Bigarren edizioa du ‘Altsasu 1936’ liburuak

Guaixe 2024ko ots. 7a, 09:33

Liburuaren aurkezpeneko une bat. ARTXIBOA

Aurreneko edizioko 900 aleak agortu egin dira eta 500 gehiago argitaratu dituzte. Argazki funtsa sortuko da.

Altsasu Memoria taldeak Altsasu 1936 (2023, Altaffaya) Amaia Urkijo Artolak eta Iosu Imaz Primek idatzitako liburua argitaratu zuen joan zen urtean. Historia memoriako liburu horretan Altsasun 1900 eta 1950 urteen artean gertatutakoa jaso dute, bereziki erreparatuz 1936ko estatu kolpearen ondoren herriak bizi izandako errepresio olatuari. Egileek liburua azaroaren 23an aurkeztu zuten eta harrera ona izan zuen. Hain ona bi hilabeteren buruan ale guztiak, 900, agortu direla eta liburuaren bigarren edizioa kalean dela. Beste 500 ale argitaratu dituzte. 

Erakunde altsasuarreko kideak Nafarroako Memoria Institutuarekin harremana dute, eta Historia Memoriako zuzendari Josemi Gaston Aguas liburuaren aurkezpenean izan zen. Liburua egiteko Urkijok eta Imazek makina bat argazki erabili zituzten. Orain Altsasu Memoriak institutuarekin akordioa itxi du eta "Altsasu memoria" argazki funtsa sortuko du. "Liburuan daudenak eta kanpo gelditu ziren argazkiak egonen dira funtsean. Institutukoekin batera zein argazki egon behar duten funtsean eta zein ez aukeratu beharko dugu. Bide batez, argazkiak betirako esku onetan gordeak geldituko dira", azaldu du Imazek. Dagoeneko lanean daude. 

Erlazionatuak