bereziartu Aiestaran. Burunda frontoian egin dugu hitzordua, dantza entseguaren aurretik. Giroan urduritasuna eta ilusioa nabari dira. Buruzagiek jakinarazi dutenez, guztia prest dute dagoeneko.
Buruzagi izateagatik adarjotze asko jaso dituzue?
Iker. Bai. Azkenean, onartzen duzu. Tokatzen dena da, norbaiti egokitu behar zitzaion.
Hegoi. Ez da amesten den kargu bat, kia. Karta bat hartu eta tokatu bazaizu, tokatu zaizu. Kargua onartu eta Santa Agedarako gauzak prestatzen hastea da kontua.
Errege egunetik gaur artekoak zer moduz?
I. Batez ere bazkariak, afariak non egin, parranda non egin lotzea. Ondoren hainbat gauza txiki ere: zakutoak hartu, astoa, udaletxera hots egitea... Txikikeriak, baina egin beharrekoak.
H. Zerrenda luzea da. Lehendabiziko hastetik hasi ginen guztia prestatzen.
I. Eginbeharreko ia guztia bukatuta dugu. Egunerokotasunean sortzen direnak, baina dena prest dago.
Zer moduz dantza entseguetan?
H. Ongi. Ia kinto guztiak entseatzen aritu gara egunero, asteburuak izan ezik. Entseguetan ongi ikusten dugu gure burua, dantza onak egiten.
Kanpoan ikasten dutenek entseguetara etortzeko aukera izan dute?
H. Batzuek bai, besteek ez dute lortu. Esaterako, Ikerrek Zaragozan ikasten du. Ezin izan da egun batzuetan etorri, baina saiatu da entsegu guztietara etortzen.
Zaragozan bideoak ikusten entseatzen imajinatu behar zaitugu?
I. Zortea izan dut, hemen egun askotan egon naiz. Dantza nolakoa den, hona etortzea... Kanpoan egonda gehiago entseatzea beharrezkoa da.
Zer esaten dizuete dantza irakasleek?
H. Ongi ikusten gaituzte. Hasieran esan ziguten pixka bat hanka motzak ginela. Astero ikusten dute prozesua, nola hobetzen dugun. Esan digute, gutxi gorabehera ongi dakigula. Orain gauzak borobiltzera!
Ikusle pila etortzen dira zuen entseguak ikustera.
I. Ostiraletan frontoiak plaza dirudi, dena beteta egoten da.
Jantziak, makila, azpila... horiek ere prest?
I. Bai. Dena prest. Argazkiak ateratzen egon ginen eta guztiok dena genuen.
Senideren batek aurretik erabilitako zerbait eramanen duzue?
I. Horrelakorik ez dut. Nire kasuan familiako lehena naiz, beraz, dena berria eta dena egiteko nuen.
H. Osabaren makilatik zapiren bat hartu dut. Dirua eskatzeko azpila ere osabarena. Beste guztia nik bakarrik egin dut. Argazkiak eta guztia eginda dut.
Santa Ageda bezperan hasten zarete, ezta?
I. Meza egoten da eta kintoak joaten dira. Ondoren herrian barnako kalejira egiten dugu, bosterako prestatzeko.
Astelehena, egun handia.
H. Dagoeneko batzuk urduri gaude. Ni, behintzat, bai. Baina, tira, hor bertan dago.
Zein da Santa Ageda egunerako duzuen plana?
H. Lehendabiziko egunean, goizetik lasai hartu, zeren bestela gero eguna luze egiten da. Dantza garaian ongi eta lasai egotea. Gero ateratzen dena aterako da.
Zein ordutan gelditu zarete astelehen goizean?
I. Oraindik ez dugu ofizialki lotu, baina 06:00ak aldera hasi beharko gara, dirua hartzeko.
H. Gero gosaldu eta 09:00etan udaletxe parean agertu eta aginte makila hartu.
Herrian barna hasiko zarete ondoren.
I. Bai. Kintoak eskean eta buruzagiok astoarekin, opilak banatzen. Desberdina, baina polita ere. Aurten kinto bakoitzak bere opila egin du, diru gehiago ateratzeko. Hainbeste ez garenez, hori egokia zela iruditu zaigu.
H. Bazkaltzeko ordua berandutuko zaigu. Opilak banatu ondoren, 16:00ak aldera joanen gara. Zeren, bestela, plazan dantzatzen hastea berandutu eginen da.
Santa Ageda egunean beste kinta batzuek dantzatzen dute, ezta?
I. Bai. 25. urteurrena egiten duten kintoek eta 60 urte bete dituztenek gurekin batera dantzatzen dira. Gutako batzuek lehenik, ondoren beraiek.
Zer iruditzen zaizue 1983ko kintoek aurten emakumezko buruzagiak aukeratzea?
H. Ongi. Azkenean, guri pixka bat berdin zaigu nola egiten duten haiek.
I. Denak aurrera egin behar du, eboluzioa naturala da. Beraz, dena aurrera.
Laguntzaileak zein dira?
I. Andoitz eta Haizea. Hasieratik gurekin entseatzen egon dira. Kintako parte dira.
Aurreko larunbatetako kafeak, gaueko kinto topaketak, zer moduz?
H. Guztion artean oso ongi moldatzen garenez, oso gustura egon gara kafe horiek hartzen.
I. Larunbatean azkena dugu, ongi bukatzeko eta bosterako dena prest uzteko.
Gauetan elkartuko zareten tabernak zein dira?
H. Astelehenean Xume, asteartean Lezea, ostegunean Koxka eta ostiralean Haritza. Larunbatean denak irekita egonen dira.
Asteazkena saltatu du?
I. Bai, beharrezkoa atsedena hartzeko, eta ostegunean eguna hobe hartzeko.
Altsasuarrendako, eta ez direnendako, mezuren bat?
H. Guztiak batera plazan egoteko, kinto oso onak izanen baitira. Eta kintoak pila bat animatzeko.
I. Beti eskertzen da gurekin eskuzabalak izatea.