Txerria, ospakizunaren erdigunean

Guaixe 2024ko urt. 31a, 11:30

Elkartekideak saltxitxoiak egiten.

Ohiko txerri hiltzea irudikatu zuten La Encina Extremadurako kultur elkartean ilbeltzaren 27an, larunbatean. 

Elkartearen egoitzara hilik eramandako txerria ederki zatituta eta bere kontserbaziorako poltsetan egoki gordeta zuten eguerdirako. Teodoro Perez Camara izan zen ehun kiloko txerria zatitzeaz arduratu zen. Haren esanetara makina bat elkartekide izan ziren. Zatietako batzuk egunean bertan dastatu zituzten, baina, gehiena elkarteak aurten antolatuko dituen ospakizunetan dastatuko dituzte. 

Maria Gallardo txorizo eta saltxitxoietarako haragiari espeziak botatzen ari zen bitartean, laguntzaileek haragia nahasten aritu ziren eguerdian, tartean Belen Marquina, Patricia Calero eta semea zeuden. Saltxitxoia egiteko txerrikiari intxaur muskatua, Ruca etxeko gehigarria, piperbeltz beltza eta baratxuria gehitu zizkion. Txorizoak egiteko haragiari, berriz, baratxuria, gatza, piperrauts gorri gozoa, oreganoa eta ardo txuria gehitu zien. Haragia eta espeziak ongi nahastu ondoren une batez ontzen utzi zituzten. Marquinak eta Calerok azaldu zutenez, Gallardok haien lana erraztu egiten zuen. Berak aitortu zuenez, antolatutakoa behar bezala atera dadin lan egiten du sukaldean, gero berak arrautza frijituak jan behar baditu ere. 

Ordura arte lanean zeuden guztiak elkarteko barrara hurbildu ziren, aldameneko sukaldetik frijitutako txerriki, urdai frijitu eta saltxitxoi frijitu kazolatxoak ateratzen hasi baitziren. Hamaiketako ederraren ondoren, txorizoak eta saltxitxoiak egiten hasi ziren. Gallardok azaldu zuenez, neurria hartuta diote eta urtero 36na txorizo eta saltxitxoi egiten dituzte. Bakoitzerako dozena bat kilo txerriki erabiltzen dute. 

Sukaldariak eguna behar bezala prestatu ahal izateko ilbeltzaren 25ean, ostegunean, hasi ziren lanean. Orduan postrerako gozoak egin zituzten: erroskillak, kañak, perrunilloak eta bizkotxoak. Hurrengo egunean bazkarirako espeziak eta bestelakoak txehetzen egon ziren, lana aurreratzeko. Larunbatean elkarteko sukaldean hiru eltzeko ederretan mahaira eseri behar ziren 75 pertsonendako bazkaria prestatzen ari ziren. Eltzeko batean txitxirioak zeuden, sakramentuekin. Beste batean aza eta atzenekoan zoparako salda. 

Hemezortzi urte 
La Encina elkarteak Iruñea etorbidean du egoitza. Udalak emandako irekitzeko baimenak 2006ko martxoaren 6ko data du. Beraz, elkartearen egoitzak aurten hemezortzi urte bete ditu. Hala ere, Extremadurako kultur elkarte altsasuarrak egoitza izan zuenerako makina bat jardun antolatuak zituen, 2001an sortu baitzen. 

Gaur egun elkarteak 45 kide ditu. Jesus Cidoncha Zambrano lehendakariak jakinarazi zuenez, pandemiaren ondorioz bazkidetza jaitsi egin zen. Elkarteak mantentzen dela eta aurrera egiten duela gaineratu zuen. Pozik zen txerri hiltzea irudikatzeko data egonkortu eta hitzorduan beti jendeak erantzuten duelako. Ohi bezala, La Encinaren hitzorduak Extremadurako beste erregio etxeetako kideak erakarri zituzten. Aurten, Gasteizkoak. 

Elkartearen hurrengo hitzorduak zerrendatu zituen Cidonchak. Hurbilenak inauteri batzordearekin elkarlanean aritzea izanen da.  Gainontzeko elkarteek bezala, torradak eginen dituzte herri inauteri egunean Gure Etxea eraikinean saltzeko. Emakumearen Nazioarteko Eguna ere ospatuko dute La Encinan, bazkari ederra aurreikusi dute. Maiatzerako dardo txapelketa aurreikusi dute. 

Joan zen urteko festetan, estreinakoz, La Encinakoak festetako ostiralean txarangarekin ibili ziren. Goizetik iluntzera arte girotu zituen txarangak, eta peñen jaitsieran ere parte hartu zuten. Gustuko esperientzia izan zen eta aurten errepikatu eginen dute. Cidonchak aurreratu zuenez, larunbaterako hartu nahi dute txaranga. Izan ere, festetako larunbatetan La Encinak beti hamabietakoa eskaintzen du eta txaranga hura alaitzen egotea nahi lukete. Irailean, berriz, Guadalupeko ama eta kultur astea ospatuko dituzte.