Altsasu Kirol Elkarteko Zuzendaritza Batzordeak otsailaren 6an komunikatu ofiziala argitaratu zuen, otsailaren 2an Dantzalekun gertatutakoa salatzeko. Talde erregionaleko emakumeak entrenamendua amaitu eta aldageletara dutxatzera joan zirenean, aldageletako atzeko leihoan pertsona bat edo gehiago zelatan zeudela konturatu ziren, telefono mugikorrarekin eurei argazkiak ateratzen edo grabatzen. Altsasu Kirol Elkarteak salaketa jarri zuen, eta Foruzaingoa gertakariak aztertzen ari da.
Altsasuko Udala
Salatutako gertakarien inguruan Altsasuko Udalak udal adierazpena egin du. Udalak "irmotasun osoz gaitzetsi nahi du sexu eraso larri hau, eta gure laguntza eta babes osoa adierazi nahi diegu erasoa jasan duten emakumeei eta beren gertukoei". Halaber, Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduna koordinatzeko Sakanako I. Lurralde Protokoloan jasotakoa betez, Udalak baliabide guztiak jarri ditu emakumeen eskura. Horretaz gain, erasoa udal-instalazioetan gertatu denez, Udalak beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu horrelakorik berriz ez gertatzeko.
Altsasuko Udalak egin duen adierazpenean gaineratzen denez, eraso hau "ezin da ulertu gertaera isolatu edo salbuespen gisa. Indarkeria matxista emakumeek eta gizonek bizi duten desberdintasun egoeraren adierazpen gordina da. Beraz, orain arte bezala, aurrerantzean ere emakumeen aurkako eraso oro gaitzetsi eta lanean jarraituko dugu, herriko elkarte eta eragileekin lankidetzan, emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi ahal izateko eta gizarte berdinzalea lortzeko".
Halaber, Altsasuko Udalak herriko Mugimendu Feministak antolatu ditzakeen mobilizazioekin bat egingo duela aurreratu du, eta herritarrei parte hartzeko deialdia egin die.
Altsasuko Mugimendu Feminista
Altsasuko Mugimendu Feministak ere "irmoki" salatu nahi izan du Altsasuko futbol taldeko neskek jasotako eraso sexista, "eta gure babes osoa adierazi nahi diegu. Oraindik ere kaleetan, aisialdian zein kirola egiten, neska gazteok eraso sexistak, gure gorputzen hipersexualizazioa eta bestelako erasoak jasan behar izaten ditugu, eta aski da!" nabarmendu dute. Feministok argi dute sistema honetan "ezin dela bizi, eta horregatik antolakuntza feministarako deia egiten dugu, saretu, elkar zaindu eta indarkeria matxistari autodefentsa feministaz erantzuteko".
Ernaik eta Itaiak ere elkartasuna azaldu diote Altsasu Kirol Elkarteari.
Futbolaren mundua, Altsasurekin
Altsasu Kirol Elkarteak komunikatu ofiziala zabaldu bezain pronto gertatutakoaren berri jaso zen komunikabideetan, Sakanakoetatik eta Euskal Herritakoetatik hasita estatuko beste txoko askotara zabaldu zirenak. Klubak elkartasun olatua jaso zuen. Nafarroako Futbol Federazioa buru, kirol klub taldeen babesa jaso du Altsasu Kirol Elkarteak, tartean Lagun Artea klubarena, eta beste asko: Antiguoko, Txindoki, Zumadia, Tudelano, Irun, Marcilla, Sesma, Castejon, Artajones, Vlle de Egües, Lagun Artea, Burlades, Orvina, Ciber Altsasu, Lourdes, Txantrea, Lauburu, Fustiñana, Oberena, Amigo, Antxoa, Azkoien, Arga Ibaia, Rotxapea, Sanduzelai, Ardoi...
Altsasu Kirol Elkarteak bere sareetan jasotako elkartasun mezuak "bihotzez" eskertu ditu.
Kintoen babesa
Altsasu Santa Ageda ospakizunetan murgilduta dago. Ildo honetan, Altsasuko kintoek, astearteko zortzikoak dantzatu ondoren, "eraso guztien aurrean, kintoak zuekin!" zihoen pankarta zabaldu zuten, Altsasu Kirol Elkarteko elastikoak erakustearekin batera.